Baionako bestak. Potreta. Kamille Dizabo, Koldo Etxegarai. Gazte Asanbladako kideak

«Euskal kultura arras folklorizatua da besta hauetan»

Herriko etxearen besta egitarau ofizialarekin gustura ez direla eta, alternatiba gisa animazio anitz proposatzen dabiltza, Baiona Ttipiko Patxa plazan eta ostatuetan.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Herriko etxeak bultzaturiko besta eredua kritikatzeko hamaika arrazoi ditu Gazte Asanbladak. Udalaz gain, beste besta eredu bat lortzeko ardura dutela diote bestazaleek: «Besta egiteko manera aldatzea eta zentzuduntzea bestazaleen ardura ere bada».

Zer duzue kritikatzen besta egitarau ofizialean?

Koldo Etxegarai: Guk ez dugu arazo bat edo beste kritikatzen, besta modelo osoa dugu kritikatzen. Hainbat arlotan arazoak pausatzen dizkigu herriko etxearen besta modeloak. Adibidez, segurtasuna lehenestea; polizia jinarazten dute Bordeletik, Paristik... jakinez, gainera, horren diruztatzeko arazoak dituztela eta bestazaleei pagarazi nahi dietela.

Zer proposatzen duzue?

K.E.: Poliziaren bidezko segurtasunean ez dugu sinesten, pentsatzen dugu besta modelo zuzenago bat bultzatuz dela lortuko giro hobea. Jendeak antolatu eta parte hartu behar du; besta herrikoi batzuk behar ditugu. Besta herrikoiak antolatzen diren heinean, bakoitza engaiatzen delako, eta, bakoitza engaiatzen den heinean, bakoitzak duelako bestak ongi pasarazteko erantzukizuna. Bestalde, euskal kultura arloan eskaintza izugarri murritza da. Besta horietan den zernahikeria nola ez aipatu... eraso sexistak, bortizkeria...

Herriko etxearen folklorizazio politika salatzen duzue.

Kamille Dizabo: Kanpoko jendeari buruz itzuliak dira bestak. Kanpoko jendea etortzea ez da txarra, baina gure kultura eta hizkuntza arrunt folklorizatuak dira, eta horretan da arazoa. Aurten kontzertu euskaldun bat antolatzea lortu dute ostalariek, baina horren ondoan arras gauza gutxi dira. Irudi folkloriko bat bada ; txapel gorria, zinta gorria eta Hegoak kantatzen, hori da euskal kultura! Hori salatzen dugu, ez delako bakarrik hori euskal kultura. Badira mugimendu, dinamika, proposamen eta eskaintza anitz eta horren alde jo behar dugu gehiago.

K.E.: Euskal kulturaren presentzia ezak dakar giro berezi bat. Euskal Herrian beti izan dugu besta egiteko molde bat, eta, euskal kulturaren bidez, bultzatu nahi dugu besta egiteko era hori.

Zuen egitaraua zein da?

K. D.: Gaur poteo bat antolatu dugu, Kalostrapetik abiatuta 18:00etan, trikitilari batzuekin batera. Epaiska ostatuan zerbitzatuko dugu, halaber, egun guztian. Larunbatean, eguerditarik aitzina, gazte eguna izanen da Patxa plazan. Bazkari bat, sei euroan, merke, denei irekia. Arratsalde bukaeran, kontzertua, Mendeku Itsua taldearekin. Igandean deitzen dugu presoen aldeko bazkarira. Heldu den urteari begira, programa alternatibo hori beste elkarte batzuekin egin nahi genuke. Gure helburua delako elkarteen artean elkarlana bultzatzea ere.

Besta ereduak dakar bere publikoa.

K. E.: Batak bestea elikatzen du. Herriko etxeak antolatzen dituen moldean bestazale bat edo beste erakarriko du, eta bestazaleak ere besta egiteko moldearekin herriko etxearena elikatzen du.

K. D.: Herriko etxeak eskaintzen dituen bestak masiboak dira. Jende anitz biltzen da eta mozkortzen da. Gu hor gara, beste elkarte batzuen gisara, beste zerbait proposatzeko. Iaz esperientzia ona ukan genuen, kanpoko jendea ere bildu zitzaigun, eta biziki preziatu zituzten gure alternatibak. Horrek frogatzen du beste zerbait proposatzen delarik jendeak ulertzen duela.

K.E.: Herriko etxea ere bere tontakeriei alternatiba bilatzen dabil. Adibidez, eszena gunez aldatu dute, oso giro txarra sortu zuelako aitzineko guneak.

Hori guztia erranik, gomendatzen dituzue besta horiek edo ez?

K. D.: Bistan da, gure herriko bestak dira; beraz, bai, sostengatzen ditugu. Baina, besta egiteko beste manera bat aldarrikatzen dugu.

K.E.: Ez ditugu guk besta horiek aldatuko egun batetik bestera, bestazaleei ere bada besta egiteko manera aldatzea eta zentzuduntzea. Bakoitzaren ardura da.

Gazteak zarete, baina ez duzue gaztetxerik. Zertan da egoera?

K. D.: Bada hilabete zenbait herriko etxearekin harremanetan garela gune bat lortzeko. Nahiko zaila da, ez da anitz aitzinatzen. Badira herriko etxeko zenbait gure proiektuaren alde, horregatik ditugu harremanak segitzen. Jakin behar da ez garela bakarrak; elkarte anitzek dute lokal bat behar, eta, azken finean, denek borroka berean gaude. Ikusiko da ondoko hilabeteetan, beste ekitaldi batzuk ukanen baititugu, seguru aski. Baina argi dago ez garela beha egonen; beti eginen dugu zerbait gaztetxearen alde, eta gure alternatibak ere atzemanen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.