Berrogei urte daramatza Claude Labat ikerlariak euskal mitologia ikertzen eta lantzen. Ikerketa eta lan ugari egin ditu arlo horretan, eta, oraingoan, mitologiari buruz duen ikuspegi propioa helarazteko pausoa egin du, azken 40 urteetan bildu informazioa jasotzen duen liburu bat plazaratuz. Libre parcours dans la mythologie basque (Ibilbide askea euskal mitologian) izena eman dio egin azken lanari.
Zazpiehun irudiz osatu eta 350 orriko liburua da, zeinean euskal mitologiari bizi berri bat eman nahi izan dion autoreak. «Azken berrogei urte hauetan euskal mitologia ikertzen aritu naiz, eta ikuspegi berri bat azaleratu nahi izan dut. Hortik dator orain argitaratu dudan lana», azaldu du Claude Labatek. Liburua, nahiz nahiko luzea izan, irakurtzeko erraza dela azaldu du egileak, edozein zatitan ireki daitekeelako eta irakurtzen hasi. Irudiek ere arinagoa egiten dutela erran du Labatek.
Aurkeztu berri duen lanak zortzi kapitulu eta bi atal nagusi ditu, eta antolaketak berak zerikusi handia du ikertzaileak mitologia ulertzeko duen moduarekin. Izan ere, kapitulu bakoitza, bizi espazio batean kokatzen da; «euskaldunak, gainerako europarrak ez bezala, sedentarioak izan dira betidanik, lekuei biziki lotuak», azaldu du Labatek.
Hala, lehen lau atalek mitologia tradizionalari egiten diote erreferentzia, bizi espazioen sailkapen baten bitartez, betiere naturan kokaturik daudela. Izan ere, mitologiak gizakia naturari erabat loturik dagoen mezua helarazten du, Labaten hitzetan.«Lehen kapituluan eguna eta gaua jorratzen ditut, argiari eta iluntasunari lotu entitateak aipatuz, hala nola hila, eguna, eguzkia, ilargia, gaua... Gaua eta iluntasuna bizi edo entitatez josi eremua da mitologian», azaldu du Labatek. Ondotik, lurra eta lur azpiko bizi eremuetara igarotzen da, ekaitza, ura, ortzadarra aipatuz, lurpean eta azalean bizi diren bi entitateren esanahiak azalduz: Mari eta Herensuge. Mendiak eta oihanak ere bizi espazio garrantzitsu gisa ageri dira liburuan. «Proposatzen dudan hirugarren eremua da; mendian daude euskal gizartearen sustraiak», adierazi du Labatek. Han, Basajaun, Jentila eta Tartalo pertsonaia mitologikoak lantzen dira. Mitologia tradizionalaren atalarekin bukatzeko, uraz mintzo da Labat. «Bizi eremu horretan laminak aurki ditzakegu mitologian. Nik uste, dagoen pertsonaietatik garrantzitsuenetarikoa dela lamina. Helarazten duen mezua balioz eta ezagutzaz josirik dago eta».
Historia eta mitologia
Bigarren atalean, mitologiaren ikuspegitik, gizartea eta historia lantzeko asmoz, gertakari historikoak mitologian nola sartu diren erakusten du Labatek, betiere eremu batzuk erreferentziatzat harturik. «Nik uste, nahiz eta historialari anitz nirekin ez diren ados izanen, historiak eta mitologiak elkar elikatzen dutela, bien arteko zubiak daudela. Ez dakit non kokatu bien arteko muga», dio Labatek.
Babesten duen ideia azaltzeko, Elkanoren adibidea erabil daitekeela uste du ikerlariak. «Elkano izan zen munduaren itzulia egin zuen lehen gizona. Jada gure mitologian sartu da». Hala, bada, ildo horretatik lan eginik, Labatek, liburuko bigarren ataleko kapitulu batean, bideen esanahi eta funtzioak landu ditu (bide militarra, erlijiosoa, itsas bidea eta nekazariena). «Euskal Herria betidanik pasatzeko leku bat izan da, Pirinioetako lekurik apalenean gaudelako. Beste kulturekin beti egon gara harremanetan, eta uste denaren kontra, oraindik hemen baldin bagaude, kultura ugarirekin harremanetan egoten jakin izan dugulako da», azaldu du Labatek.
Bigarren atal horretan, beste bizi eremu batek garrantzi biziki handia hartzen du, euskaldunen iragana eta oraina ulertzeko baliagarria dena, idazlearen iritziz: «Etxea, bizi espazio bezala landu dudan seigarren eremua da. Euskal gizartean garrantzi handia du. Etxea, biziduna dela erratera heltzen naiz liburuan, maiz, etxeen izenak lehen pertsonan izaten direlako eta etxeko zutoi eta egurrek, gorputz atalen izena dutelako». Etxeari garrantzi berezia eman izanak badu beste oinarrizko arrazoi bat ere Labatentzat. Izan ere, etxea, euskal herritarren historiaren oinarrian dago, beren patua horren araberakoa izan baita Labaten iritziz. Etxearen jabeek zuten kezka eta ardura nagusia oinordekoari etxea bere horretan ematea zen. Horrek esan nahi du oinordeko bati soilik emanik etxea beste anai-arrebak etxetik joan behar izaten zirela.
Ondorioa garbia da, oinordekoak ez ziren anai-arrebak, etxe sistematik kanpo gelditzen ziren. Gizartetik baztertuak, azken finean. «Euskal Herrian, etxea bera antolaketa sozialaren zutoina izanik, etxeko nagusiek jasotzen zituzten gizarteko pribilegio guziak», Labatek dioenez. Herriko bestetan, etxeko nagusiarentzat egiten ziren dantzak, eta besteek ezin izaten ziren dantzatu; elizan leku berezia zuten haientzat... «Hala, diaspora zein agoteen inguruan sortu bazterketak, oinorde gabe gelditu zirenak zirela ondorioztatzera heldu da, hainbat historialarirekin batera. «Jaso informazio hau erabat berria da. Lau historialarirekin batera egin lanetik atera informazioa da berriki», azaldu du Labatek. Biziki zabaldurik izan den mito bat Euskal Herrian Labaten iritziz, oinordekoa emakumea izan ahalik eta etxea antolaketa ororen erdian izanik, emakumea gizonaren parekide izan zitekeela kasu anitzetan. «Liburuan, mito horrekin hautsi egiten dut, maiz emakumea etxe sistematik baztertua izaten baitzen, ondorengo semeari ematen zitzaiola etxea».
Mitologia, zertarako?
Mitologia zer den eta zertarako balio duen era ugaritan uler eta interpreta daiteke. Batzuen iritziz, haurrentzako denbora-pasa soil bat bada ere, antropologo anitzek diote, eta Labatek ere bai, bizi garen mundua ulertzeko baliagarria dela. «Mitologia zertan datzan ulertzeko irudi batera jotzea maite dut: mendietan, maiz, harri multzo berezi batzuk topa ditzakegu, zeintzuk bidea aurkitzen laguntzen diguten. Mitoak gauza bera dira. Gure historian eta lurraldean norabidea aurkitzen laguntzen digute. Gainera, harri multzo horiek bezala, hautsi eta alda ditzakegu», azaldu du Labatek. Ideia horri atxikirik, mitoak etengabe sortzen direla dio Labatek. Batzuk zaharrak dira eta besteak berriak, etengabe sortzen ditugu.
Zehazki Euskal Herriaren kasua hartzen bada, nahiz kontatzeko modua ezberdina izan, nahiz istoriek beren kolore propioa hartu, Europako beste mitologiekin zerikusi handia duela dio Labatek. «Urrunago joanez ere, Asia, Amerika zein Afrikara, hemengo ikur berdintsuak aurkituko dira. Lauburua da haietako bat», azaldu du Labatek. «Kultura guziek mitologia bat dute oinarrian, eta mezu berdintsua: tolerantzia. Naturarekin ageri den harremana ere oso handia da. Egundugun egoerari begira, mezu ederra ematen digute kondairek».
Ezarian. Mitologia
Euskal mitologiari bestela begiratuz
Claude Labatek bizi espazioetan kokatu ditu euskal mitologiako pertsonaiak, euskaldunen bizimoduari erreferentzia eginezEuskal mitologiaz berrogei urtean jaso duen informazioa bildu du liburu batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu