Euskal oilotik, Laudiokora

Miguel Angel Garcia-Diegok Laudioko oiloa berreskuratu du, eta inguruko baserritarren artean zabaltzen ari da. Orain dela gutxi ia desagertuta zegoen arren, ia bost urtean egoera bideratu dute.

Laudioko oiloaren bereizgarrietako bat lumadiaren kolorea da: horail iluna du. EOALAK.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bost urteko lanaren ondoren, Laudioko oiloa leheneratzeko prozesuan dagoela uste du Miguel Angel Garcia-Diego Eoalak euskal oilo eta antzarren hezitzaileen elkarteko presidenteak. «Euskal oiloa arrazaren barruan dagoen oilo mota bat da, arraza bat bainoago», dio. Sodupen (Gueñes, Bizkaia) du baserria Garcia-Diegok, eta urte luzez aritu da euskal oiloaren inguruan lanean. Besteak beste, euskal oiloaren barruan dauden hainbat mota hezten ditu, desagertzeko arriskuan daudenak: oilo gorria, beltza, leposoila, eta euskal antzara. Urteetan aritu da oilo horiek hezten. «Esperientziari esker, ohartu nintzen lantzean behin lumadi horail iluneko txitak jaiotzen zirela arraza horietatik». 2007an, txita horiek gainontzekoengandik bereizten hasi zen. Horrela hasi zen Laudioko oiloa indarberritzen.

Hegazti mota horren izenak berak argi uzten duen bezala, Laudioko oiloak Araban du jatorria. «Euskal oiloen artean dokumentatu zen lehenengoa da», azaldu du Garcia-Diegok. Juan Manuel Urkixo Loriana eta Urkixoko markesari esker da hori. XX. mendean, hegaztizaintzak indar handia zuen, eta Urkixo markesak arlo horretan sekulako interesa zuen. Haren familiak Laudion zuen jauregi batean, hegaztientzako instalazioak jarri zituen, eta inguruko baserrietatik ibili zen, oilo ugaltzaile onenen bila. Denbora luzez bilketa lanean aritu ondoren, Laudioko oiloa lortu zuen azkenean. «Bereizgarrien artean, oiloaren lumadiaren kolorea azpimarratu beharko litzateke», adierazi du Garcia-Diegok.

Oiloa, erakusgai

Hautaketa prozesu horren ondoren, Laudio inguruko hainbat baserritarren artean banatu zuen oilo mota hori, eta 1925ean amaitu zuen betebeharra. Urte hori baino lehen, ordea, 1923an, lehen aldiz erakutsi zuten Laudioko oiloa hegazti erakusketa batean, Madrilen. Nazioarteko beste hainbat erakusketatara ere eraman zuen Urkixoko markesak oilo mota hori. Horien artean, 1933an Erroman egin zen nazioarteko erakusketara. «Onarpen handia jaso zuen, gainera».

Laudio inguruan, hedatuta egon zen oiloa, baina 1940ko hamarkadan beheraldi bat izan zuen. «Baserritarrak industriara joaten hasi zirenean, arraza industrialagoak ekarri zituzten, eta ia desagertzera iritsi zen», azaldu du Garcia-Diegok.

Orain, Laudioko oiloa hedatze prozesuan da. Oilo mota horretako hainbat ale bildu zituen, eta inguruko beste hainbat pertsonari eman zizkien, haiek ere hez zitzaten. «2010ean, zenbait sorta banatu nituen Eolak elkarteko kideen artean. Horrela,leheneratze prozesua bermatu egiten da».

XX. mendean, Laudion hainbat erakusketa eta lehiaketa antolatu ziren oilo mota hori sustatzeko. 2011. urteaz geroztik, berriz hasi dira antolatzen Laudioko eta euskal oiloen erakusketak. «Leheneratzea apurkakoa baina segurua ari da izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.