Euskal Herria laranjaz edertzeko prest

Gaur hasi da Euskarabentura espedizioa, Atharratzen. Parte hartzaileak eta antolatzaileak eguerdian heldu dira Basabürüko hiriburura, eta elkar ezagutzeko jolasekin hasi dute aurtengo aldia.

Aurtengo 'jzioquitarrak' elkar ezagutzen gaur, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Aurtengo 'jzioquitarrak' elkar ezagutzen gaur, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Atharratze
2025eko uztailaren 1a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ura, ura, Euskarabentura!». Gaur hasi da Euskarabenturaren zazpigarren aldia, Atharratzen (Zuberoa). Hilabetez, uztailaren 31ra arte, 126 jzioquitarrek —hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei— eta 26 antolatzailek Euskal Herria zeharkatuko dute. Urtero bezala, abentura ez da ibilaldi soila izanen, harremanak sortzeko, Euskal Herria ezagutzeko eta euskara praktikatzeko arnasgunea izanen da.

Atharratzeko kiroldegian zuten hitzordua Euskarabenturako gazteek. Euskal Herriko xokoka iritsi dira gazteak. Ipar Euskal Herrikoak izan dira iristen lehenak; EHZ festibala fini berri dute, eta bazter batean utzi dute unadura esperientzia berria hasteko. Berantetsiak badira ere, haien artean den isiltasunak urduria eta lotsa erakusten du, oraindik ez baitute elkar ezagutzen.

Gazteen inguruan antolatzaileak ikusten dira urdinez jantziak, ezker-eskuin joan-jinka azken elementuak doitzeko. Irune de la Maza da haietako bat, koordinazio taldeko kidea. Urtero bezala, urduri agertu da. Ez da bere lehen espedizioa, baina hasierako estresa badu. «Dena hasteko gogoz! Urtero desberdina izaten da, baina aldi guztiak bereziak izaten dira».

Aldi hau berezia dela esplikatu du, hain zuzen, nehoiz baino Ipar Euskal Herriko parte hartzaile gehiago badirelako: bi xerpa, eta hogei gazte, orotara. Emendatzea ontzat jo du koordinatzaileak: «Iparraldea gero eta indar handiagoa hartzen ari da ibilaldian. Euskarabenturan beti nahi dugu nazio proiektua izatea, eta horrek eskatzen du izan behar direla zazpi probintzietako parte hartzaileak». Azaldu du Euskarabentura sortu zutelarik zailtasunak ukan zituztela Euskal Herri osora zabaltzeko. «Guretzat, ikaste bat izan da. Argi geneukan Ipar Euskal Herriko gazteen eskuetara egin behar genuela zabalkundea, eta horretan aritu gara azken urteotan. Lortu dugu, eta oso pozik gaude».

«Iparraldea gero eta indar handiagoa hartzen ari da ibilaldian»

IRUNE DE LA MAZA Euskarabenturako antolatzailea

Atharratzetik ez urrun bizi da Clemence Sans Garikoitz jzioquitarra; Etxebarrekoa (Zuberoa) da. Biziki uros da Euskarabenturan izateagatik. Esplikatu duenez, jende berria ezagutzea espero du, eta, horren bidez, euskara praktikatzea. Eskolatik aparte, ez du euskara praktikatzeko aukera handirik: «Zuberera baizik ez dakit, eta ez dut anitzetan euskara hitz egiten. Aukera izanen dut hilabete batez euskaraz bizitzeko», adierazi du pozik.

Beldurraren eta gogoaren artean

Azken autobusak arribatu dira, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik. Kiroldegia jendez betetzen hasi da, eta pittaka elkar ezagutzeko jokoak egiten hasi dira talde ttipitan. «Beste itzuli bat egin dezakegu? Izenen erdiak ahantzi ditut jada!», bota du animatzaile batek.

Batzuentzat, autobusean egindako bidaia izan da harremanak sortzeko lehen urratsa. Ane Menbinuetak eta Irati Dominguezek, biak nafarrak, goizean ezagutu dute elkar, autobusean. Biak urduri, baina kilikatuak dira. «Ni gogotsu nago. Orain arte izan dugun denboraldi honetan ongi pasa dut, ea hemendik aurrera nola pasatzen den!», kontatu du Dominguezek. «Banekien jende anitz izanen zela, baina behin hemen egonda, beste gauza bat da; harrigarria da», aitortu du Menbinuetak.

EUSKARABENTURA
Kamiseta laranjen banaketa gaur, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ

Esperientzia «ahaztezina» izanen dela uste dute biek: «Normalean egiten ez dugun zerbait izanen da. Gauza berriak egingo eta ezagutuko ditugu». Horien artean, Mendibinuetak gehien espero duena zera da, lurraldeetako euskararen egoera politikoaren berri izatea, eta, ber harira, Dominguezek Euskal Herria bere osotasunean ezagutzea, uste baitu ez duela oraindik aski ezagutzen.

Urduritasuna ez da soilik gazteen baitan, Maddi Artola eta Eider Zubia ere halatsu baitaude. Zenbat urte atzerako espedizioan parte hartu zuten, baina garai hartan kamiseta laranja zeramaten soinean: aurten urdina jantzi dute. «Esperientzia desberdina izanen dela badakigu, beste aldetik ikusiko dugu», kontatu du Zubiak. «Arraroa da. Adibidez, gaur walkie-talkieak erabiltzen hasi gara, eta kamiseten kolorea aldatu da, desberdina da. Baina prest gaude!».

Bazkal ondotik, kiroldegia gazteen eleketaz bete da. Haien arteko harremana lasaituz doa. Egiazko jzioquitarrak bilakatu dira gazteak: taldeka, egunean zuten kamiseta kendu eta laranja jantzi dute. Behin jantzi aldaketa egina, Atharratzeko auzapezak, Maite Pitrauk, harrera egin die abentura hasiko dutenei.

Gaur elkar ezagutzeko jokoekin segituko dute, eta bihar Zuberoako hiribururako bidea hartuko dute: Maulerat joanen dira.

beste ikuspuntu batetik

Aurten berezitasun bat gehitu da: hain zuzen ere, Primeran eta Abaoko komunikazio agentziako kideak ere badira espedizioan, kamerak eta mikrofonoak eskuetan. Miren Arregi Abao komunikazio agentziako kideak aurtengo berrikuntza azaldu du: «Euskarabenturarekin elkartu ginen; izan ere, baditu elementu oso interesgarriak: Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena ibiltzen dira, euskara erdigunean, euskalki eta kultura desberdinak elkarrekin, euskara erabiltzeko eta ikasteko. Elementuak ikusirik, iruditu zitzaigun oso interesgarria zela horri buruzko saioak egitea». Sei lurraldetako gazteak hartuko dituzte, eta haien bidez, abentura segituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.