Euskal Herriak independentziarako estrategia politiko bati jarraitu behar diola uste du Kepa Anabitartek (Pasaia, Gipuzkoa, 1934). Gaur Bilbon izango da, 19:00etan, La Bolsa aretoan Orreaga Iritzi Taldeak antolatutako hitzaldian.
Zer esan nahi duzu estrategia politikorik ez dagoela esaten duzunean?
Hasteko, helburuak ez daude garbi ezarriak, eta ez dira egokitzen herri honek dituen benetako beharretara. Hala, erabiltzen diren bitartekoak guztiz kontrajarriak dira. Helburuen eta bitartekoen arteko oreka gorde behar da. Erabiltzen dituzun bitartekoen gainetik dagoen helburu bat baduzu, hori ez da estrategia, eta berdina gertatzen da xedea bitartekoen azpitik badago. Erdibidea bilatu behar da, eta hori une bakoitzean beharrezkoa dena neurtzen dakiten politikariek lor dezakete soilik.
Ba al dago estrategia politiko horren falta ulertzeko ezkutuko interesik?
Politikan beti daude interes jakinak. Dibortzioa dago subjektu politiko gisa beren ahalmena erakutsi duten herritarren eta gaitasun falta duten politikariaren artean. Mendeetako akulturazio eta menderatze prozesu baten ondorioa da hori. Politikarien ekintzetan oportunismorako joera dago, epe motzera begiratzeko joera. Ikuspuntu horretatik, esan dezakegu badagoela nolabaiteko interesa goi politika delakotik aldentzeko. Europan independentismoaren alde dagoen joeratik urrundu nahi gaituzte, eta izan ditugun aukera guztiak galdu ditugu. Ideologia inperialistari amore ematen badiogu, ez dugu aukerarik izango.
Nork sortu behar du estrategia? Politikariek ala herritarrek?
Herriak badu gaitasun ideologiko eta estrategikoa. Horregatik, buruzagitza kolektibo bat sortzeko elkarrizketak egiteko betebehar moral eta abertzalea dauka. Egunotan, ikus dezakegu nola ari diren hautesle errolda aldatu nahian. Beste batzuetan, 300.000 pertsona bozkatzeko eskubiderik gabe utzi dituzte. Helburu argiak dituen eta zutik dagoen gizarte batek ezin du hori onartu.
Galdutako aukerez ari zara. Adibidez, 1962an Municheko Kongresuan izan zinen, baina ez zen espero bezalakoa izan.
Eusko Jaurlaritza deuseztatzea ekarri zuen. Municheko Itunaren ondorioek, gainera, oihartzuna izan dute trantsizioa deituriko honetan. Ondorio horiek berean diraute. 1975ean, Municheko baldintzak onartu zirenean, aukera galdu genuen. Herri honetan 1970eko hamarkadan mobilizazio handiak zeuden, ia matxinadetara irisi arte, eta ez genuen lortu gure helburua. Berlingo Harresia erori eta Sobiet Batasuna desegin zenean, beste aukera handi bat izan genuen. Gaur egun ere, estrategikoki bitarteko egokiak jartzeko prest egongo bagina, aukera ona izango genuke.
Prozesu instituzionala frankismoko ageriko okupazioa bezain kaltegarria al da?
Kaltegarria da. Okupazioa berdina da, edo oraindik okerragoa. Engainatzeko ahalmena askoz handiagoa da. Bigarren frankismoan gaude; frankismoa ez da amaitu.
Gernikako Estatutua al da estrategia falta horren adibide bat?
Argi eta garbi. Herritarrak nora ezean ibiltzera bultzatu duen prozesua izan da, etsaiaren estrategiari jarraituta. Ezin da estrategia politiko batetik ihes egin, estrategiarik ez baduzu; etsaiarena erabiltzen ari zara. Agintea ezin da eskuratu inperialismo espainiar eta frantsesaren eskutik.
Kepa Anabitarte. Orreaga iritzi taldeko kidea
«Europan indepentismoaren alde dagoen joeratik urrundu nahi gaituzte»
'De Munich a Gernika' hitzaldia emango du Anabitartek gaur Bilbon. Azken 50 urteetan Euskal Herrian falta izan den estrategia politikoa eta hutsune horrek izandako eraginak izango ditu hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu