«Hemen oso gustura gaude», adierazi du Fernando Larraiotz Oinez txokoaren koordinatzaileetako batek. Bertsolarien ekitaldiaren aurretik, lasaitasun giroa dago txokoan. Festak laster ekuadorrera ailegatuko dira, eta pozik dago orain arte egindako lanarekin zein salmentekin. Larraiotzek esan duenez, salmentak «iazkoaren pare» daude, baina uste du behin asteburua igarota jendearen erritmoak nabarmen egingo duela behera.
Aurten, Tafallako Garces de los Fayos ikastolari egokitu zaio Nafarroa Oinez antolatzea. Sarasate pasealekuan arropa denda bat du Oinez-ek, eta, gainera, sanferminetan, euren karpa Taconeraren hegal batean dago. Toki lasaia da. Larraiotzek nahiago du horrela. «Nire ikuspuntutik, Gazteluko plazan egotea baino hobea da horrela egotea. Han ez dago giro euskaldunik; hemen, berriz, bai». Karparen inguruan dagoen agertokian, gainera, kontzertuak eta ekitaldiak antolatzen dira, eta horiek erakarrita euskaltzale ugari biltzen da bertan, bereziki arratsean afaltzeko.
Hurrengo egunetan
Atzo, bertsolarien saioaz gain, gauerdian Zea Mays musika taldeak jo zuen. Gaur, 13:00etan, txistularien alardea egongo da, 20:00etan, Txutxin Ibañez eta bere mariatxiek joko dute, eta 00:00etan, Surfin Kaosek. Asteazkenean, berriz, Anje Duhaldek joko du, gauerdian.
Ekitaldiok eta hala bazkaritan nola afaritan saltzen dituzten ogitartekoek jendea erakartzen dute. «Su festak ere ongi ikusten dira», eta hainbat pertsona ere biltzen dira horregatik. Larraiotzen ustez, arratsean bereziki, ez da toki gehiagorik egoten. Egunez, berriz, lasaixeago egoten da gunea.
Gunean, arropa gehiago saldu da lehen egunetan. Izan ere, gauetan, ipar haizearen ondorioz, giroa freskatu egin da, eta, ondorioz, arropa gehiago saldu dute. Antolamendu aldetik, txandaka ibiltzen dira. Tafallako ikastolako jendea etortzen da, baina beste toki batzuetako ikastoletako gurasoen laguntza ere jaso dute. Batez beste, sei-zortzi orduko txandak dira.
Euskal txokoan pozik dira orain arteko lanarekin
Nafarroa Oinez-eko antolatzaileen arabera, festako lehen lau egunetako salmentak «iazkoen pare» daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu