Beste urtebetez, euskarazko hitzaldi ziklo bat antolatu dute aste honetan Iruñeko Erraldoien Txokoan. Nafarroako Ateneo elkarteak prestatu ditu jardunaldiak, eta Iruñeko Udalaren laguntza izan du. Aurtengoa Euskal Herriko olerkigintzaren ingurukoa izango da, eta, horretarako, euskal kulturako hainbat ordezkarik bost hitzaldi egingo dituzte.
Piter Ansorena izan zen Erraldoien Txokoko agertokira igotzen lehena, atzo arratsaldean, eta euskal musika tradizioak atzerritik jasotako eraginez mintzatu zen ordubetez.
Gaur, Pako Aristi idazle eta musikariaren txanda izango da, eta euskal kantagintzaren historiaren inguruko hitzaldia egingo du (19:30): Euskal kantagintzaren historia: Iparragirrerik Ken Zazpiraino.
Ansorenaz eta Aristiz gain, euskal kantagintzaren alorreko beste zenbait adituk hartuko dute parte hurrengo egunetako hitzaldietan, hala nola Jabier Kalzakorta filologoak (asteazkena) eta Pantxoa Etxegoien Euskara Kultur Erakundeko zuzendariak (osteguna). Zikloari amaiera emateko, Beñat Axiari eta Philippe Ezkurra musikariek Iturri zaharretik kontzertua eskainiko dute ostiralean Planetarioan. Abesteaz gain, Atxaga eta Artzeren testuak irakurriko dituzte.
EUSKARAZKO HITZALDIEN ZIKLOA: PAKO ARISTI
Non. Iruñeko Erraldoien Txokoan.
Noiz. 19:30ean.
Sarrera. Doan.
Euskal kantagintza hizpide
Euskal Herriko olerki tradizionalen inguruko hitzaldi sorta prestatu du Nafarroako Ateneo elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu