Euskal momiak

Egiptokoak dira ezagunenak, baina mundu osoan daude momiak, baita Euskal Herrian ere. Herri tradizioarekin lotuta daude gehienak, eta sendatze ahalmenak aitortzen zaizkie askori.

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hilda daude, baina eternoak dirudite. Betiko iraungo dute. Ia betiko, behintzat, bai. Egiptokoak dira ezagunenak, baina horrek ez du esan nahi beste txoko batzuetan ere momiarik ez dagoenik. Mundu osoan daude, baita Euskal Herrian ere. Faraoiekin zerikusirik izan ez arren, botere bereziak aitortu dizkiete hemengoei ere herritarrek. Erlijioarekin lotuta daude haietariko gehienak, nobleziarekin ere bai beste batzuk, eta bada artearekin lotutakorik ere. Funtsean, baina, gorpu idorrak dira denak, edo gorpu idortuen zatiak. Maiz jakin-min bizia pizten duten hildakoak.

Haietariko asko ikertua da Paco Etxeberria auzitegiko mediku eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea. Dioenez, badago Euskal Herriko gorpu momifikatuen ezaugarri komun batzuk aipatzea. Herri kulturan tradizioa dute ia denek, erlijio guneetan daude gehienak, eta balio erlijiosoaz gain, sendatze ahalmena ere aitortzen zaie askori. Hamaika adibide du argudioak sendotzeko. Errigoitiko kasua aipatzen du (Bizkaia), adibidez: «Santu Beltza deitzen dioten momifikatutako gorpu bat dute hango elizan. Hitztotelak diren edo hizkerarekin arazoak dituzten umeei mesede egiteko errezatzen diote herritarrek. Tradizioaren arabera, gainera, zilarrezko ontzi batean dagoen momiaren besoa musukatu eta sendatu egiten dira».

Ez da halako adibide bakarra. Bujandan (Araba), San Fausto laborariaren momia dago, eta hari emankortasuna eskatuz egiten zaio errezo, Etxeberriak dioenez, lurren eta jendearen emankortasunaren alde. Santu ez den arren, Arrasaten (Gipuzkoa), Amandre Santa Ines izeneko gorpu momifikatuak loarekin arazoak dituztenak laguntzen omen ditu. «Oso letania interesgarriak daude horrekin lotuta, eta Ines eta amets hitzekin errimak egiten ditu». Eta hamaika aipa daitekeela dio.

Sinestea edo ez sinestea. Hori da giltza, Etxeberriaren ustez. Dioenez, baina, aspalditik datorren kontua da momiei gaixotasunak sendatzeko gaitasuna aitortzeko joera. «Garai batean oso ohikoa zen etxean egindako sendagaiei momia hautsak botatzea. Saldu eta erosi egiten zen hauts hori. Palestinaraino ere joaten zen jende asko, lur santuetara, handik gorpuak hartu eta sendagaien gehigarri gisa erabiltzeko. Sinetsiz gero, egia da, noski, edozerk eragin dezakeela jendearengan, baina niri, egia esan, medikua izanik, irribarrea eragiten didate halakoek. Hamaika momia ukitutakoa naiz ni neu esku hauekin, eta ukitze hutsagatik bakarrik, edonor sendatzeko gai behar nuke jadanik!».

Bi momifikazio mota bereizten ditu Etxeberriak Euskal Herrian: naturalak eta artifizialak. «Egipton egiten zenaren gisakoa da momifikazio artifiziala deitzen duguna. Tripak ateratzen zaizkio, garuna... eta argizaria, lastoa eta bestelakoak sartzen zaizkio haien ordez, gorpua deshidratatu eta kartoi edo egunkaria balitz bezala mantentzen laguntzeko». Bestelakoa da momifikazio naturala. «Kasualitate kontua da hori. Hil ondoren idortu egiten da gorputza arrazoiren bategatik, eta momifikatuta gelditzen da. Hau da, gorpua ez da usteltzen». Etxeberriak dioenez, hezetasun eta tenperatura aldaketek egiten dizkiete momiei kalte handienak, eta, horregatik, leku onak izan ohi dira eliza eta gune erlijiosoak halako gorpuak gordetzeko.

