EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. ATAUN. Aralarko mendien abaroan

Euskal Herriko txokoak. Ataun.

Ilargi Agirre.
Ataun
2010eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Asko dira herritar baten balentriengatik ezagutzen diren herriak. Gipuzkoan bertan badaude hainbat adibide. Getarian Joan Sebastian Elkano jaio zen, munduari itzulia eman ziona, eta Azpeitia aipatzean Loiolako santutegia eta, bide batez, Ignazio Loiolakoa etortzen dira burura. Ataunek Joxemiel Barandiaran du, euskal antropologiaren eta etnografiaren aita izandakoa. Herri gutxi egongo dira pertsona batekiko lotura hain estua dutenak. Barandiaran 1889an jaio zen, Perunezarre baserrian, eta 1991n hil zen, 101 urte zituela. Bizitzan egindako lan guztiak Obras completas izeneko liburukietan daude jasota.

Ataunera jotzen duenak ezin du alde egin Barandiaran museoa bisitatu gabe. San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago, eta eraikina izugarri ederra da kanpotik. Ekainaren 25ean ireki zuten museoa, eta Barandiaranen bizitzaren eta obraren inguruan sakontzen da bertan.

36ko gerra zela eta, Iparraldera alde egin zuen, eta itzuleran Sara baserrian jarri zen bizitzen Barandiaran. Eraikin zuri-gorria museotik gertu dago, zubixka bat zeharkatuta. Urrutitik besteak bezalakoa dirudi, baina hurbiletik horman dagoen Txillidaren egurrezko eskultura txiki batek salatzen du. Gaur egun, Barandiaran fundazioaren esku dago etxea, eta aurretik ordua hartu behar da bisitatu ahal izateko.

San Martin auzoan elizako organo barrokoa ikustea ere derrigorrezkoa da. Gipuzkoa osoan mota horretako zazpi organo bakarrik daude. 1761. urtean Lorenzo Arrazolak egindako instrumentuak kolore bizi-biziak ditu; deigarria eta polita da oso. Duela lau urtetik, Organo Barrokoaren Nazioarteko jaialdia egiten dute bertan. Dena ez da iragana, ordea, Ataunen: etorkizunari begiratzen dio herriak. Baserriak orain dela gutxi eraikitako txalet dotoreekin tartekatzen dira, eta tabernak jendez lepo izaten dira arratsaldeetan.

Amaierarik gabeko herria dirudi, gainera, errepidean aurrera egin ahala. Hiru auzo ditu: San Martin, San Gregorio eta Aia; autoz zeharkatzeko ere denbora asko behar da, punta batetik bestera 14 kilometro baitauzka. Gipuzkoako herririk luzeenada. Autoa alde batera utzi nahi duenak, hala ere, badu non aukeratu. Ataungo eremuaren %75 Aralarko parke naturalaren babesean dago, eta inguruak aukera paregabeak ematen ditu mendi bueltak egiteko. San Martinetik San Gregorio auzora Argauntza ibaiaren ertzetik doan bide zidorrak arrakasta handia du herritarren artean. Lasaigarria da uraren zurrumurrua alboan dela 3,5 kilometroko paseoa egitea.

Ibilaldi luzeagoa nahiago duenak Nafarroako mugara jo behar du Lizarrusti parketxera. Aralarko interpretazio zentroa dago bertan. Parke naturalaren maketa ikus daiteke, eta informazio interesgarria eskuratu. Aralarko parajeez gozatu nahi duten mendizale ugari irteten dira hemendik. Bi orduan Lareo urtegiari bira egiteko aukera dago, eta, indarra edukiz gero, Agautz mendia ere igo daiteke, eta bista paregabeak ikusi. Garai hauetan, onddoak biltzen ere jende asko ibiltzen da inguru hauetan.

Txondorraren inguruan

Mendiko haizea arnasten da Ataunen, baina egun hauetan ikatz usaina da nagusi. Bi urtetik behin ohitura zaharren eguna izaten da herrian, eta aurten, ikazkinen bizimodua gogorarazteko, txondorra jarri dute herriko sarreran.

Irailaren 26rako egun osoko egitaraua prestatu dute. Hiru txanda egiten dituzte txondorra zaintzeko. Gauez, Miguel Arratibel egoten da arduradun, ondoan jarritako txabolan lo kuluxka txikiak eginez. «Orain dela 60 urte Aizkorrin ibiltzen nintzen txondorra egiten». Egunean zehar Jose Bikuña izaten du laguntzaile Arratibelek. «Tristea da, baina oso jende gutxi geratzen da txondorra egiten dakiena», dio Bikuñak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.