Donostiako Aste Nagusia

Euskal Herria dantzez azaldua

Goizaldi dantza taldeak dantza ikuskizuna eskaini zuen astelehenean Konstituzio plazan. Euskal Herriko hainbat lekutako dantzak dantzatu zituzten: esaterako, agurra, ezpata dantza, Lekeitioko kaxarranka eta Zuberoako maskaradako pauso batzuk. Jendetza batu zen ekitaldia ikustera.

Euskal Herriko dantza ugari dantzatu zituzten Goizaldi dantza taldeko kideek astelehen iluntzean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Aste Nagusian euskal dantzek duten garrantzia ukaezina da; horren erakusle dira Konstituzio plazan Aste Nagusian egunero dantza taldeek ematen dituzten ikuskizunak. Astelehenean, esaterako, Goizaldi dantza taldeak eskaini zuen ikuskizunean, Euskal Herrikodantzez gozatzeko aukera izan zen, han bildu zirenen gozamenerako.

Iluntzeko zortzietan hasi zen emanaldia, baina ordubete lehenago jada beteta zeuden plazan jarritako aulkiak. Eserita zein zutik zegoen jendea giro onean kontu kontari ikus zitekeen.

Esaterako, Joxe Apaolaza eta Maribel Perez de Eulate senar-emazteek jada zazpietarako euren lekua hartua zuten, eta arretaz irakurtzen ari ziren antolatzaileek emandako egitaraua: «Urtero etorri ohi gara dantza ikuskizunetara, eta hemen sortzen den giroa asko gustatzen zaigu», zioten. Hain zuzen, garrantzitsutzat jo zuten horrelako ekitaldiak Aste Nagusian antolatzea: «Ekitaldi hauek galduko balira, Aste Nagusiak asko galduko luke. Ekitaldi hauek euskal kulturaren parte direnez gero, geureak ere badira».

Esertzeko lekurik aurkitu ez bazuten ere, ikuskizuna hasteko zain zeuden Bego Oria eta Maddi Uranga ama-alaba zumaiarrak: «Ahal dugun guztietan ikusten ditugu horrelako ekitaldiak; euskal dantzek aberastasun kultural handia ematen diote euskal kulturari».

Agertokiaren atzean jarritako oihalaren atzean zeuden, berriz, dantzari protagonistak; han zebiltzan jantziak janzten, ondokoari laguntzen edo pausoak entseatzen. Aritz Salamanca taldeko zuzendaria alde batetik bestera zebilen taldekideei laguntzen eta aholkuak ematen. Urduritasuna nabaria zen kideen artean; izan ere, Konstituzio plazan dantzatzea «oso berezia» izan ohi da eurentzat: «Guretzat urteko ikuskizunik garrantzitsuena da. Aste Nagusian etxean dantzatzea oso berezia da, eta Konstituzio Plazan dantzatzeak sentipen hori oraindik bereziagoa egiten du».

Dantzariak ere dantzatzeko gogoz zeuden, nahiz eta urduri ere bazeuden. Hala ere, hasierako urteetan «urduriago» egon ohi zirela aitortu zuen Ane Bengolainek. Eneko Munarrizek, berriz, ekitaldian urtero parte hartzea «ohore handia» izan ohi dela esan zuen.

Dantza asko ikusgai

Zortzietan puntuan hasi zen ikuskizuna, eta agertokira irtendako lehen dantzariek euskal dantza klasikoenetakoa den agurra dantzatu zuten. Jarraian, Euskal Herriko dantzak eskaini zituzten: «Dantza guztiak ezagutu eta jaso diren bezala eskaintzen ditugu», adierazi zuen Salamancak ekitaldiaren aurretik.

Hasierako tartean Gipuzkoako dantzak eskaini zituzten, hala nola ezpata dantza eta brokel dantza, baina bertaratu zirenek Bizkai, Nafarroa Behere zein Zuberoako dantzak ikusteko aukera ere izan zuten: «Probintzia bakoitzeko dantza esanguratsuen arabera banatu dugu ikuskizuna», azaldu zuen Salamancak.

Ikusleek dantza guztiak txalotu zituzten, baina izan ziren bereziki une gogoangarriak ere. Adibidez, Baztango (Nafarroa) sagar dantza egin zutenean ikusmin handia sortu zen, batez ere dantzariek erabili zituzten sagarrak jende artera bota zituztenean; Lekeitioko (Bizkaia) kaxarranka dantzak ere txalo zaparrada luzea ekarri zuen, eta agintariena dantzaren amaieran dantzariak makurtu eta ikurrina altxatu zutenean, asko izan ziren euren eserlekuetatik gogor txaloa joz altxatu ziren ikusleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.