Momia ez diren momiak

Abisua ematen du, ordea, Etxeberriak. Momia dirudien oro ez da momia. Adibide bat jarri du; dioenez, Iruñeko katedralean momia iruditu arren, momia ez diren lau gorpu daude. «Artefaktuak baino ez dira. Eta argi ikusten da hori gorpuetara gerturatu ahala, gorpuaren hezurrak lotzen dituzten alanbreak ikusten direlako. Medikuntza fakultateetan giza anatomia ikasteko erabiltzen ditugun eskeleto modeloen gisakoak. Gorpu horren gainean sare moduko bat daukate, bolumena emateko, eta jantzi egiten dira gero. Aurpegian argizarizko maskara bat daukate. Urrutitik eta argi gutxirekin, momiak dirudite gorpu horiek, baina Vatikanoak egindako artefaktuak dira. Munduko eliza guztiei egin zizkieten gisa horretako opariak erlikiekiko grina mundu osora hedatu zenean; XVII. mendetik aurrera, batez ere».

Joera unibertsala izan zen hori garai batean. Fededunen fedea bizitzeko eramaten zituzten gorpu horiek Erromatik lekuan lekuko elizara. Berdin Donostia edo Filipinetara. «Erromako katakonbetatik hartutako eskeletoak dira horiek, santu apokrifoak. Ez dira existitzen. Santu izenak jarri zizkieten, baina gorpu horiek ez dira izen hori zuten santuenak». Vatikanoaren jarrera, baina, ez da beti berdina izan. Grina horren garaia gaindituta, Erromak baztertu egin zuen erlikiekiko zaletasun hori. «Gaur egun», dio Etxeberriak, «momia hauek zaintzeko beharra du Elizak, baina ez du haien kultuaren mesedetan askorik egiten. Indarra galduz joan da garai batean hain indartsua izan zen objektu santuekiko kultua».

Tradizioa tradizioa da, ordea, eta San Fausto laborariaren momiaren kasua aipatu du Etxeberriak. «Benetako santuaren gorpua da hori», zehaztu du, «eta urtean behin erromesaldi bat izaten da Bujandako ermitara hari esker».

Erlikia txikiagoak ere badaude. Asko eta asko, Etxeberriak dioenez, eta panpina gisakoak ere bai. «Tamaina txikikoak izaten dira horiek; Santa Faustinatxorena kasu, Pasaia Donibanen (Gipuzkoa). Erromako opariak dira horiek ere. Baliteke giza hondarren bat izatea, baina gehien-gehienean panpina bat da. Horregatik dira hain txikiak, lekualdatzea errazteko».

Momiarik nobleenak

Dena ez da erlijio, ordea, eta badira nobleziarekin lotutako momiak ere Euskal Herrian. Errege-erreginak eta aristokratak. Iruñean ikus daiteke egunotan horietako bat. Uxueko elizatik atera (Nafarroa) eta Iruñeko Artxibo Orokorrean jarri dute ikusgai Nafarroako errege izandako Karlos II.aren bihotza. Etxeberriak dioenez, normala zen garai batean nobleziako kide zirenen gorpuak baltsamatzea. Hil ziren lekutik lur emateko lekura eraman ahal izatea errazten zuen horrek. Eta hori biziki garrantzitsua izan zen gurutzada deitu zituzten gudetan, jaioterritik urrun hil arren gorpuak sorterriraino eramateko ohitura baitzegoen.

Ohitura hori garatu egin zen, ordea, baita hedatu ere. Distantziak sorturiko prozedura hura prestigiozko hileta modu bilakatu zen denborarekin. Hala, nobleziako eta aristokraziako kideek beren gorputz atalak non ehortzi edo mantendu nahi zituzten zehazten zuten testamentuetan, eta ekintza horrekin beren boterearen irudia hainbat lekutara zabaltzen. Hala egin zuen Karlos II.ak ere. Gorpua Iruñeko katedralean nahi zuen, barruak Erronkarin eta bihotza, berriz, Uxuen. Gehiegi hedatu zen joera hori, ordea, elizaren iritziz, eta aita santuak debekatu egin zuen ohitura bilakatu zena.

Historia kutsua du momienak, baina, Etxeberriak dioenez, dena ez da iragana. Bizirik dago oraindik momifikazioen ohitura. Hala gertatzen da, behintzat, beatifikazio prozesuetan. «Oraindik ere santu gaien gorpu atalak hartu, eta Erromara bidali behar izaten dira», esan du Etxeberriak. Bera ere aritua da lan horietan inoiz. «Vatikanoan oraindik ere ikaragarria da halako piezen joan-etorria!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.