Hemen dago jada. Ez zion inork deitu, baina aspaldi hartu zuen etortzeko erabakia. Hainbaten laguntzarekin, orain arteko baldintzak aldatzeko gai ikusi du bere burua, eta inork ez du hura geratzerik lortu. Klima aldaketaizango da datozen aroetako protagonista nagusietako bat. Horri aurre egiteko, gizakiak arranoaren alegian bezala egin beharko du: berritu ala hil. «Klima aldaketa gainean daukagu, eta, izenak dioen bezala, ez da gauza zehatza izango, aldatuz joango baita apurka-apurka», gogorarazi du Ander Gonzalez Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuko teknikariak. Geldirik geratu beharrean, arazoari heltzeko hautua egin du hark ordezkatzen duen erakundeak, eta zenbait zuhaitz espeziek etorkizunean izango duten egokitzeko ahalmena ikertzen hasi dira hainbat tokitan.
Formula oso sinplea da: «Euskal Herriko klima gaur egungoa baino beroagoa eta prezipitazio gutxiagokoa izango da; hegoaldean daukatenaren antzeko klima izango dugu etorkizunean. Horregatik, hegoaldean dauden landareek gurean zer-nolako erantzuna izan dezaketen aztertzen ari gara», laburbildu du Gonzalezek. Reinfforce izeneko proiektuak Europako alde atlantikoa zeharkatzen duen sare bat josi zuen duela bost urte, Eskoziako Mulletik hasita Portugalgo Tapada da Ajudako parke botanikora arte. Tartean, 35 zuhaitz espezie dituzten hainbat toki lotu zituen. Horietako bat Laukizen (Bizkaia) dago. Bi hektareaz osatutako probagunean 2.200 zuhaitz landatu dituzte, betiere basogintzarako interesgarriak diren espezie aleak. Asiatik ekarritako Cunninghamia lanceolata-k, Afrikako eta Asiako zedroak, Amerikako haritzak, Ozeaniako hainbat eukalipto eta Europako haritz kandudunak izango dira han.
Joan den azaroaren 15ean bukatu zen Reinfforce proiektua, baina orain lan gogorrena —luzeena bai, behintzat— egitea falta zaie Neiker institutukoei: hamabost urtetan landareek izan duten garapenaren monitorizazio prozesua egitea, hain zuzen. «Orain arte, arboretoen instalazioa eta aldez aurretiko erabakiak hartu bitarteko epea finantzatu digute, eta orain 15 urteko konpromisoa daukagu aurretik», azaldu du Gonzalezek. Monitorizazio horrek landareen hiru parametro nagusi izango ditu aztergai: hazkundea, osasun egoera eta fenologia. «Fenologiak zuhaitzen sasoi bakoitza hartzen du aztergai. Horien artean dago, esaterako, hostoen erorketa», azaldu du Gonzalezek. Aro horiek behatzeak, zuhaitzek klimaren fenomenoei aurre egiteko daukaten portaera iragartzeko balioko die. Dena den, zalantza eta ziurgabetasun handia dago proiektuaren inguruan, eta, adierazidutenez, zaila egingo zaie zer gertatuko den iragartzea.
Gakoak Gonzalezek ditu: «Klima aldatuz doan heinean, gaixotasun eta izurrite berriak agertuz doaz. Horrek dena aldrebestu dezake. Esaterako, duela hamar urte inork ez zuen ezagutzen Fusarium onddoa, eta horrek ate berriak irekitzen ditu. Ez dakigu zer gertatuko den. Dena den, eta nahiz eta dena irekita dagoen, aurreikuspen erreala egiteko balioko digu».
Baten batek Euskal Herria tropikalarekin amets eginez gero, negu gordina topatuko du egunotan parez pare. Dena den, eta muturrera heldu gabe, klima aldaketa ez joateko etorri da, adituen arabera.
Euskal Herria, tropikala?
Klima aldaketa dela medio, Euskal Herriko basoak itxuraz alda daitezke datozen urteetan. Landare mota berrien egokitzapen prozesua ikertzen ari da ikertzaile talde bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu