Euskal baleazaleek Kanadako Atlantikoko tribuetan utzitako arrasto kultural eta genetikoak aztertzeko, kongresua abiatu zuten atzo EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan. Askotan jorratu da arlo kulturaletik euskaldunek hango tribuetan izan zuten eragina. Biomics taldea ari da bi herrien arteko harremanak genetikaren bidetik jorratzen. Ikerketa horretako kidea da Sergio Cardoso.
Kongresu multidiziplinatua da honako hau. Zerk bultzatua?
Gure ikerketa taldeak gizartearen genetika aztertzen du, eta, horregatik, multidiziplinarioa izan behar du azterketak. Hizkuntzalari, arkeologo eta beste hainbatekin kolaboratuko dugu. Diziplina horiei genetika lotzen zaio, denon artean errealitate osoago bat lortzeko.
Zertan lagundu dezake genetikak baleazaleen ildoari jarraitzen?
Euskal biztanlegoak berezitasun ugari ditu. Denbora luzez geografikoki eta kulturalki isolatuta egon da, eta, hortik abiatuta, biztanleria honen DNAk aztertu ditugu. Hor ohartu gara berezitasun batzuk dituela euskaldunen genetikak. Leinu ezberdinak aztertu ditugu, eta ohartu gara hemengo geneek berezitasunak dituztela, bertakoak direla bereizten laguntzen digutenak. Horregatik, Y kromosoma bertako tribuetan bilatzeko moduan gaudela uste dugu. Izan ere, hemendik Kanadara joan ziren euskaldunak, oro har, gizonezkoak izan ziren, arrantzaleak baitziren. Beraz, linguistika, arkeologia, antropologia eta genetika elkartuz gero, era batean zirkulua ixteko moduan gaudela uste dut, eta jakin hemendik joandako baleazaleek zenbaterainoko erlazioa izan zuten bertako tribuko biztanleekin. Eta kongresua diziplina horien guztien bateratzea besterik ez da.
BIOMICs-eko taldea leinu genetikotik ari da ikerketa egiten. Zein emaitza lortu dituzue?
Oraingoz dauzkagun emaitzak ez dira biztanle natibo amerikanoen ingurukoak. Proiektua oraintxe ari da abian jartzen. Biztanleria euskalduna aztertzen ari gara denbora luzez, ez iberiar penintsulakoa bakarrik, baita diasporakoa ere. Une honetan eskuan dauzkagun emaitzak baliatuz, oinatz horri jarraitzeko aukera ematen digute.
Kanadako Atlantikoko kostako tribuak aztertzeko ekimen hori zuek abiatu duzue...
Bai, askotan zaila da tribu horietara iristea. Eta guk hasieratik eduki dugu horretarako aukera. Ameriketan tribuak genetikoki askoz gutxiago ikertu dira, eta zehazki biztanle horiek ikertu gabe daude. Horregatik pribilegiatuak gara.
Zein bereizgarri dituzte hango euskal geneek?
Kanadako natiboen egoera ezberdina da, hara ez baitziren emakumeak joaten. Beraz, Y kromosomaren bila gabiltza hango ikerketetan.
Eta ikerketa horiek zein aplikazio izan ditzakete errealitatean?
Biztanleen genetika biomedikuntzaren oinarria da. Biztanleria bat ezaugarritzen lagundu dezake, baina gaixotasun bat prebenitu nahi bada, ikuspuntu hori ere garrantzitsua da, leku bateko biztanleriaren ondare genetikoak asko lagundu baitezake. Baina, esan dudan bezala, biztanleria ezaugarritzeko ere oso garrantzitsua da. Are gehiago zailtasunak izan dituzten herrialdeentzat. Izan ere, ondare genetikoa onartzea oso garrantzitsua izan daiteke tribu batzuentzat.
Beraz, euskal baleazaleen ildoa garrantzitsua izan da...
Bai, eta batez ere tribu batzuetan. Eurekin izandako elkarreragina oso altua izan zen. Eta harreman horrek bost mendetan iraun zuen. Pentsa, hango tribuen hizkuntzarekin nahastuta beste bat sortu baitzen: algonkino eta euskararen artekoa. Eta, horretaz gain, buruzagi natibo askok Great chief basque (Buruzagi euskalduna) izena daukate. Beraz, atera kontuak.
Eta gaur egun zein egoeratan daude harreman horiek euskaldunen eta Kanadako tribuen artean?
Erlazioak mantendu egin dira. Eta euskal erakunde askok hara bidaiatzen dute erlazioari eustkeo. Baita haiek hona ere. Esaterako, orain dela gutxi Mi'kmaq-eko delegazio bat hemen egon zen. Edozein modutan, uste dugu martxan jarri dugun proiektu multidiziplinatu honek balioko duela bi herriek izandako harremana berriz abiarazteko. Gaur egun, bi komunitateen arteko erlazioa egon badago, baina balearen industria galdu zenean, asko jaitsi zen.
Sergio Cardoso. Biomics ikerketa taldeko kidea
«Euskaldun eta tribu kanadarren erlazioa berreskuratu nahi dugu»
'Euskal baleazaleen ildoei jarraiki' izeneko kongresuan euskal baleazaleek Kanadako tribuetan izan zuten eragin kultural eta genetikoa aztertuko dute. Sergio Cardosok antolakuntzan dihardu, bai eta bi herrien lotura genetikoa aztertzeko lanetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu