Euskal Herriko eta Japoniako kulturen arteko aldea txikituz

Euskal gizartea eta kultura ezagutzeko liburua egin dute, japonieraz, Sho Hagio eta Hiromi Yoshidak

Sho Hagio Bahia Blancako (Argentina) Union Vasca liburutegian. BERRIA.
Maialen Unanue
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Sho Hagiok (Fukuoka, Japonia, 1962) Gaur egungo euskal gizartea eta kultura ezagutzeko eta ulertzeko 50 kapitulu liburua idatzi du, japonieraz, Hiromi Yoshida (Akita, Japonia, 1960) lagunarekin batera. 1980ko hamarkada hasieran hasi ziren biak euskara ikasten Tokion, eta azken 30 urteotan izandako esperientzian oinarrituta idatzi dute liburua. Hagiok azaldu duenez, euskaldunen laguntza ere izan dute: «Liburu hau euskaldunen eta japoniarren arteko auzolanaren emaitza dela esan daiteke».

Liburuaren 50 kapituluak sei bloketan banatu dituzte: zer den Euskal Herria —lurraldetasunaren arazoak, euskaldunak, euskara—, historia, naziotasuna eta identitatea, sinbologia, kultura eta egungo Euskal Herria. Eta hori guztia «gehienbat euskal nortasunari eusten dion jendearen ikuspuntutik».

Bloke bakoitzaren amaieran, sei idazle japoniarrek euskal kulturarekin izandako harreman eta esperientziak kontatzen dituzte —Hagiok, Yoshidak eta beste lau idazlek—. Horrez gain, euskarazko hitzak Japoniako alfabetoan —Katakana— idazteko irizpideak proposatu dituzte egileek.

Hagioren esanetan, euskaldunak «kristau zintzo eta abertzale borrokalari» gisa irudikatzen zituzten japoniar askok, baina azken urteetan —«bereziki 1997an Bilboko Guggenheim museoa eraiki zutenetik»—, ikuspegi hori aldatu egin da. Egun, euskaldunen irudia gehiago lotzen dute kulturarekin: kirolak, gastronomia, musika...

Guggenheim museoa zabaldu zutenetik biderkatu egin dira Japonian Euskal Herriari buruzko liburu eta artikuluak: «Baina, tamalez, horien kalitatea ez da hain ona, salbuespenak salbuespen». Lehen, Hagiok dioenez, Japonian Euskal Herriari buruzko informazioa bilatzeko aukera «oso mugatua» zen, eta, gehienetan, Espainiako eta Frantziako hedabideek eginikoa.

Egungo teknologiak direla medio, informazio jarioa handiagoa da, baina jasotako guztia ez da informazio fidagarria izaten: «Informazioa, askotan, zatituta dago, eta kasu batzuetan antzinako estereotipoz betea; horiei aurre egin eta euskal kultura eta gizartearen berezitasunak ikuspuntu zabalagoetatik azaltzen saiatu gara».

Liburuan, Euskal Herriaz hitz egitean, ez zazpi, baizik eta zortzi lurralde izan ditu Hagiok hizpide: azken hori diaspora da. Gaur egun, hain zuzen ere, horren inguruko ikerketa batean murgilduta dago Hagio: «Euskal diaspora politikoan agertzen diren nazionalitatea eta lurraldetasunari buruzkoa da, nola Euskal Herriko kultura eta hizkuntza hortik kanpo zabaltzeko jarduerak laguntzen dituzten euskal erakundeek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak etaHelduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE)».

Ikerketari lotutako bizitza

Hogei urterekin hasi zen Hagio Ekonomia ikasten Tokioko Waseda unibertsitatean. Titulu akademikoek ekonomilaria dela diote, baina ez zitzaizkion «batere» gustatu Ekonomia fakultatean ikasitakoak.

Halabeharrez, orduan hasi zen euskara eskolak jasotzen Suzuko Tamura ohorezko euskaltzain japoniarraren eskutik. Ekonomia ikasketek baino interes handiagoa piztu zion euskarak: ordutik 30 urte igaro dira, eta etorri handia du euskaraz hitz egiten duenean, japoniar doinu bereziarekin.

Euskararen iraupenerako mugimendu sozialak ikertu zituen Tokioko Atzerriko Ikasketetarako Unibertsitatean. 2008az geroztik irakaslea da Nagoya Institute of Technology-n, eta teknologia eta ikerketarekin zerikusia duten nazioarteko konferentzia eta bilerak antolatzea da haren eginbeharretako bat. Eskatzen diotenean, euskal kultura edo gizarteari buruzko ikastaroak ere ematen ditu Japoniako unibertsitate batzuetan.

Tokioko Euskal Etxea sortzeko lanetan parte hartu zuen 2009an. Sei kide dira, guztira: lehendakaria euskalduna da, eta gainontzekoak japoniarrak dira. Iazko Fukushimako ezbeharraz geroztik, geldituta egon da, baina aurten hasi dira berriz ere martxa hartzen eta ekitaldiak antolatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.