ATZEKOZ AURRERA. Ion Lizarazu. Programatzailea

«Euskal Twitch komunitatea indartzen ari da»

'Takatekla' izeneko euskarazko 'online' jokoa asmatu du Lizarazuk. Twitch plataformaren bidez jokatzen da, eta euskarazko hitzak «ahalik eta azkarren» idaztea da gakoa.

JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun

Informatika ikasketak egin zituen Ion Lizarazu programatzaileak (Antzuola, Gipuzkoa, 1990). Egun, Codesyntax enpresako langilea da, baina, horrez gainera, Takateklaonline jokoa asmatu du. Binaka zein taldeka joka daiteke, Twitch plataforma erabiliz. Txat bidez hitzak «ahalik eta azkarren» idaztea da jokoaren helburua, eta zuzeneko emisioen bidez jokatzen da: astelehenetan, 21:00etan.

Nolatan online joko bat?

Pixka bat sorpresaz sortu den jokoa da. Twitcheko streaming sare horretan ematen hasi nintzenean, beste streamer batekin hizketan hasi, eta txatak zuzenekoetan eragina izatea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun. Hortaz, buruari buelta batzuk eman, eta joko hau bururatu zitzaidan txata nire zuzenekoen parte bilakatzeko.

Zergatik Twitch plataforman?

Egia esan, ni Twitchen #3000Twitz kanpainaren bitartez hasi nintzen. Ekinbide horretan, Twitchen euskara hizkuntza ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzeko modua ematea aldarrikatzen zen. Hortaz, eskari hori sustatzeko hartu dudan bidea izan da. Hasieran, ikusle bezala, eta gerora, streamer gisa.

Azkartasuna da jokoaren gakoetako bat. Zein beste ezaugarri ditu?

Azkar idatzi behar da, baina, aldi berean, garrantzitsua da hitza ondo idaztea. Gainera, mezuak azkarregi bidaliz gero, Twitcheko txatak bidalketa mozten du. Hortaz, mezu baten eta bestearen arteko denbora tarte hori ere kalkulatu eta kudeatu beharra dago.

Publiko zehatz bati zuzenduta dago?

Egia da jolasetik kanpo geratzen dela sakelakoan, tabletan edo ordenagailuan ondo idazten moldatzen ez den jendea. Baina ez da jakintza oso handia behar jolastu ahal izateko! Twitcheko kontu bat izatea da muga bakarra, eta, hortik aurrera, pantailan agertzen diren hitzak gainerakoak baino azkarrago idaztean dago koxka.

Zuzeneko emisioak izaten dira. Zenbatero eta nola iragartzen dituzu partida horiek?

Erregulartasun bat mantentzeko asmoz, partida guztiak egun eta ordu berean egiten ditut: astelehenetan, 21:00etan.

Eta irabazleak badu saririk?

Plataformaren barruan, streamer bakoitzak aukera du domina antzeko batzuk jartzeko. Hortaz, nire kanaleko domina eskuratzeko Takatekla-ko partida irabazi beharra dago. Oraingoz, hori da saria.

Egunean Behinen pareko arrakasta izateko asmorik?

Kar, kar. Horrenbeste ez. Dozenaka batzuk elkartzearekin nahikoa da.

Nolako harrera izan duzu orain arteko partidetan?

Egia esan, espero nuena baino jende gehiago ari da konektatzen azkenaldian. Asteleheneko partidan, esaterako, hamahiru ikuslek egin zuten bat batez beste. Azkenean jolasak jendea harrapatzen du: partida motzak dira, elkarren artean lehiatzen dira, eta ni ere saiatzen naiz musikaren bitartez tentsioa sortzen.

Tekleatzen hasita, gaur egun nork irabaziko luke: ordenagailu bidez idazten duen norbaitek edo sakelako bidez idazten duenak?

Ez dakit. Testu bat diktatzerakoan, nik uste, nahiko parekatuta egon daitezkeela biak. Baina Takatekla-n irabazteko, ordenagailutik jokatu behar da, zalantzarik gabe. Mugikorretik zaila da zuzenekoa ikustea, eta, aldi berean, teklatuan idaztea.

Zuk zeuk nola ikasi zenuen ordenagailuan idazten?

Denbora kontua izan da. Ordenagailuarekin lan egiterakoan ordu asko igarotzen ditut tekleatzen. Hortaz, nahi gabe ikasi dut.

Gaur-gaurkoz, 30 inguru zarete euskal Twitch komunitatea osatzen duzuenok. Goranzko joera dagoela esan daiteke?

Bai, poliki-poliki indartzen eta martxa hartzen ari dela esan daiteke. Batzuk sarriagotan sartzen dira, beste batzuk gutxiagotan, baina jendea animatzen ari da. Hori garrantzitsua da; izan ere, ez zen oso bideragarria norberak streaming-ak egitea, eta, era berean, gainerako streamer-ak ikusten egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.