Trikuharri, iruinarri eta harrespilen inguruko istorioak ezagunak dira, baina ezer gutxi jakiten da haien benetako funtzio eta errealitateaz. Gai horretan hutsune eta zalantza ugari daudela uste du Xabier Peñalver arkeologoak, eta, hein handi batean, horrek bultzatu du Dólmenes, crómlech y menhires. Guía básica del megalitismo en Euskal Herria liburua idaztera. Euskal Herriko mendietan aurki daitezkeen monumentuak identifikatu, haiek nola ezberdindu, eta zein garaikoak diren erakusten du eskuliburuak.
«Oroitarri horiek ehorzketekin dute zerikusia, gehienbat: hilobi funtzioa egiten dute, eta indibidualak edo kolektiboak izan daitezke», argitu du Peñalverrek. Alde batetik, haien inguruan dauden «okerrak» zuzendu nahi ditu liburuaren bidez, eta, bestetik, oroitarriok «beharrezko duten babesa» aldarrikatzen du.
Haiek babesteko modurik eraginkorrena non dauden jakitea da, lehenik. Haien existentziaren berri izateak babesteko aukera ematen du —egon badaudela ez jakiteak konturatu gabe haien aurka jardutea ekar lezake, haiek deuseztea eraginez—. Aldi berean, monumentu bat aurkitzen den bakoitzean, jendeari horren berri ematearen garrantzia azpimarratu du. Behin pauso horiek emanda hasiko lirateke oroitarrien gaineko azterketak.
Ildo horretatik, gaur egun, «megalitoek jasan dezaketen arriskurik handienak azpiegitura handiekin du zerikusia», azaldu du Peñalverrek. Arkeologoak azpimarratu duenez, «garrantzitsua da megalito bakoitza non dagoen zehatz jakitea eta inguru horietan lan egingo dutenak horren jakitun izatea».
Bitxikeriak bidelagun
Oro har, denboran monumentu horiei errespetua gorde zaiela adierazi du Peñalverrek, nahiz eta kontrako bizipenen bat ere ezagutu izan duen. Esate baterako, garai batean, horrelako eraikinek euren azpian altxorren bat gordetzen zutelako irudipena zabalduta zegoen gizartean, eta hori, bistakoa denez, arriskutsua zen oroitarrien osotasunari eusteko.
Soalarko menhirrari gertatutakoa kontatu du bitxikeria moduan: «Lehenengoz aurkitu zenean, etzanda zegoen, eta denbora bat igarota, norbaitek zutik jarri eta saskibaloian jokatzeko saskia ipini ziola ohartu ginen». Kasualitatez, ezezagun horren hutsegiteak lehenago ikusi ez zuten grabatu bat zuela erakutsi zien.
Jende arruntarentzat zein adituentzat da liburua. Irudiez eta testuaz baliaturik, modu errazean erakusten ditu arkeologoak inguruko mendietan dauden oroitarriak. Taula bat ere badu, monumentu bakoitza zein motatakoa eta zein garaitakoa den azaltzeko, eta haien adibideak aipatzen ditu alboan. 120 orrialde dituen gidaliburuak, eta argazkiz beteta dago; gehienak, gainera, Peñalverrek berak egindakoak dira.
Egileak aitortu duenez, argi-ilun ugari dituzte garai batzuetako zein besteetako eraikinen inguruan. Batzuetan, gauza gehiago dira ezezagunak, ezagunak baino: «Orri zuriekin bete beharko genituzke liburuak». Denborak aurrera egin ahala, aspektu berriak atzematen dituzte: «Hemendik urte batzuetara, guk ikusi ez ditugun gauza berriak aurkituko dituzte, ziur, teknologia modernoagoen bidez».
80ko hamarkadaren hastapenetan hasi zen Peñalvar arkeologiarekin harremanetan. Garai horretan egin zuen arkeologian doktoreak bere lehen indusketa, Supitaitzen. Neolito garaiko hainbat indusketa lan zuzendu ditu 25 urte baino gehiagoz, Praileaitzeko aztarnategian, esaterako. Burdin Aroko herri gotortuetan ere egin ditu ikerlanak, Intxurren (Albiztur-Tolosa) eta Basagainen (Anoeta). Horrez gain, hainbat liburu argitaratu ditu, La Edad del Hierro, los vascones y sus vecinos eta Sobre el origen de los vascos, besteak beste.
Euskal megalitoak ezagutarazteko lana egin du Peñalverrek
Megalitoak babesteko beharraz ohartarazi du Xabier Peñalver arkeologoak, osatu berri duen liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu