EUSKAL HERRIKO IBAIAK. Garazitik Lapurdira

Freskura eta aisialdia dakartza Errobik, Ipar Euskal Herriko bi hiriburu lotzen dituen eremuan.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bi hiriburu zeharkatzen dituen erreka bakarra da Errobi. Donibane Garaziko zubi azpietatik isurtzen den ura Baiona Ttipiaren bazterretik pasatzen da itsasora heldu aitzin. Aturrirekin bat eginez Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugara heltzen den ur jarioak Baxenabarre eta Nafarroaren arteko mugan du abiapuntua. Ezterenzubitik gora joan behar da haren iturburua aurkitzeko, Beherobia errekan gora. Errozate eta Urkulu mendien artean sortzen diren urek bat egiten dute, Errobi sortzen den gunean.

Ezterenzubin behera, Donibane Garazira heltzen da erreka. Errekatxoa jadanik franko zabal bihurtua da ordurako. Ura ez da biziki sakona, aldiz. Donibane Garazi erdira heldu aitzin, itzalgune atsegin baten azpitik igarotzen da. Erromatar zubi txiki bat dago han, geldialdi eta egonaldi baterako toki aproposa, xarmaz betea; handik hurbil pilota plaza, harresiz inguratua. Eta laster heltzen gara postal ezaguneko gunera: eliza, Espainiako atea eta zubia bera, Donibane Garaziko gotorlekuaren oinetan.

Turismo eta merkataritza herria da Donibane Garazi. Errobi gaineko zubitik egunero ehunka lagun pasatzen da, udan bereziki. Zubi gainetik, urean dauden amuarrainei begira egoten dira anitz eta anitz, beharbada haiekin direnak elizan sartu diren edo ondoko espartin dendan dauden bitartean. Arrainak lasai daude, urak bere bidea segitzen duela.

Irulegiko arnoaren lurretan

Arradoi mendi magalaren kurbak segitzen ditu, mahastien begiradapean. Irulegi ez da handik urrun, eta Errobi bazterretik ageri diren mahasti guztiak Irulegiko Arnoa ekoizteko erabiltzen dira. Urtetik urtera ospea lortu du ardo horrek, eta ibar hartako jarduera ekonomiko garrantzitsuak dira orain mahastigintza eta arnogintza.

Garaziko ibar zabal eta argia utzirik, itzalguneetan sartzen da erreka. Azkaratetik Arrosarako bide iluna eta hotza ez da oso atsegina, neguan bereziki, izotz plakak ezin urtuz ari direnean. Baina berriz beste eremu franko argi batera iristen da, Arrosarekin topo egin ondoan. Aldudetik eta Bankatik datozen errekekin bat eginez, Errobi zabaltzen da.

Jarduera ekonomikoetarako gune bat estreinatu zuten duela urte bat Errobik Arrosa zeharkatzen duen gune hartan. Ofizialeek beren lana garatu ahal izan dute, eta, bide batez, Baxenabarre laborantzaz eta turismoaz aparteko sektore ekonomikoetatik ere bizi daitekeela erakutsi.

Errobiren hegi-hegian, itzalgune batean, abentura parke txiki bat bada, zuhaitz gainetan barna ibiltzeko. Handik laster heltzen da Bidarraira, ur kirolen gunera. Geldialdi bat merezi duen gunea da. Baztan erreka han juntatzen zaio Errobiri. Baztanerrekan gora joanez gero, Baxenabarreko bazter ederrenetarikoez goza daiteke, mendi zoragarriz inguratua baita Bidarrai. Baztanerrekak, gainera, luzaz, Europako garbienetarikoaren fama zuen; horren lekuko han aurki zitezkeen ureko zomorro berezi batzuk, ur garbienetan baizik agertzen ez zirenak. Arrantzale batzuek kloroarekin kutsatu zuten duela hamabost bat urte, eta urteak behar izan ditu berriz egoera normalera itzultzeko.

Amuarrainak biltzeko toki aproposak dira Bidarrai inguruak. Funtsean, amuarrain haztegiak ere badaude Errobi errekara juntatzen diren erreka txikien inguruetan; horietarik bat Bidarrain. Izokinak ere igotzen dira Errobin barna. Itsasun Errobirekin bat egiten duen errekan, adibidez, zentro hidrauliko bat eraiki zuten 1902an. Izokinak errekan gora igo ahal izan daitezen, haientzako pasabide berezia prest utzi zuten, zentro hark ez zezan izokinen erreprodukzioa traba.

Errobik duen hurrengo toki berezienetarikoa eta ikusgarrienetarikoa Itsasun da, Atekagaitz arroilan; Errolanen Urratsa izeneko tokian, zehazkiago. Errepide nagusitik barna joateko ordez, errekaren bestaldetik, Bidarraitik Itsasurako bide txikietatik pasatzea hobe da, Errobiz gehiago gozatzeko. Bide nagusitik ikusten ez den bezala ikusten da erreka handik; beharbada, errekaren zatirik ederrena da.

Bi aldeetan mendi eta arrokak dituela, Itsasura heldu aitzin, Atekagaitz inguruan gelditzen dira anitz. Ez da erraza autoarentzat tokia aurkitzea. Baina, behin geldituz gero, harri xehezko hondartzatxo eta guzti dago han. Errekan bainatzeko toki aproposa. Baina baita errekak arrokekin bat egiten duenean hartzen duen bizitasunarekin freskatzekoa ere. Eta ezin handik joan Errolanen Urratsa izena hartu duen zulotik pasa gabe. Elezaharrak dio arroka handi bateko tuneltxoa Errolanek zulatu zuela, bere ezpatarekin, Orreagako gudurako bidean.

Handik landa, mendi aldea laster uzten du, eta Lapurdiko zelaietan barna dabil. Bista ederra dago Kanbo gainetik, Errobi beherean ikusten dela, luze-luzea. Uztaritzera iristen da gero. Aise gaindikatzen den gunea da Lapurdi behereko zati hori; euri anitz egiten badu, inguruko pentze eta zelaiak urez estaltzen dira.

Laster dago Baionan. Nahi bada, oinez edo bizikletaz Uztaritzetik Baionara joan daiteke Errobi bazterretik. Hirigunera iritsi aitzin, ezin egon Ansot ordokian gelditu gabe. Ibilaldi goxoa eta lasaigarria dago egiteko han, are goxoagoa udan. Naturgune babestua da, eta, urtaroen arabera, animalia espezie mota anitz ikusteko parada dago han.

Hurbil du bukaera handik. Baiona Ttipiaren eta Baiona Handiaren arteko muga egiten du. Ibai bazterreko etxe ederren isla dirdiratsua ageri da goizetan, erreka gainean. Zubi batzuen azpitik pasatu eta, Herriko Etxearen parean, Aturrirekin bat egiten du, harekin batera Ozeano Atlantikora isurtzeko.



Ur kirolak,naturaz gozatzeko

Ortzaize eta Bidarrai inguruetan, ez dira eskas ur kirola egiteko guneak.Rafting eta kayak dira jarduera ezagunenak. Kayak da zaharrena, baina azken urteetanrafting-ak gero eta arrakasta handiagoa lortu du. Errekan barna jautsiz, sentsazio handiak eta freskoak izaten dira. Orain, beste jarduera batzuk ere badaude; besteak beste, hidrospeed. Elkarte frankok eskaintzen dituzte beren zerbitzuak, lagun taldeentzat, enpresetako langile taldeentzat, jardunaldietara doazenentzat, eskolentzat, udalekuentzat eta abar.





Jakingarriak

Iturburua: Ezterenzubi (Errozate eta Urkulu mendien artean).

Ibai ahoa: Baiona (Aturri ibaia).

Luzera: 78 kilometro.

Arroa: 1.030 km2

Emaria: 34 m3/s.





Errobiko trena, turismotik herrira

Donibane Garazi eta Baiona trenez lotzeko proiektua dago, oraingo burdinbidea egokituta, egoera txarrean baitago
E. B.

Ibilbide atsegina egin daiteke, gehiegi nekatu gabe, Errobi errekan barna... burdinbidez. Donibane Garazitik Baionarako trenak Errobiren ibilbidea segitzen du; eta trenetik baizik ikus ez daitezkeen paisaia eder, arrokatsu eta bereziak ikus daitezke bertatik. Horregatik, udan, udatiar frankok erabiltzen du; baita Done Jakue bidean ibiltzera doazenek ere. Baina trena biziki mantsoa da, eta burdinbidea, zaharkitua. Eguneroko bidea egin behar dutenentzat, ez da egokia.

Urtean zehar, ordutegiak ez dira langileentzat egokiak. Tren gutxi doa Donibane Garazitik Baionara edo alderantziz, eta direnak goizegi izaten direla diote erabiltzaileek. Jendea autoz doa, beraz, lanera edo beste, eta horrek gero eta zirkulazio arazo handiagoak sortzen ditu.

Burdinbidean obra handiak egitea aipu da, eskualde mailako tren moderno eta egoki bat pasatu ahal izateko, linea erregularrekin. Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratuan burdinbide horren modernizatzea aipu da, baina ekintza konkreturik zehaztu gabe. Hautetsiek hori obratzeko gogoa agertu zuten. Etorkizunean, beharbada, Errobi bazterreko burdinbideak bizi berri bat ukanen du, eta paisaia ederrez gozatuz joan ahal izanen da lanera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.