Bihar Berria-n

Euskalduna al zen Kristobal Kolon?

Nabigatzailea sortzez Nafarroa Beherekoa eta agota zela ondorioztatu du Joxe Mari Ertzillak, hainbat urtetan ikertutako eta osatutako hipotesi batean.

jakes goikoetxea
2021eko martxoaren 26a
13:34
Entzun

Misterio handia dago Kristobal Kolonen jatorriari buruz. Nongoa zen XV. mendean jaiotako almirantea? Kolon hainbat herrialdetakoa zela esan izan dute. Gehien zabaldu eta onartu den hipotesiak dio Genovakoa (Italia) zela. Badira, ordea, katalana, galiziarra edo portugaldarra zela dioten teoriak ere. Badira Kolon euskalduna zela esan izan duten teoriak. Hala dio Joxe Mari Ertzilla mediku dentista ohi eta historiazale oriotarrak. Zehazki, Ainhize-Monjolosekoa zela. Garai hartan Nafarroako Erresumaren zatia zen Nafarroa Beherea, Bortuz Bestaldeko Merindadea. Inguru hartan bizi ziren beste asko bezala, Kolon agota izan zela ere badio Ertzillak. Nafarroa Beherean jaio izanak eta agota izateak haren izaeraren, erabakien eta ibilbidearen hainbat ertz argitzen dituela uste du. Besteak beste, jatorria ezkutatu izana, agota zela jakinez gero heretikotzat har zezaketelako. Bihar irakurri ahalko dira Ertzillaren hipotesiaren oinarriak, BERRIAn.

Kolon euskalduna eta agota zela ondorioztatzeko, kolondarrak topatu ditu Izurako eta Ainhize-Monjoloseko erroldetan; Kolon anaiek zituzten artritisak agoten artean oso ohikoak direla nabarmendu du, eta bai batzuek bai besteek zutela gaitz horiek izateko arriskua handitzen duen HLA-B27 antigenoa; Kristobal Kolonen ezaugarri morfologikoek Europa erdialdekoekin antz handiagoa dutela, iparraldekoekin eta Mediterraneokoekin baino; bere armarrian Iholdiko armarria jarri zuela; euskarazko hitzak eta toponimia erabili zituela Amerikan lekuak izendatzeko, baita Nafarroa Beherean oso ohiko eta gertuko zituen izen erlijiosoak ere; eta bere bizitza guztian sortzez Nafarroa Beherekoak ziren familiekin elkartzen saiatzen zela, horien artean bi emazteak.

Kristobal Kolonen jatorriari buruzko misterioa aurten argitu daiteke. 2003an Kristobal Kolonen hiru hezur eman zizkioten nazioarteko ikerketa talde bati, hortik DNA erauzteko eta nabigatzailearen jatorri genetikoa argitzeko. Orduko teknologiekin ez zutela bermerik ikusita, ikerketa atzeratu egin zuten, eta jada ari dira DNA ikertzen. Emaitzen aurrerapen bat ematekoak dira maiatzean, eta behin betiko ondorioak urrian jakinaraziko dituzte.

Kontraste handiko gehigarria izan ohi da Bizigiro. Bihar ere bai: gai historikoez ez ezik, zirkuaz ere arituko baita. Gure Zirkuaz. Iker Galartzak sortutako eta bultzatutako zirkua bueltan da. Apirilaren 8an ekingo dio laugarren denboraldiari, Errenterian (Gipuzkoa). Aurten Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa dute, apiriletik uda amaierara arte.

Gastronomian, Vluber: sukaldea eta janaria banatzeko plataforma uztartzen dituen proiektua. Langileen gustu eta beharretara egokitutako platerak eraman nahi dituzte enpresetara, enpresak baitira haien bezero.

Ikus-entzunezkoetan, alde batetik, hurrengo asteko estreinaldietako bat: Martin Eden. Filmin plataforman estreinatuko dute. Jack London idazlearen liburu batean oinarrituta dago, eta oso goraipatua izan da mundu guztian. Telesailei eskainitako orrian, berriz, Enrique Urbizu bilbotarraren Libertad, XIX. mendeko Espainian girotutako istorioa. Berez, telesaila zein filma da, bost ataleko telesaila edo bi orduz gaindiko filma. Bi hazi emankor horiek zainduz loratu da sortzaile bizkaitarraren nortasun propioa, eta gustukoen dituen elementuak irabiatu ditu proposamen berri horretan ere. Westerna, krimena, abentura eta gogoeta filosofikoak uztartzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.