Euskal Herrian bakarra eta lehena da Julen Mercader (Tolosa, Gipuzkoa, 1988). Tatuatzeko makinak egiten ditu, eta Merkamachines enpresaren bidez saldu. Egurra moldatu eta motor bat jarrita egin zuen lehena; ondoren, bildumagileentzako bizarra egiteko makinak moldatu zituen; eta, egun, tatuatzaile direnentzat eguneroko lanbiderako makinak produzitu eta banatzen ditu munduan barrena. Afizioa ofizio bihurtzeko bidean da.
Aroztegi batetik nola egin zenuen salto tatuatzeko makinak egiteko daukazun tailerrera?
Tatuaje kontsumitzailea nintzen eta tatuatzaile ezagun asko nituen. Harremana egiten duzu tatuatzen zaituenarekin, orokorrean. Eta batek erakutsi zidan makinak nola funtzionatzen zuen, eta bat egiteko erronka bota zidan. Garai hartan, duela zazpi urte inguru, aroztegi batean lan egiten nuen. Egurra nuen lanbide, eta motor bat jarri nion moldaketa batzuk eginda. Gustatu egin zitzaion, eta niri ere bai. Ondoren, beste batzuk egin nituen gainontzeko lagunei banatzeko. Hala hasi nintzen.
Munduan zehar banatzen hasi zinen arte, tarte batez bildumagileentzako makina bereziak ere sortu zenituen. Zergatik?
Bizarra egiteko makina batzuk deskubritu nituen. 1960ko hamarkadako makina errusiarrak, kordarekin zebiltzanak. Moldatu egin nituen tatuajeak egiteko. Hori egiten bizpahiru urte pasatu nituen. Gero hasi nintzen makina profesionalak egiten; ez bildumetarako, eguneroko lan erritmorako baizik. Dena den, beste modelo bitxi batzuk ere egiten ditut. Garai batean kartzeletan egiten zituztenen estilokoak. Makina sinpleak dira, hortz eskuila batekin eta motor batekin egiten direnak. Simulatu egiten ditut, eta horiekin tatuatzea gogoko dut.
Nola egiten dituzu makinak? Zein da prozesua?
Ordenagailuan diseinatzen ditut planoak, eta enpresa batek horietan oinarrituta piezak egiten dizkit mekanizazioaren bidez. Horri gehitu egiten dizkiot gero torloju, motor eta beste; muntaketa nik egiten dut tailerrean.
Tatuatzaileak manipulatu behar duen bakarra orratza da, orduan?
Makina horri tutua eta orratza sartu behar zaizkio, eta hori tatuaje bakoitzarekin aldatu egiten da. Izan daiteke tatuaje berean marra finago zein lodiago bat ere egin nahi izatea; kasu horretan, orratza aldatzea besterik ez du; gainontzekoa nik eginda ematen diot. Makinak orratz eta tutu guztiak jartzeko eginak daude, estandarrak izaten baitira normalean.
Eskariak mundu mailakoak dituzu. Badute profil konkretu bat?
Egiten ditudan bidalketa gehienak Amerikako Estatu Batuetara joaten dira. Besteak, ehuneko txikiagoan, Europara: Frantzia, Espainia, Alemania eta Italia gehienbat. Euskal Herrian ere baditut erosleak, baina gutxiengoa dira.
Nabaritu duzu azken boladan tatuajeen inguruko estigma aldatu dela? Gehiago saltzen duzu orain?
Hasi nintzenean baino makina gehiago egiten dut egun, baina arrazoia da makina hobeak egiten ditudala. Hobetu egin dudala. Ez daukat ibilbide handirik, hamarkada bat daramat kasik lanean. Ez dut uste asko aldatu denik profila.
Zer da gehien saltzen duzuna?
Erabilera gehien dituen makina: balio baitu marra finak, lodiak eta itzalak egiteko, eta baita koloreztatzeko ere. Marretarako eta itzaletarako beste bat daukat, merkeagoa dena, eta gero hainbat tresna: hand poke estiloko tatuajeentzat. Zuk orratza sartzen diozu, eta puntuz puntu osatu behar duzu tatuajea. Makinak, azkenean, orratz hori gora eta behera mugitzen du azkar, eta, hand poke-arekin marra bat egiteko, puntuz puntu joan behar duzu. Euskarria da, azken finean.
ATZEKOZ AURRERA. Julen Mercader. Tatuatzeko makinen egilea
«Euskal Herrian ere baditut erosleak, baina gutxiengoa dira»
Julen Mercaderrek tatuajeak egiteko makinak diseinatu eta egiten ditu. Merkamachines deituriko enpresa sortu du, makinak Tolosako Berazubi auzoko tailerretik mundura saltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu