Hotza eta euria ez dira bizikletaren bidelagun onak. Eguraldi txarra egiten duenean nagikeriaren erruz bazter batean uzten da bizikleta, normalean, eta beste garraiobide batzuen aldeko hautua egiten da. Hori apurtu nahi du bizikleta kapotak. No te enfries Gasteizko enpresak merkaturatu du.
Veltop izeneko kapota sinplea bezain praktikoa da lehen begiradan. Bizikletaren eskulekuan eta eserlekuaren azpian oinarria ezarri, eta, ondoren, hagaxka batzuen bidez plastikoa zabaltzen da. Bizikletaren gainean zirkulu erdia osatzen duen estalkia sortzen da horrela, txirrindularia bularretik gora edo burua behintzat —eredu ugari daude—erabat babestuta utziz. «Lehendabiziko egunean ordubete inguru behar da guztia muntatzen. Behin oinarria jarrita duzula, ordea, minutu bat nahikoa da berriz erabili nahi duzunean plastikoa ateratzeko», azaldu du Emilio Garciak. Bi kidek osatzen dute No te enfries enpresa: David Riok eta Garciak berak.
Prezioa jaisteko asmoz
Enpresaren izenak asmakizunaren izanari egiten dio ohore. Baina hotzari bakarrik ez, euriari aurre egiteko ere balio du bizikletentzat diseinatutako estalki bereziak. Horretan pentsatuz haizetakoak ere baditu kapotak. «Interneteko eztabaida batean haizetakoak garbitzeko eskuilarik ba ote duen galdezka dabil jendea. Autoan ura ez labaintzeko likidoa bota izan diot nik; baliagarria izan liteke», dio Garciak. Asmakizuna edozein bizikletetan erabil daiteke, nahi izanez gero. Hala ere, enpresariak paseoan ibiltzeko bizikletekin pentsatuz egina dagoela aitortu du: «Mendikoekin baino askoz ere politagoa geratzen da. Eskulekuaren zabaleran dago gakoa. 20 zentimetroko diametroa baino gehiago baditu, zaila da oinarria muntatzea».
Orain dela bi aste pasa merkaturatu zuten veltop-a. Prezioa da buruhauste gehien ematen dizkiena. «290 euroko kostua du. Badakigu ez dela merkea, eta,horregatik, etorkizunean prezioa erdira jaitsi nahi dugu. Baina ez dago gure esku bakarrik». Gizabanakoei saltzea baztertzen ez duten arren, enpresekin edo Gasteizko Udalarekin akordioa egitea da euren lehentasuna: «Kalean alokairuan dauzkaten bizikletetan zabaltzea aukera ona izan liteke».
Zeruari begira, euria noiz egingo zain pasatzen dute denbora Garciak zein Riok, kapota estreinatzeko gogoz. «Gezurra badirudi ere, azken egun hauetan behin bakarrik egin du euria. Ez dirudi Euskal Herria. Lagun batekin ur botila hartu, eta probak egiten ere ibili ginen behin, txantxetan».
Enpresako bi kideen arteko adar jotzeak izan ziren inspirazioaren sorburu. «Gasteiz 2012ko Europako hiriburu berdea izendatu zutela-eta urte osoan ibili ahal izateko bizikleta lortu behar genuela esan genion elkarri». Esan eta egin. Kapota ez da merkaturatu duten produktu bakarra, ordea. Erretzaileengan pentsatuz kalean jartzeko eurek diseinatutako berogailu elektrikoak izugarrizko arrakasta izaten ari da Gasteizen. Skate elektriko batekin ere lanean dabiltza.
Euritarako bizikleta
Bizikletentzako kapota merkaturatu dute bi gasteiztarrek. Hotzetik eta euritik babestu egiten du txirrindularia plastikoz egindako estalkiak, eta aise muntatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu