Beñat Zintzo-Garmendia (Tolosa, Okzitania, 1957) historia irakaslea da, eta Euskal Herri osoko inauteriak ikertu ditu. Du Labourd aux ourses basques, à la Catalogne profonde (Lapurditik euskal hartzetara, eta Katalunia sakonera) hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Orai Bat elkartearen egoitzan (Benoit Sourrigues karrika, 18), Baionan.
Nola hartu zenuen interesa inauterietan?
Tolosako Eguzki Loreak taldean euskal dantzetan hasi nintzen 16 urterekin. Harritu egin ninduten dantzok, atletikoak izaten gain oso xelebreak direlako. Beraz, haien esanahia ikertzen hasi nintzen.
Zertan bereizten dira Euskal Herriko inauteriak, Okzitaniako Tolosa ingurukoak eta Pirinioetakoak, oro har?
Tolosa aldean ez dago ezertxo ere. Dena desagerrarazi dute. Haurren inauteriak baino ez dira geratzen. Euskal Herrian ere, jatorrizko inauteria desagertzen denean, haurrena bultzatzen dute. Oso inauteri interesgarriak daude, ordea, Katalunian, hartzaren ingurukoak. Haiek Euskal Herrikoak baino aberatsagoak dira, eta basatiagoak. Gehiago ospatzen da han. Oso leku gutxi daude, haatik, inauteriak Euskal Herrian bezain ongi gorde dituztenak. Kataluniarrek galdetzen didate: zenbat pertsonaia daude Euskal Herriko inauterietan? Ezin diet erantzun; horrenbeste inauteri mota daude, non zerrenda bat egiten dudan bakoitzan beti baten bat ahazten dudan.
Euskal Herri barruan, hainbat inauteri mota daude. Zeren arabera banatzen dira?
Iparraldean herrialde bakoitzak inauteri bat du, oro har. Horietako bakoitzak pertsonaia piloa du. Hegoaldean kontrakoa da: inauteri mota piloa dago, baina askoz pertsonaia gutxiago dituzte.Ez naiz gauza datu hori interpretatzeko. Agian, Erdi Aroaren amaieran zeuden inauteri basatiek Iparraldean modu leuna- goa, garbiagoa hartu dute. Hegoaldean, ordea, askoz hobeto gorde dute kutsu basati hura. Hartu Nafarroa Behereko Kabalkada, esaterako. Polita da, baina argi dagoXIX. mendean formalduriko ikuskizun bat dela. Horren parean Lantzekoa dugu [Nafarroa Garaia], askoz basatiagoa. Ez dut agiririk aurkitu azaltzeko nolatan funtzionatu duen mugak horren ongi alor horretan.
Euskal Herrian, Suitzan eta Eslovenian pertsonaia berdinak aurkitzeak beti harritzen gaitu. Harritzeko arrazoirik badugu?
Europan gizakiaren ideia, behar eta sinesmen berdinak islatzen dira inauterietan. Esloveniako hartzak ikusi zituztenean txundituta geratu ziren geure taldeko dantzariak, Iturenen eta Zubietan egiten dugunaren berdin-berdina delako. Joareak apur bat txikiagoak dira, eta ez dira horren lerrokaturik ibiltzen. Anai-arreba bikiak ditugu milaka kilometrora. Normala da; inauteriak gizakiarentzat oso une indartsua adierazten du: urte zaharretik berrira pasatzea da, gaitzak uxatzeko unea eta urte zoriontsua opatzekoa. Orain abenduaren 31n telefonoz egi- ten duguna inauterietan egiten zen.
Originaltasunarekin kezkatzeak ez du zentzurik, beraz?
Lapurdiko bizar dantzaren berdin-berdina egiten dute Katalunian. Eta, halere, inauteriak Euskal Herrian esatea baino zuzenagoa da Euskal Inauteriak esatea, benetan euskaldunak direlako Europan bikiak izan arren, herriak benetan bizi dituelako.
Beñat Zintzo-Garmendia. Aratusteetan aditua
«Euskal Herriko inauteriak benetan dira euskaldunak, Europan bikiak eduki arren»
Lapurditik Esloveniara, hartzaren inguruko ospakizunetan murgilduko gara datozen egunetan. Historialari okzitaniarrak hango eta hemengo jaien ezaugarrien inguruan mintzatuko da Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu