Euskal Herria, mendebaldetik ekialdera

Joxean Ostolaza eta Oskar Aldazabal ibiltariek Uren Banalerroen zeharkaldia osatu eta herrialde bakoitzeko mendi altuenera igo nahi dute, zortzi bat eguneko ibilaldian.

2007ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aurten ere badute erronka. Ibiltari zailduak, trebatuak, dira Oskar Aldazabal eta Joxean Ostolaza, nekaezinak. Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotu zituzten iaz, oinez. Markinan hasi eta bukatu, 500 kilometrotik gorako zeharkaldia osatu zuten. Ordutik zerabilkien buruan Oskar Aldazabalek bihar abiatuko duten zeharkaldia: Balmasedatik Hiru Erregeen Mahaira, mendebaldetik ekialdera Euskal Herria uren banalerroa deritzonetik zeharkatzea. Mikel Tellagorrik idatzitako La gran travesía. Viaje a pie por Euskal Herria liburua oinarri hartu eta zehaztu dute ibilbidea. Uren banalerroak Euskal Herriko mendikate nagusiak biltzen ditu, eta Kantauri itsasora nahiz Mediterraneora bideratzen dira mendi haietako urak. Hortik zeharkaldiaren izena. Baina bigarren asmo bat ere badu bikoteak. «Banalerroan sei lurraldetako tontor garaienak daude, Lapurdiko Artzamendi geratzen da aparte. Zeharkaldia luzatu eta biribiltzeko modua iruditu zitzaigun», azaldu du Oskar Aldazabalek.

Balmasedatik bihar goizean abiatuko dira, 06:00ak aldera. Euskal Herrian inoiz egindako zeharkaldi luzeenaren lehenengo urratsak Bizkaiko herri hartan emango dituzte, Orduñako mendiak jomuga dituztela. 600 kilometro inguru eta 25.000 metroko desnibela aurretik. Horietako lehenengoak Balmaseda eta Murgia artean egingo dituzte; tartean, besteak beste, Eskutxi mendia igota. Handik aurrera mendiz mendi, tontorrez tontor joan nahi dute mendebaldetik ekialderako ibilian. Bigarren egunean, Gorbeia, Anboto eta Atxuri igota, Urbian hartuko dute atseden. Handik Aizkorri igoko dute, eta lepo eta mendateak igoz eta jaitsiz -Etxegarate, Lizarrusti...- Lekunberrira iritsiko dira.

Lekunberri eta Auritz lotuko dituzte laugarren egunean eta, besteak beste, Saioa, Adi edota Sorogain mendiak igoko dituzte. Auritzetik Belaguako aterpetxera joan nahi dute bosgarren egunean, eta bidean Urkulu, Okabe, Ori, Otsogorrigaina izango dituzte zain bi ibiltarien zango zigortuek. Belaguako aterpetxea itxita dagoenez, Izabara jaitsiko dira lotara, eta handik Belaguara igoko dituzte autoan seigarren etapari ekiteko. Ondo bidean, Hiru Erregeen Mahaira igoko dira ostegunean. Uren banalerroa zeharkatzeko ibilaldia bertan bukatuko dute, berez, baina bikoteak bigarren asmoa osatzeko zeharkaldia prestatua du. «Ordurako sei lurraldetako mendi garaienetara igoak izango gara: Bizkaiko eta Arabako handiena Gorbeia dela esan dezakegu, Gipuzkoan Aitxuri, Nafarroan Hiru Erregeen Mahaia, Zuberoan Ori eta Behe Nafarroan Okabe. Ardi galdu bezala Artzamendi geratuko litzaiguke, Lapurdin». Eta Artzamendi bidean jarriko dira. «Belaguara itzuli eta handik Orbaitzetara joango ginateke, eta handik Sorogain, Urepel, Bidarrai... Artzamendiraino», dio Ostolazak. Bi erronka, bi helburu, zeharkaldi bakarrean.



IAZKOA BAINO GOGORRAGOA. Zazpi hiriburuetako iazko zeharkaldiarekin bada alde nabarmen bat: bete-beteko mendi ibilaldia dute oraingoa. «Errepidez osatu genuen ibilbidearen zati handi bat iaz, baina aurtengoa mendikoa izango da». Zeharkaldi osoa zortzi edo bederatzi eguneko epean osatu nahiko lukete. «Etapak luzeak dira, eta aurreikusitakoan aldaketak izango dira, ziur. Abenturara goaz, ea nola ateratzen zaigun».

Lehen egunetan laguntza ziurtatu dute, jai egunak direnez inguruko senide eta lagunen babesa izango dute. Non lo egin, atsedena non hartu ere zehaztuta dute. Hasteko irrikaz daude biak: «Mendian asko ibiltzen gara eta prestatu prestatu gara; ea lesiorik ez dugun, egun asko direlako jarraian. Irteten bada ongi, bestela ez da ezer gertatzen. Baina dagoeneko noiz hasi zain gaude».

Zortzi edo bederatzi egun aurreikusi badituzte ere, hain proiektu luze eta gogorrak aldaketak izan ditzakeela badakite. Eguraldiak, lesioak, aldagai desberdinek baldintzatuko dute: «Ibiltzen, bazterrak ikusten eta ezagutzen gozatzen dugu eta, batez ere, eguraldiari diogu beldur, errespetua. Saiatuko gara, behintzat. Iristen bagara primeran; bestela, ere bai».



«Zazpi hiriburuak lotzeko zeharkaldiarekin alderatuta gogorragoa da, mendiko ibilbidea da erabat»

joxean ostolaza
ibiltaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.