Komunikazioa

«Europa bere balio propioekin inkoherentea dela erakutsi nahi nuen»

Mikel Rotaetxe BERRIAko kolaboratzaileak Eurobask kazetaritza saria jaso du

Mikel Rotaetxe, atzo, Eusko Legebiltzarrean, Eurobask saria jasotzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako Batasunarekiko piztutako «haserre handiak» eraginda idatzi zuen Mikel RotaetxeBERRIAko kolaboratzaileak Metafisikatik pragmatismora erreportajea. Igandea gehigarrian iazko maiatzaren 6an argitaratutako idatziarengatik Eurobask saria jaso zuen atzo —Nestor Basterretxearen koadro bat eta 3.000 euro—, legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren eskutik.

Europako Batasuna zein helbururekin sortu zen azaldu nahi zion irakurleari erreportajearen bitartez. «Proiektu horren hastapenean zein balio transmititu nahi ziren erakutsi nahi nuen, gero irakurleak ikus zezan gaur egun gure bizitza ekonomikoa, politikoa eta soziala erabat bideratzen eta baldintzatzen duen Europa hau bere balio propioekin inkoherentea dela», azaldu du Rotaetxek. Europako Batasuneko hastapeneko balioak ez datoz bat egungo Europarekin, erreportajean Rotaetxek azaltzen duenez. Europa hiltzen ari dela askotan entzun ohi da egun. «Nik frogatu nahi nuen Europa ez dela hiltzen ari, baizik eta bere buruaz beste egiten ari dela».

Saria jaso ostean emandako hitzaldian, Igandea gehigarriari eskerrak eman zizkion, «artikulua argitaratzeko aukera emateagatik». Gaiari buruzko iritzia azaldu zuen ondoren: «Europa sortu zutenen ideia ez zen, teorian behintzat, egun krisia kudeatzen ari diren moduko erakunde bat sortzea. Urrutiegi iritsi gara orain dena pikutara bidaltzeko; barrutik aldatu behar dugu».

Gaia oso konplexua zela iruditzen zitzaion 21 urteko kazetariari, eta, horri heltzeko, ahalik eta iturri gehien behar zituela konturatu zen. Horixe da, hain zuzen ere, artikulua aberasten duena. «Gainera, profil oso desberdineko iturriak erabili ditut. Berez oso argumentu sendoak daude Europak zer izan behar lukeen eta zer bihurtu den ikusteko». Europako identitatea ikertu duten hainbat autore eta unibertsitateko irakasle kontsultatu ditu kazetariak.

Europako Batasunaren oinarriak azaltzen ditu Rotaetxek erreportajean. Izan ere, kazetariak kontsultatutako adituek historiako une batzuetan gizartea europazalea izan dela baieztatu diote. Bi mundu gerren ondorio latzei aurre egin, eta diktadurak ahaztu eta demokrazia berreskuratzeko giltza gisa ikusia izan da.

Europaren irudi ezkorra

Azken boladan, baina, hedabideetatik iristen diren Europari buruzko berriek herritarrek erakundeaz duten irudiari kalte egin diotela uste du Rotaetxek. «Hori ez da beti horrela izan. Zerbaitek huts egin duelako sortu da». Zertan kale egin duen azaldu baino, Rotaetxek nahiago izan du irakurlea hausnartzera bultzatu, «irakurleak berak pentsa dezan zertan egin duen huts».

Askotariko iturriak erabili ez ezik, hemerotekara ere jo du Rotaetxek datu historikoen bila. Historiako eta politikako gaiak betidanik gustatu zaizkio, eta unibertsitatean aukera izan duen guztietan landu ditu. «Horren ezagunak ez diren datuak ematea gustatzen zait, oinarri historikoa eta politikoa duen informazioaren bila joatea eta gero hori erraz ulertzeko moduan irakurleari eskaintzea».

Erreportajea idazten buru-belarri zebilela izan zuen Eurobask kazetaritza sariaren berri, eta, baldintzak betetzen zituela ikusita, aurkeztea erabaki zuen. Saria irabazi izanaren albisteak «ezustean» harrapatu zuela aitortu du. «Oso pozik» azaldu da, batez ere, aurreko urteetako sarituen profilak kontuan hartuta. «Izen handiko eta nik baino eskarmentu handiagoko jendeak irabazi du aurreko urteetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.