Euskal giroan sartuta, Baionan barna

Askoren ustez, zaila izaten da euskal giroa atzematea Baionako bestetan. Bestelakoa da Baionako herritarrek eta ingurukoek diotena: behin jakinda nora joan, ezin da atera.

Baionako besten hasieran, ikurrina ikusgai. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itsaso zuri-gorrian barna, uharte ugari aurki daitezke Baionako bestetan. Bertan topo egiten dute bertakoek eta bertakoak ez diren bestazaleek. Bertakoak masaren itoaldia saihesteko xedez doaz uharte batetik bestera. Bertakoa ez dena kasualitatez edo baten aholkupean iritsi da. Hala dio Tolosako (Okzitania) Remi Chouleurrek: «Euskal Herriko lagunei segika ari naiz egun osoan; alde batetik bestera eramaten naute, eta, egia erran, bikainki pasatzen ari naiz». Bestez zuen irudia aldatu zaio: «Baionako besten irudi bat izan daiteke, baina, nora joan dakizunean, beste besta batzuk deskubritzen dituzu. Bestaren kultura badela ohartzen zara; hemengo jendearentzat ez da zernahi egitea, besta egitea baizik». Merkatuko ostatuari gogor loturik dio hori Chouleurrek. Bere azken hitzak zer edan nahi duen galdezka heldu zaion laguna erakutsiz lagundu ditu: «Hara! Hori erran nahi nizun; oraintxe ezagutu dut Pierre, eta lehendik zuri eta niri ari gara».

Minutu batzuk geroago, Pierre Etxemendi hazpandarra irri zabal batekin etorri da, hiru garagardorekin: «Merkatuko ostatua bezalakoetan atzematen dut gustatzen zaidan besta egiteko moldea. Hor errespetuz egin daiteke besta, euskaraz manatu, eta urte osoan ikusi ez ditudan lagunekin topo egin». Haren hitzetan, «beharrik» halako leku ugari badiren oraindik: Sankara, Txosnagunea, Pyrenees.... Gonbidapen bat ez baita ezeztatzen, Errobi gurutzatu, eta Sankara ostatua da hurrengo heldulekua. Bidaxuneko Haitz Agirrebarrena gazteak honela dio: «Aurten lanean ari naiz txosnetan. Baina bestak egiten ditudanean bakarrik ateratzen naiz karrikara. Nora joan dakizunean ez da hobeagorik». Eta segitu du: «Egia da ezagutzen ez dituenarentzat jende masak beldurtzen ahal duela, karriketan ikusten dena ez dela urte guzian ikusten, baina nora joan dakizunean... beste besta batzuk dira». Ezagun bat agurtu, Epaiskan itzuli bat, Monbar hotela zenaren aurretik pasatu, oroitu, eta Kixkil ostatuan gera daiteke bisitaria. Han dira Mikel Outeral eta Polo Marcone gazteak. Marconek hala esan du: «Gauean, atezainak gara beste ostatu batean, eta egunez, euskal ostatuen itzulia egiten dugu; ezin pentsatua da ez egitea, eguneroko programa dugu». Outeralek gehitu du: «Gaur, gainera, 30 urte bete ditut. Aita eta ama ere etorriko dira, eta ziur eguneroko ostatu euskaldunetan egongo garela».

Ostatuetatik Patxara

Kixkiletik abiatu eta Pyrenees ostatutik igarotzea ezin saihestua da Baiona Ttipitik pasatzen denarentzat. Jende jarioaren erdian kokatzen bada ere, euskal giroa pil-pilean atzematen ahalko da bertan. Ostatu gehienek barra kanpoaldean ematen badute ere, Pyrenekoek barnekoa irekirik atxikitzen dute. Unai Duhalde bezeroa argi mintzo da: «Eskerrak halako ostatuak baditugun; jendea barnean kantuz aritzen ahal da, musikariak sartzen dira, eta batzuetan hamar gaitero dituzu barnean; bezeroak ezin sartuz eta musikariz betea da ostatua». Duhalderentzat, hori dira Baionako bestak: «Euskal giroan gozatzea. Guretzat erabat naturala da, eta kanpotarrarentzat deskubrimendu ikaragarria izaten da». Gehitu du, gainera: «Urteetan zenbat turista ez ditudan ikusi gaiteroei, bertsolariei edo kantuz ari zirenei sakelako telefonoarekin grabatzen». Duhalderi segika, trinketeko karrika hartu, eta Patxako soinua entzuten da. Han bi txosna eta agertoki bat aurki daitezke. Murruak, eta banderola, afixa eta pintaketaz beteak diren lekua da Patxa. Han, Angeluko Eric Bernadouk honela dio: «Urtero berdin gertatzen zait; bi egunerako etorri, eta joatea ezinezkoa zait». Bestetako garagardo merkeena omen da bertan. Lanean ari den Unai Imbert gazteak nabarmendu du: «Garrantzitsua da guk ere karrika edo besta okupatzea, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak antolatzea, bertso saioak, kontzertuak, txarangak, bazkari alaituak». Argi du Imbertek: «Badakigu Baionako bestak nolakoak diren, baina ezin pentsatua da guretzat besta hauek ez egitea. Gureak ere badira; Baionan bizi gara urte osoan, eta bost egunotan ere bertan bizi behar dugu. Euskaldunak bagaude, nahiz eta guti izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.