Komunikazioa

Euskaldunek zer komunikazio tresna behar dituzten aztertuko dute gaur

Tokikomen jardunaldia egingo dute gaur, Arrasaten, tokian tokiko hedabideen geroaz eztabaidatzeko

Joxe Rojas —ezkerrean— eta Tokikomeko beste arduradunak, egitasmoa aurkezten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Zer esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak?» Horra galdera. Euskarara itzuli du Joxe Rojas antolatzaileak BERRIArentzat: «Euskara elkarteetan sorturiko aldizkariak eta tokian tokiko hedabideak helburu batekin eratu zituzten: euskararen erabileran eta normalizazioan eragitea, hiztunak euskaraz egitera bultzatzea eta komunitatea ikusgai egitea». Hedabideok, beraz, tresna gisa ulertzen dituzte. Hedabideen krisiak eta krisi orokorrak horien etorkizuna kolokan jarri dutenez, tresna horien geroa aztertu nahi dute, «betiere zertarako jaio ziren, hau da, helburua kontuan hartuta». Funtzio hori betetzeko zer-nolako komunikazio eskema behar den eztabaidatuko dute.

Horretan emango dute eguna, gaur, Arrasaten (Gipuzkoa), Topaguneak antolaturiko Tokikom jardunaldietan. 09:00etan hasiko dira, Garaia berrikuntza gunean.

Etxekoak eta Flandriakoak

Nekane Goikoetxearen Sorguneak txostenarekin hasiko da laneguna, hedabideen funtzio soziolinguistikoa azaltzen, alegia. «Ez dugu hedabideen iraupenean geratu nahi, halere», dio Rojasek, «baizik eta euskarazko hedabideok duten eginkizuna gogoratu, eta hori nola bete aztertu».

Euskarak 800.000 hiztun ditu, baina ikusezinak dirudite. Hedabideen bitartez hiztun horiek ikusgarri bihurtzeko erronkaren inguruan arituko dira Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain Huheziko irakasleak. Tokian tokiko hedabideen sare trinko bat eratu behar dela eta ohitura berrietara moldatu behar dela azalduko dute.

CodeSyntax enpresako Gari Araolaza eta Luistxo Fernandez teknologia berriek hedabideetan duten eraginaz mintzatuko dira, eta erronkak zein aukerak zeintzuk diren azalduko dute.

Baina jardunaldian kasu praktikoak ere ezagutzeko aukera izango dute. Flandriako Het Belang van Limburg egunkariko Bart Bijnens kazetari eta koordinatzaileak egitasmoaren berri emango du. Bere eskualdean lehena da kazeta; egunero 100.000 ale saltzen ditu, eta horietako gehienak harpidetzaren bidez. Beraz, eredu ezinhobea euskarazko prentsarentzat. 2011. urtean egitasmo berezia hasi zuten, kazetari profesionalek herritarrekin bat egiteko eta horien ekarpenak erredakzioan sartzeko.

Urruti samarretik hurbilagora, Hernaniko Kronika-ren kasua aztertuko dute gero. Igande eta astelehenak barne, egunero, euskaraz argitaratzen den berripaper bakarra da, eta 15.000 irakurle ditu.

Dena papera izan ez dadin, irratigintzaren erronkei ere erreparatuko diete: Antxeta irratiko Agus Hernanek lizentzien banaketaren gaia azalduko du.

Mahai ingurua egingo dute, ondoren, Tokikomeko Inazio Arregik, Argia aldizkariko Xabier Letonak, BERRIAko Iban Arregik eta El Diario Vasco egunkariko Nerea Azurmendik.

«Une kritikoan gaude, eta orain arte oso sakabanatuta ibili bagara ere, uste dugu aurrerantzean elkarrekin hurbilago aritu beharko dugula», dio Rojasek. Antolatzaileek ez dituzte hedabideen arduradunak gonbidatu nahi izan, baizik eta erredakzioetan lanean ari direnak, «arduradunen ideiek askotan ez dutelako erredakzioetan dagoen giroa islatzen». Jardunaldian aterako diren ideia nagusiak lantzeko, tailer bereziak egingo dituzte uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.