ATZEKOZ AURRERA. Unai Belaustegi. Historialaria

«Euskal errepublikanoen ereduak AEBak eta Suitza ziren»

Errepublikanismoaren inguruan euskaraz idatzitako «lehen liburua» aurkeztu du Belaustegi historialariak Donostian. Kultura politiko horren iraganaz eta gaurkotasunaz jardun du.

Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eibarren egun bat aurreratu ziren, baina gaurko egunez aldarrikatu zuten, 1931. urtean, EspainiakoII. Errepublika. Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923) liburua aurkeztu zuen atzo Unai Belaustegi historialariak (Mutriku, Gipuzkoa, 1983). Historia Garaikidean doktorea da, eta Nevadako Unibertsitatean osatu du tesia, AEBetan.

Zurea errepublikanismoaz euskaraz idatzitako lehen liburua dela diozu. Zergatik idatzi da gutxi horretaz?

Frankistek diktadura ezarri zutenean, errepublikanoak eta edozein aldarrikapen errepublikano debekatu egin zituzten. Isilpean egon edo atzerrira joan, ez zuten beste irtenbiderik izan. Berrogei urteren buruan, oso mugimendu politiko edo sozial gutxi geratu ziren ideia errepublikanoak defendatzeko. Oso garai latzak izan ziren. Horregatik, monarkia konstituzionalaren alde egin zuten alderdi gehienek. Hori edo diktaduran jarraitzea aukeratu behar izan zuten. Historiagintzaren egoera gizartearen isla da.

Urteurrenarekin, bandera hori- gorri-moreak ikusiko dira, agian abertzaleen eskuetan. Zergatik ez du jendeak ikurrina errepublikaren bandera gisa identifikatzen?

Ekitaldi abertzale edo euskaltzaleetan ere ikusten dira Espainiako Errepublikako banderak, haren alde borrokatu zirenen oroigarri gisa identifikatzen direlako. Badirudi ahaztu egiten dugula gerran asko euskal errepublika baten alde borrokatu zirela ikurrinarekin. Euskal nazionalismoa errepublikanoa da berez, teorian behintzat, ez duelako euskal monarkiarik irudikatzen.

Frantziak ez al du erakusten errepublika batean egoteak ez duela zertan, berez, euskaldunen eta euskararen mesederako izan?

Askotan idealizatu egiten dugu errepublika, eta Frantziak erakusten du ez dela arazo guztien konponbidea. Garai hartako euskal errepublikanoen erreferentzia nagusia ez zen Frantzia izan, baizik eta errepublika federalak, batez ere Ameriketako Estatu Batuak eta Suitza. Deszentralizatua eta autonomian oinarritua nahi zuten errepublika, euskal errepublikanoak foruzaleak zirelako. Mugimendu politiko moderno, demokratiko eta laiko gisa definitzen du bere burua errepublikanismoak. Elizaren eragina politikagintzatik eta gizartetik banandu beharko litzatekeela dio. Batez ere ezkerrarekin identifikatzen ditugun ezaugarriak dira.

Noiz hasi ziren errepublikano batzuk espainiar nazionalista bihurtzen?

Badut hipotesi bat, oraindik oso ondo frogatua ez badut ere: errepublikanismoaren bilakaera aztertuta, konturatzen ari naiz euskal nazionalismo oso katolikoa agertu zenean, harekiko konfrontazioan, errepublikanismoaren mugimendua espainiartuz joan zela, eta euskaltzaletasuna gutxituz joan zela: foruzaletasuna baino gehiago, autonomismoa aldarrikatzen hasi ziren.

Euren burua errepublikano haien oinordekotzat duten asko monarkiazale dira orain. Zein ibilbide izan dezake horiek proposaturiko federalismoak?

Errepublikanismoa ulertu gabe federalismoa ulertzea ezinezkoa da. Harritu egin naute autonomiaren kontuari erantzuteko federalismoa proposatu dutenek, sistema monarkikoa zalantzan jarri gabe. Hau da: monarkia ez dugu ukituko, baina herriaren autonomia aldarrikapenei erantzuna emango digu, eta erantzun horri federalismo deituko diogu. Proposamen horiek oso ahulak iruditu zaizkit beti, eta federalismo hori nolakoa izango litzatekeen zehaztu gabe dagoela. Planteamendu hutsalak dira, hasiera batean. Gogoeta gehiago behar dute, eta, ziur asko, hobeto landuz joango dira errepublikanismoa gehiago aztertzen dugun heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.