Euskal Herria, harresizko herria

Harresiak edo harresi zatiak dituzten Euskal Herriko herrien gida osatu du Sua argitaletxeak 'Guía de los pueblos amurallados' liburuan. Orotara, 50 herri aipatzen dira argitalpenean.

Inguruan oso txertatuak daude hainbat harresi. Buradon Gatzagan, esaterako, harresiak eta etxeek bat egin dute, eta harresiko horma etxe bilakatu da. SUA EDIZIOAK.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Dubrovnik (Kroazia), Carcasona (Okzitania) edota Avila (Espainia) oso ezagunak dira, ia herri osoa babesten duen harresi handi, zahar eta ikusgarriak dituzten herriak direlako. Euskal Herrian ez dago mundu osoan ezagun egin den harresirik, baina egon badira harresi eta hormatzar berezi eta ederrak. Harresi horien aztarnen atzetik ibili da Hektor Ortega historialaria, eta liburu batean bildu ditu Euskal Herrian direnak: Guía de los pueblos amurallados (Harresidun herrien gida). Sua Edizioak argitaletxeak kaleratu du liburua, Euskal Herria bildumaren barruan.

Ortegak zehaztu duenez, «Euskal Herria ezagutzera ematea da Euskal Herria bildumaren helburuetako bat. Zerbait maitatzeko, lehenengo, ezagutu egin behar baita. Harresiak Euskal Herriko ondarearen zati oso interesgarriak dira, historia oso sakonak dituzte, eta gure iragana ezagutzen laguntzen digute». Hala, haiek guztiak liburu bakar batean jasotzea garrantzitsua eta interesgarria zela pentsatu dute Sua Edizioak argitaletxeko lagunek.

Jende askok uste duenaren kontrara, uste baino harresi gehiago daude Euskal Herrian. «Historiaren une jakin batean, funtzio bat bete zuten harresiek. Baina funtzio hori galtzen joan diren heinean, harresiak desagertzen joan dira. Hainbatetan, guztiz desagertu dira, eta beste batzuetan, harresi zati batzuk geratu dira», zehaztu du egileak.

Euskal Herrian diren harresietako batzuk oso agerikoak dira, baina beste hainbat lekutan harresiaren zati bat baino ez da geratzen edo ingurura guztiz integratuak daude, eta, beraz, «oharkabean» pasatzen dira. Antoñanan, Guardian edo Labrazan (Araba), kasu, harresiek eta etxeek bat egin dute, eta harresiko hormak etxearen aurreko aldeak bihurtu dira; hala, asko ez dira ohartu ere egiten horma horiek harresiaren zati direnik. Horregatik, harresi guztiak «bistara» jarri nahi izan dituztela argitu du egileak.

Orotara, harresiak dituzten Euskal Herriko 28 herriren informazio zabala eta osatua jaso du Ortegak liburuan, eta harresi zatiak dituzten beste 30 herri ere aipatzen ditu, modu laburrago eta xumeagoan.

Sei ataletan bereizi ditu herri harresidunak: Kostalde harresiduna, Hiriburuko zitadelak, Sonsierra, Arabako muga, Euskararen lerroa eta Aduana herriak.

Euskal kostaldeko bost herritako harresien historia jasotzen da lehen atalean. Egileak kontatu duenez, Erdi Aroaren bigarren zatitik aurrera, garrantzi handia hartu zuen euskal kostaldeak, eta, beraz, tokiko herriak babesteko harresiak eraiki ziren. Hondarribikoa (Gipuzkoa) da «ezagunena». XVI. eta XVII. mendean, setio garrantzitsuak jasan bazituen ere, zati garrantzitsuak gordetzen dira, eta beste zati batzuk lehengoratzen ari dira. Donostiako eta Lekeitioko (Bizkaia) harresiak ere aipatu ditu, besteak beste, lehen atal horretan.

Baiona, Donibane Garazi eta Iruñeko zitadelek osatu dute liburuaren bigarren atala.

Nafarroa eta Gaztela elkarren aurka borrokan aritu ziren garaikoak dira Sonsierra eta Arabako muga ataletan gogora ekarri dituen harresiak, Erdi Arokoak. Viana, Guardia, Torralba del Rio, Urizaharra, Buradon Gatzaga edo Gasteizko harresiak daude, besteak beste. Eta amaieran, Bizkaian geratzen diren harresi aztarnei buruz ari da: Urduñakoa eta Balmasedakoa. Gaztelarekin mugan zeuden herriak ziren biak, eta aduanak zituzten. Haietatik igarotzean, zerga ordaindu behar izaten zen. Balmasedan, esaterako, herriko zubi famatua da harresitik geratu den zati bakarra.

Historia kontuak eta beste

Harresi bakoitzak bere historia eta bilakaera izan du, eta xehetasun guztiak kontatzen saiatu da Ortega: zein garaitako harresia den, zergatik eraiki zuten, harresiak moldaketarik edo aldaketarik izan duen, zergatik bota zuten, egun nola dagoen... Eta historiaribegiratua egin ostean, harresia eta inguruak bisitatzeko proposamenak egin ditu.

Datu historikoen alboan, harresiaren plano txiki bat ere txertatu du, garai batean harresia noraino hedatzen zen ikusteko eta egun hormatzar hartatik zer geratzen den jendeak jakiteko.

Azalpen guztiak argazkiz lagunduak daude: gaur egungoak eta garai batekoak. «Argazki zaharren bat edo grabaturen bat sartu dut, harresia nolakoa zen jendeak ideia bat egin dezan».

«Gida osatua» egitea izan da egilearen helburua, eta, horretarako, ahalik eta «dokumentazio lan zorrotzena» egiten saiatu da. Horretarako, bere denbora behar izan duela aitortu du: «Informazio asko dago, baina datuak oso sakabanatuak daude; beraz, iturri asko kontsultatu behar dira. Maiz, gainera, iturriak ez datoz bat; beraz, kontrastatu ere egin behar dira». Eta, gero, guztia ordenatu eta «modu entretenigarri batean» aurkeztu behar da.

Harriek ez dakite hitzik egiten, eta, beraz, ezin dituzte bizi izandakoak kontatu. Harresien bidez, historiako gertaera horiek kontatzea izan da Ortegaren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.