Gorka Larrañaga artistak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1974) performance batekin zabalduko du Corazón chilango erakusketa, gaur,19:00etan, Arteztu galerian, Donostian (Resurrecion Maria Azkue kalea, 12).
Zergatik joan zinen Mexikora?
Inoiz ez nuen pentsatuko Mexikon bukatuko nuela, ez zelako nire destino ideala. Azkenean, graduatu ondokoa han bukatu eta han hasi nintzen artearen munduan lanean.
Mexikoko estetikak haustura ekarri zuen zure margogintzan?
Bai. Nire pinturan inguruak eragin handia dauka. Inspirazioa eta osagaiak hortik ateratzen ditut, gero nire lanean lantzeko. Azkoitian bizi nintzenean, leihoak egiten nituen. Bizitzarekin loturiko pintura egin nahi nuen: gauean ateratzen nintzen eta leihoei argazkiak egiten nizkien, voyeur ariketa batean. Besteen bizitza geurea baino gehiago bizi dugu gaur, azken batean. Argazkiok ordenagailuan landu eta gero margo bihurtzen nituen. Mexiko Hirira Euskal Herriko herri txiki batetik heltzea aldaketa bortitza da. Bizpahiru urte behar izan nituen begirada lantzeko eta ingurura moldatzeko. Hirugarren urtean hasi nintzen hango metroa, autobideko zubiak eta cháchara margotzen.
Zer da cháchara eta zergatik interesatzen zaizu?
Txinan egindako kontsumo lasterreko gauzak dira: plastikozko jostailuak eta halakoak. Mexikon arrakasta berezia dute gauzok, eta esan nahi kultural sakona dute. Ez naiz antropologoa, baina indigenen garaiko joera ikusten dut hor, distiraren maitasun horretan. Hori hartu dut orain motibotzat, eta horretan ari naiz, niri eragiten didana erretratatzeko: oso hiri handia, erasokorra, zikina... Alde batetik bestera egunero egiten ditudan bidaietan bizi dudana hartzen dut; cháchara erosten dut; silikonarekin, erretxinarekin landu; eskaneatu, eta halako irudi erdi abstraktuak sortzen ditudanean, inprimatu egiten ditut.
Poparen osagai kitsch horietatik abiatu, baina espresionismo abstraktutik eta instalaziotik gertuago amaitzen duzu.
Pinturak gaurko artearen munduan asko du esateko oraindik, baina beste gauzekiko harremana topatu behar du. Espazio publikoetan argi kaxak sartzen ditut, esaterako. Auto mailatuen txapak lapurtu eta horien gainean neure irudiak margotzen ditut. Poparen osagai ideologikoan ez dut interesik; neuri eragiten didana interesatzen zait: euskarri berriak topatu eta neure sentsazioentzat erabiltzen ditut. Zirkulu bat da.
Orain euskaldun chilango bat zara?
Bai. Euskalduna izateari uzten ari natzaio, baina Mexikon beti izango naiz atzerritarra. Taxilariek azaltzen dutenez, hirira bizitzera heltzen dena da chilango-a. Euskal Herrian beldur nintzen kolore asko sartzeko, esaterako, eta orain beldurrik gabe sartzen dut. Mexikar arrunta ere oso bizarroa da, gauza barroko eta koloretsu zalea.
Eta, halere, lan hauetan euskal oinarriek eta Mexikoko ohiturek bat egiten dutela diozu. Hori ikusi egiten da erakusketan?
Nolabait, bai. Urolako sakonetik nator, eta horrek izaera eta bizitza ikusteko modua markatzen du. Nire eragina Oteiza eta halakoak izan dira. Nire lanetan, esaterako, pinturan oso gaizki ikusita dagoen gauza bat egiten dut: hondo zuriak erabiltzen ditut, zuritasun hutsa. Argi dago: hori ez da Mexikokoa.
Gorka Larrañaga. Artista
«Euskalduna izateari uzten ari natzaio, baina Mexikon beti izango naiz atzerritarra»
Zazpi urte daramatza Larrañaga margolariak Mexiko Hirian. Euskal Herriko eta hango estetikak bere lanean duen eraginaz eta Txinako dendetako gauza distiratsuenganako maitasunaz mintzo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu