Basilio Iribarren. Arrotxa Kantuz taldeko kidea

«Euskal kultura bizirik egongo da auzoko jaietan ere»

Euskal kanta berri batekin emango diete hasiera auzoko jaiei arratsaldean. Iribarrenek ziurtatu du euskaraz ikasten ari denentzat ere aukera «polita» dela euskaraz abestea

IDOIA ZABALETA / ARP.
Iruñea
2016ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Arrotxa Kantuz elkarteak emango die hasiera Arrotxapeko (Iruñea) jaiei, gaur arratsaldean. 2008. urtez geroztik, euskal kantak berreskuratzen eta auzoa alaitzen egindako lanagatik eskaini diete lehen suziria piztea. Basilio Iribarren (Arizkun, Nafarroa, 1947) elkarteko kideak jakinarazi du momentu horretarako abesti bat ere asmatu dutela. Astero elkartzen da taldea, astearte eta ostegunetan.

Nola jaso zenuten txupinazoa botatzeko eskaintza?

Oso pozik. Guretzat gauza berria da. Ez genuen sekula horrelakorik egin, eta kontent gaude. Kalera ateratzen gara kantatzera; auzokide batzuek ezagutzen gaituzte, eta eskertzen da horrelako eskaintza bat.

Espero zenuten zuengana jotzea?

Ez, baina ilusioa egin zigun. Txupinazoa botatzeko eskatu zigutenean, ukitu berezia ematea erabaki genuen, eta, horretarako, abesti bat asmatu dugu. Jaien hasierarako polita izan zitekeela pentsatu genuen.

Zer helbururekin sortu zen Arrotxa Kantuz?

Kantu zaharrak galtzen ari zirenez eta gutako askok etxean abesti batzuk ikasi genituenez, erabaki genuen egoerari buelta ematen saiatzea. Lagun artean biltzen hasi ginen 2008an, eta, 2011n, formalizatzea erabaki genuen. Orduan sortu genuen Arrotxa Kantuz, eta astero gelditzen hasi ginen. Azkenean, liburuxka bat osatzea lortu genuen, betiko kantekin eta guk asmatutakoekin.

Zenbat biltzen zarete?

Hogeita hamabost lagun inguru elkartzen gara astean bitan, 19:30etik 21:00etara. Gehienak 50 urtetik gorakoak gara. Jende gaztea sartzea gustatuko litzaiguke, baina ez dugu haiengana iristea lortzen.

Kantuaren bidez euskara sustatzen duzue?

Egia erran, gurekin kantatzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. Gure artean batzuk euskara ikasten ari dira, eta haientzat aukera polita da gure hizkuntzan abestea. Kantuen hitzez gain, elkarrekin ere euskaraz hitz egiten dugu, eta ikasten ari direnek ere ahalegin bereziak egiten dituzte horretarako. Polita da sortzen den giroa.

Jaietan ere abestuko duzue?

Etzi, 11:00etan elkartuko gara. Ongi ala gaizki abesteak ez du axola. Euskal kultura bizirik egongo da auzoko jaietan ere, eta hori erakustea da gure helburuetako bat; betiere lagun artean ongi pasatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.