Igor Urrutikoetxea. LABeko nazioarteko idazkaria'

«Europan hiru greba orokor egin dituen estaturik gabeko nazi0 bakarra da geurea»

Krisi kapitalista Europan eta euskal askapen prozesuan' jardunaldien lehen saioan mintzatuko da LABeko kidea. Europa eta herrialde arabiarren arteko aldeak eta Islandiako eredua nabarmentzen ditu.

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Igor Urrutikoetxea (Lezama, Bizkaia, 1975) LAB sindikatuko nazioarteko idazkaria da. Krisi kapitalista Europan eta euskal askapen prozesuan jardunaldietan mintzatuko da gaur, Iñaki Gil de San Vicenterekin batera, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostia). Gaur hasiko dira jardunaldiak eta bihar izango dute bigarren saioa Bilbon. Azkena Iruñean egingo dute, etzi.

Krisiak Europan eragiten dituen protestez arituko zarete, baina herrialde arabiarretan gertatzen ari direnaz mintzatzea saihesterik izango al duzue?

Nahiz eta estuki lotuta egon krisiarekin, herrialde arabiarretan gertatzen ari dena ez da soilik ekonomia kontua. Beste irakurketa oso bat, eta beste jardunaldi bat beharko luke horrek.Beraz Europako Batasunaz arituko gara.

Halere ez diozueinbidiarik Tunisia eta Egiptoko mobilizazio ahalmenari?

Mobilizazio ahalmen izugarria egon da egoera izugarri berezia izan delako herrialde guztiotan. Azken 30 urteotan, gutxienez, buruzagi bera izan dute agintean, eta natur baliabide handiak izan arren, langabezia oso altua da eta lan baldintzak oso eskasak. Gizartean ezinegona sortu dute horiek. Egipton eta Tunisian orain piztu diren mugimendu eraldatzaile hauek, duela bi urte hasi ziren langileen grebekin. Askatasun politikoen gabezia nabarmena gehitu zaio horri, nahiz eta Europako Batasunak eta AEBek erregimen horiek eredu gisa jarri izan dieten beste herrialde arabiarrei.

Europarentzako adibidea, berriz, Islandian ikusten duzu?

Erantzun eredugarria ematen ari dira han. Erakusten ari dira borondate politikoa baldin badago ez dela batere utopikoa erantzuna ematea. Kasu bakarra da Europan. Soilik han jausi da gobernua moblizazioen eraginez.Soilik han erabaki dute erreferendumaren bidez Islandiako bankoek Erresuma Batuarekin zuten zorra ez ordaintzea, eta han bakarrik sartu dituzte krisiaren arduradunak kartzelan edo, behintzat, auzipetu. Ez da kasualitatea Islandiako gertaerei hedabide askotan inongo tarterik eman ez izana.

Krisiaren hasieran, aukera ikusi zuten batzuk Euskal Herriaren burujabetzan aurrera egiteko. Denbora pasa da eta ez du ematen halako mugimendurik dagoela?

Krisiak are nabarmenago utzi du euskaldunok geure estatua behar dugula, gai sozial eta ekonomikoen inguruan erabakitzeko tresna juridikoak eta politikoak izateko. Euskal Herria da, Europan, estaturik gabeko nazio bakarra non hiru greba orokor egin diren gehiengo sindikalak deituta, eta hori ez da kasualitatea.

Sindikatuen aldetik jarrera argi badago ere, jardunaldietan galdera honi erantzun nahi diozue, besteak beste: Sortuko al dira kontraesanak Espainiako burgesia eta euskal burgesiaren talde batzuren artean?

Euskal Herriko alderdiek gizartearen gehiengoaren aldarrikapenei erantzun behar dietela uste dut. Alde horretatik oso kezkatzekoa da euskal eskuinak —EAJ zehazki—izan duen jarrera, ez baita ezertan bereizten PSOEk edo PPk izan duten paperetik. Lan erreforma Madrilen EAJren abstentzioari esker onartu dela gogoratu behar da. Ikusiko dugu orain pentsioen aferan zein jarrera hartuko duen. Orain arteko konplizitatea salagarria da, inondik inora. Eskuinak, Europa osoan, krisia erabili nahi du bere egitasmoa indartzeko eta langileei ordainarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.