Maria Castejon (Lizarra, Nafarroa, 1975) historialaria da eta ikus-entzunezkoetan aditua. Hedabideak eta generoa gaiaren inguruko ikastaroak ematen ditu. Telesailen inguruan idazten du Pikara magazinean.
Aldaketa handia gertatu da azken urteotan emakumezko pertsonaien trataeran telesailen munduan. Zergatik telesailetan bai, eta ez horrenbeste zineman?
Iraultza handia egon da genero irudikapenean, feminismoan eta LGTBIaren gaian telesailetan. Modan daude orain, eta jendeak filmak baino gehiago ikusten ditu. Alde garrantzitsu bat dago hemen: film batek ordubete-bi ordu artean irauten du, baina telesail batek zazpi sasoi izan ditzake, bakoitza ordubeteko 13 atalekin. Beraz, formatuak berak aukera ematen dizu pertsonaiak askoz modu aberatsagoan garatzeko. Esaterako, hartu The Sopranos telesaila: mafiakideak batez ere gizonezkoak dira, eta horien inguruan dauden emakumezkoak haien emazteak dira, alabak... Baina Carmela Sopranoren pertsonaia zazpi sasoien buruan dagoeneko ez da bakarrik mafiakidearen emaztea, ez da pertsonaia planoa, asko garatzen da. The Godfather, Casino edo mafiaren inguruko filmetan, ordea, pertsonaia emakumezkoek ez dute inoiz izan halako sakontasunik.
Zinemagintza atzean geratzen ari da, beraz?
Zineman, batez ere, aldaketa handia gertatu da akzio rolen inguruan: Gosearen Jokoak, Mad Max, Moana [Vaiana], Brave, Frozen... Apurtu egiten dute ordura artekoa, baina zinemak ez du oraindik eman telesailek eginiko jauzia.
Zein telesailetan ikusten duzu aldaketa nabarmenen?
Big Little Lies, The Handmaid's Tale, Orange is The New Black, Feud... adibide onak dira. Asko daude. Horietan guztietan asmo sendoa dago feminismoaren gaia lantzeko, edo, behintzat, aldatzeko emakumezkoaren irudikapena ikus-entzunezkoetan.
Nola heldu dira aldaketa horretara: konbentzimenduz? Emakumezko ekoizle batzuk sartu direlako? Edo merkatu arrazoi hutsak izan al dira?
Hainbat arrazoi daude. Big Little Lies telesailaren kasua paradigmatikoa da: eleberri melodramatiko batetik atera zen istorioa, baina inork ez zuen ekoitzi nahi pertsonaia nagusiak emakumezko helduak direlako. Hori ikaragarria da. Orduan, Nicole Kidman eta Reese Witherspoon aktoreek eurek ekoiztea erabaki zuten. Telesailek orain hartu duten ospearekin gertatu da, lehen telesail batean lanean hasten zen aktorea galdutzat ematen zutelako zinemarako. Orain erabat aldatu da hori. Hollywooden aktoreek denbora asko daramate borrokan berdintasunaren alde, eta ezarritako estereotipoen aurka. Borroka hori egin ez balitz, ez zen argitara aterako Harvey Weinsteinen kasua.
Euskal ikus-entzunezkoetan ikusten duzu pareko eboluziorik?
Amama filmak klixe asko apurtu zituen Amaia pertsonaiak ordezkatzen zuen bizimodu berriarekin. Baita 80 egunean ere. Goazen! aztertzeko asmoa daukat, baina beldurra daukat, jende askok ikusten duelako eta, zorrotzegi aztertzen badut, denek gorrotatuko nautelako. Baina, bai, zorrotz aztertu beharrekoa da.
Zer aholku emango zenieke Euskal Herriko gidoilari eta ekoizleei bide horretan aurrera egin dezaten?
Batez ere, zer ez duten egin behar esango nieke: alegia, emakumezko pertsonaia lauak ez egiteko, hau da, bakarrik neska ederrak edo ama jasangaitzak.
Gaurko Euskal Herriko emakumezkoak ordezkatzeko zelako pertsonaiak sortuko zenituzke zerorrek?
Saldu diguten euskal matriarkatuaren ipuin faltsu hori ahaztuko nuke. Bai, emakume nafarra eta emakume euskalduna, eta biak garenak, nortasun oso sendokoak dira, jakina, baina matriarkatuaren gezurra pikutara bidal dezagun. Ideia hori dinamitatu egin behar da. Guk zenbakiak nahi ditugu mahai gainean, baserria eta dena. Telesailen bidez guztia landu daiteke.
Maria Castejon Leorza. Ikus-entzunezkoetan aditua
«Euskal matriarkatuaren ipuina ahaztuko nuke pertsonaiak sortzean»
Castejon historialariaren arabera, emakumezkoen trataeran iraultza gertatu da telesailen munduan, baina ez horren handia filmen alorrean. Euskal emazteak sortzeko aholkuak eman dizkie gidoilariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu