Euskal rap taldeak Hernanin

Info7 irratiak euskal rap taldeen topaketak antolatu ditu Hernanin; jaialdia 19:30ean hasiko da

Maite Alustiza.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Info7 irratiak tarte zabala eskainiko dio gaur euskal musikari, irratiaren bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Musika jaialdia antolatu du Hernanin (Gipuzkoa), «bertako ekoizpenari bultzada emateko asmoz». Askotariko musika estiloak entzuteko aukera egongo da Ezkiaga pasealekuan, baina bat izango da guztietan nagusi. Rapa jorratzen duten euskal taldeak bilduko dira plazan, 19:30ean. Euskal Herriko hainbat herrialdetako rap taldeak helduko dira Hernanira. Indarrap (Araba), Norte Apache (Bizkaia), %100 Gourmet (Gipuzkoa), Goienetxe anaiak (Nafarroa) eta MAK (Lapurdi) taldeek parte hartuko dute topaketetan.

Info7 irratiak adierazi duenez, Euskal Herrian indarra hartzen ari den musika estiloa da rapa; dena den, irrati eta sare ofizialetatik kanpo egoten jarraitzen du. Hortik dator rapari eskainitako jaialdi bat egitearen arrazoia.

Grafiti egileak eta Zaparrada batukada taldea ere Ezkiaga pasealekuan egongo dira, topaketak girotzeko. Gauean, berriz, bestelako musika estiloen txanda izango da. The Sparteens eta Afu taldeek doinu dantzagarriakekarriko dituzte pasealekura, 23:00etan.

Rockak ere izango du bere txokoa, Sirokak joko baitu, eta, ondoren, DJen saioa entzun ahal izango da: Daddy Jeff eta Sound Sister igoko dira taula gainera.

MUSIKA JAIALDIA

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Hernanin (Gipuzkoa), Ezkiaga pasealekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.