Durangoko Euskal Denda eskulangintza azokak 16. urtea beteko du aurten; «heldua eta zuhurra izango da, nerabezaroan egon arren», Bernat Vidal Arbaso elkarteko lehendakariaren hitzetan. Heldutasunera iristearekinbatera, azokak eskulangileei beraiei eman nahi izan die garrantzia, urte osoan bakarka egiten duten lanari onarpena emateko asmoarekin. Era horretan, Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua lelopean antolatu dute aurtengoa, eta abenduaren 3tik 8ra egingo dute, Durangoko Azoka plazan.
«Artisautza bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturalak bultzatzeko, baita garapen ekonomikoa sustatzeko ere», antolatzaileek adierazi dutenez. Horregatik, Euskal Denda Euskal Herri osoko eskulangileentzako erakustoki aparta izango da. Euskal Herriko 50 eskulangile bilduko dira Durangora, baita Galiziako sei ere.
Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokarekin batera egiten da azoka hau, eta liburu azokak urtero gonbidatzen duen herrialdea ere gonbidatzen du Euskal Dendak. «Iaz, hala ere, arazoak izan genituen gonbidatutako herrialdeko ordezkaritza ekartzeko», zioen Vidalek. Izan ere, joan den urtean Kurdistan izan zen herrialde gonbidatua, eta ezin izan zuten hango eskulangilerik ekarri. Aurten, Galiziatik etorriko dira, eta, horien artean, Idoia Cuesta euskal jatorriko eskulangile galiziarra. Espainiako Eskulangintzako Sari Nazionala jaso du Cuestak, saskiak ehungintzarekin uztartzeko hartu duen egitasmoarengatik; «eskulangintzaren garapenean lan handia egiten ari da», Vidalen hitzetan.
Euskal ordezkaritzari dagokionez, ia herrialde guztietako eskulangileak bilduko dira abenduaren lehen astean Durangoko Azoka plazara. Bizkaitik 27 —horietako zazpi Durangaldekoak—, Gipuzkoatik hamahiru, Nafarroatik sei, Arabatik bi eta Lapurdi eta Nafarroa Beheretik bana. Horien artean, beira alorreko eskulangileak, egur lanketakoak, ehungintzakoak, metalekoak eta elikagaiak lantzen dituztenak izango dira, besteak beste.
Eskulangileei ahots eta irudia
Eskulangileek izango dute garrantzia aurtengo Euskal Dendan, baina ez leloan bakarrik. Kartela ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian, eta bertan hiru eskulangile agertzen dira. Lehen aldiz jarri diote azokaren kartel bati eskulangileen aurpegia. Eta kartelean agertzen diren hirurek azokan bertan garrantzi nabarmena izango dute, zuzeneko erakustaldiak egingo baitituzte. Alex Gonzalez buztinlaria, Amaia Conde egur lantzailea eta Igor Obeso beira lantzailea dira aurtengo kartelaren aurpegi, eta zuzeneko erakustaldiak eskainiko dituzte.
«Niretzat lehen aldia da tailerrarekin etorriko naizena; jendeak bertatik bertara beira puzteko prozesua ezagutzeko aproposa izan daiteke», Obesoren hitzetan. Beira puzteko teknika ez da oso ezaguna Euskal Herrian, eta alde horretatik erakargarria iruditu zaie antolatzaileei haren erakustaldia ere ekartzea. «Su asko erabiltzen da prozesuan, eta alde horretatik jendeari oso erakargarria egiten zaio», Obesok azaldu duenez.
Conderentzat ere lehen aldia izango da zuzeneko erakustaldia egingo duena; aurten, bigarren aldiz izango da Durangon. «Egur lanketan gauza berritzaileak egin nahi ditut, eta hori erakutsiko dut azokan». Horrela lan egiten du Gonzalez buztingileak ere. «Urteetan nire lanak asko aldatu dira, baina diseinua ez dut nik garatu, nire bezeroek baizik», dio. Alde horretatik, abangoardian egotea egunerokotasunaren fruitu dela adierazi du. Eta berak 30 urte daramatza sektore horretan lan egiten. «Garatzeko nahikoa denbora eduki dut, beraz».
Eskulangintzako sariak
2005. urtean hasi zen Arbaso elkartea Euskal Dendarekin batera Artetsu sariak ematen, eskulangintza alorreko lagunei onarpena egiteko asmoarekin. Sari banaketa abenduaren 3an egingo dute, San Agustin kultur gunean.
Lau sari ematen dituzte Artetsu galetan, eta horietatik hiru irabazleren izenak aurreratu zituzten atzo. Era horretan, hedabideetako saria RNE Bilboko Mercedes Fernandez kazetariari emango diote; «aurtengo udan Bizkaiko artisauen inguruan egin zuen erreportaje sailarengatik», Vidalek adierazi duenez. Erakundeei eskaintzen dioten saria, bestetik, Bediako Udalari emango diote, «urteetan artisau azoka umila baina era berean garrantzitsua ere antolatzen jardun baitute», Arbasoak elkarteko lehendakariaren hitzetan. Eta bizita osoaren saria, azkenik, Mariano Santa Cruz eskulangileari emango diote; «urte luzetan Arbasoak elkarteko Arabako arduradun izan zen, eta, era berean, artisau oso garrantzitsua bere alorrean», adierazi du Vidalek. Tradizioak hedatzeagatik eskaintzen duten sariaren garailea, bestetik, ekitaldia egiten duten egunean bertan emango dute, «ekitaldiari sorpresa puntua emateagatik».
Euskal Denda heldutasunera iritsi da
Euskal Herriko 50 eskulangile eta Galiziako sei izango dira aurten Durangon egingo den azokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu