Kepa Akixo, 'Zigor'

«Euskal artea borrokari lotua izan da, nahi izan ala ez»

1971. urtean iritsi zen Miarritzera, eta geroztik han bizi da. Aretxabaletako haurtzaroko oroitzapen onak baditu ere, Miarritze da gehien maitatu duen herria.

Joanes Etxebarria.
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Miarritzeko etxean, bere azken eskulturak erakutsi dizkigu. Haur bat bezala begiratzen dituela dio. Altzairuzko kuboak dira, eta bata bestearen gainetik pausaturik ere «funtzionatzen» dutela dio, harriturik, Kepa Akixok (1949, Aretxabaleta, Gipuzkoa).

Zure lanak ba ote du militantziarekin loturarik?

Bai, nire lana oso lotua dago nire militantziarekin; badira zenbait arrazoi horretarako. Lehena, nire militantziarik gabe segur aski ez nintzatekeen sekula hona etorriko. Gero, Euskal Herriko borrokak Remigio Mendiburu eskultore handia ezagutzera eraman nau, eta hori garrantzi handikoa izan da. Beti gauza bera esaten dut, baina lanean ikusi nuenean errebelazio baten antzekoa sentitu nuen fisiko- ki.

Hezkuntza erlijiosoa ukan zenuen. Zer eragin ukan du horrek zugan?

Seminarioan egon nintzen, baina lehenago ere erlijioak bere zuloak egin zituen nigan. Mundu horiek guztiek, erlijioak, naturak... mistikoa egin naute. Gure garaian, asko kristautasunetik marxismora pasa ziren bi minutuan. Nik erlijioarekin lotura handia gorde dut. Orain, nire benetako erlijioa natura da; panteismoa da nire espirituaren salbazioa.

Aretxabaletatik Miarritzera pasa zinen; nolako bi mundu!

Bi mundu izigarri desberdinak dira. Aretxabaletan, nire garaian lurra eta industria nahasten ziren, estilo berezi bat sortuz. Aretxabaletan, haurtzaroa bizi izan dut, haurtzaro zoriontsua baino gehiago! Askatasun osoaren zoriona da dudan oroitzapena; txakurrak bezala bizi ginen, zentzu hoberenean.

Eta Miarritze ?

Maleruski, euskaltzaleek eta abertzaleek ez dute batere ezagutzen. Euskal giroak beti pentsatu izan du Miarritze lau burgesen etxe bazterra zela...

Euskal Herria ez dela ere entzun da...

Akzidente geografiko bat dela. Alta, Miarritze izan da, hemen izan zitekeen neurrian, oso abertzalea, besteak baino gehiago eta lehenago. Hemen zeuden gerlatik ateratako errefuxiatu gehienak, Hazparnen edo Garazin baino gehiago. Gainera, jendeak uste duen baino herrikoiagoa izan da beti. Ez du zentzurik aberatsa izateak pobrerik ez bada. Batzuek nire lagunak kritikatzen zituzten traje eta gorbata janzten zituztelako, baina ez ziren ohartzen norbaiten gidari zirela, hoteletako edo kasinoetako langileak...

Artea aipa dezagun. Nola ikusten duzu euskal arte garaikidearen panorama?

Euskal artea azken 40 urte hauetan borrokari oso lotua izan da, nahi izan ala ez; nahi zutenak eta nahi ez zutenak lotuak ziren borrokari. Gaur ez dut ongi ezagutzen giroa, baina azken hamar-hamabost urteetan uste dut ez dela gehiago horrela. Arteak nahiko luke guztiz aske izan eta deusi ez lotua. Orain, eta irriñoa eragiten dit, borroka edo benetako guda bukatu delarik, zenbait artistaren bidea latzagoa izango da. Gudak berak artearentzat iturri anitz irekitzen zituen; iturri horiek itxi dira, eta beharko da inspirazioa beste nonbait atzeman.

Zuk ere bai?

Ez, nire lana beti naturarekin lotua izan da eta borrokarekin guti. Beti pentsatu izan dudalako artistak behar duela artea egin eta borroka ere bai, baina bi gauza desberdin direla.

Zer eragiten dizu Paul Haim izena entzuteak?

Haren izena entzutean, bihotza berotzen zait. Paul Haim akuilu handi bat izan zen niretzat, arte merkatari handi bat zelako eta nire lana ikusi eta segituan maitatu zuelako; hori pizgarri handia izan da niretzat. Nire lana zabaldu zuen, ni neu indartuz eta aberastuz, ez materialki... nire lanean baizik. Askatasuna zabaltzen zuen gizon bat zen, eta egunero falta zaidana.

Zuk egin duzu bidea. Gaur egun nork lagundu ditzake artista gazteak?

Jakin behar da Arte Ederretatik ateratzen diren ikasleen %90 diseinura edo ikus-entzunezkoetara doazela eta margolaritza eta eskultura munduan %5 edo 6 gelditzen direla. Horietatik gutik irauten dute. Irauten dutenek ere zailtasun handiak dituzte beren lanak erakusteko eta horietatik bizitzeko. Bideo eta instalazioen munduak leku gutxi uzten dio arte plastikoari. Ez dakit gaztea instituzioek lagunduko dutenetz, eta pribatuak... jendeak maitatu bai, baina ez du erosten artea.

Bukatzeko, zer pentsatzen duzu berriki Kalostrapetik [Baiona] gizon biluzien erakusketa bat kendu izanaz?

Jendearen protestak makalak dira. Sasi-beatoak dira. Gaur nork ez ditu ikusi gizon sexuak tente edo makur? Hori ikusi ez duen gizon edo emazterik ez da unibertso honetan. Kalostrapen ibili den jendeak Sixtoren Kapera ikustera joan beharko luke, non zakilak andana bat diren. Uste dut erakusketa hori denetan erakutsi behar litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.