Denboralearen arrastoak bistakoak dira oraindik Debako itsas pasealekuan. Kardenas, Hondartza eta Lersundi kaleek ongi ezagutzen dituzte Kantauri itsasoaren haserreak; hondarrez beterik ageri dira. Neguaren lehen zartadak su-eten bat eman duen arren, itsasoak olatu bizi-biziak bidaltzen ditu herrira, eta surflariek ez dute aukera alferrik galdu. 14-15 graduko tenperaturak ez ditu atzera botatzen. Udalak Lersundi kaleko hondarra erretiratu du, zati handi batean bederen. Hondeamakinak pilatutako harearen atzean kometa heganarazten ari dira gazte batzuk; hainbesteko haizea dago Gipuzkoako kostaldean.
Deba eta debarrak ohiturik daude itsasoaren enbatekin. «Hondartzatik gora igo ziren olatuak lehengoan; atzeko kale horietatik aurrera ere pasatu ziren», dio hondartzaren barruan dagoen taberna bakarreko jabeak. Hareaz betetako bi ontzi ditu eskuetan. Alboan hondeamakina ez da geratzen. Kai aldera, Montreal eta Arrantzaleak kaleak nahiko garbi daude, baita Kalbeton zumardia ere, bere kiosko dotore eta guzti. Baina trenbideak ebakitzen duen hondartza aldeko zatira itsasoak ez du soilik kresala bidali egunotan; hori garbi dago. Itsas-gain taberna da lekuko. Gainean bainoago azpian egon zen asteartean.
Itziartik Debarako bidea
Eta, hala ere, hondarrak hondar, Debak ez du galduko berehala bere dotorezia; Montreal eta Mariñel kaleek mugatzen duten eremuan, udako etxe ikusgarriek urrezko garai baten arrasto dira. Arrantzaleak kalean gora eginda, Debako kai txikia azaltzen da. Itsaso zakarretik ezkutatzen diren ontzi bakan batzuek ematen dute itsasoari lotutako iraganaren testigantza.
Deba ibaia gurutzatzen duen zubi zaharraren itzalean da kaia. Dagoeneko ez dira autoak pasatzen handik. Baina bidegurutze rola gordetzen du oraindik herriak; edozein ohartuko da horretaz Euskotreneko makina ziztu bizian pasatzen ikusiz gero.
Trebidea lubakia da Deban. Arenal kale nagusia harekin bat doa herrian aurrera. Hura gurutzatuta, oinezkoen erresuman sartuko da bisitaria, herriaren bihotzean. Taupadak biziak dira han; askotariko dendak eta tabernak tartekatzen dira Sokagi, Zesterokoa, Ifar, Ostolaza, Portu, Plaza Zaharra, Astillero eta Itur kalean, baita Foruen eta Gudarien plazetan ere.
Erdi Aroan halako mugimendua izango ote zen han? 1.343an fundatu zen Montreal de Deba, Itziartik aldatuta, hots, menditik itsasora jaitsita. Deba ibaiaren bokalea leku egokiagoa zela erabaki zuten antza.
Bokaletik ezker-eskuinera garatu zen hiria. 52 kilometro koadroko azalera du egun, eta 6.000 biztanle inguru. Itziartik Debarako bidea, ordea, ez zen askorik aldatuko, asfaltozko errepideak errepide. Itsasoari so egiteko talaiak leku gutxitan dira han bezain politak.
EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. DEBA. Kresalaz bustitako trena
Euskal Herriko txokoak. Deba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu