ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Fernandez. Hizkuntzalaria

«Euskaldunok elikatzen ditugu gure hizkuntzari buruzko mito asko»

Beatriz Fernandez hizkuntzalariak euskararen eta gaztelaniaren arteko antzekotasun gramatikalak aztertu ditu, erreferentzia eta adibideen laguntzaz, 'Euskera para castellanohablantes' liburuan.

Julen Aperribai.
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hizkuntza guztien artean daude antzekotasunak, Beatriz Fernandezen arabera (Portugalete, Bizkaia, 1964). Sarri, «erraietara» jo behar izaten da horiek antzemateko.Bere liburu berriaz eta hizkuntzen arteko eraginaz aritu da.

Zor bat kitatzeko asmoz idatzi zenuen liburua, aurkezpenean azaldu zenuenez. Zein da zor hori?

Liburua gurasoei eta aitona-amonei eskainita dago. Santurtziko [Bizkaia] Bihotz Gaztea ikastola sortu zutenen artean izan ziren gurasoak, eta erdi klandestinoak ziren eskola haietara eramaten zituzten umeetako bat naiz ni. Gure etxeko hizkuntza ez da euskara, gaztelania baizik, eta eurek, gaztelania ez ezik, euskara ere oparitu zidaten: inoiz jaso nezakeen oparirik onena.

Euskararen eta gaztelaniaren arteko antz handia dela diozu. Zertan, batez ere?

Gure gramatika ereduan hizkuntzen arteko antzekotasunak azpimarratzen dira nagusiki, eta gramatika unibertsal bat eraikitzen saiatzen gara. Aldeak daude, batez ere, hizkuntzei kanpotik begiratzen zaienean, eta ez hainbeste hizkuntzen erraietara bidaiatzen denean. Hitzen hurrenkerari begiratzen badiogu, badirudi euskara eta gaztelania kontrajarriak direla, baina hitzei ematen diogun zentzua bera da bi hizkuntzetan. Beharbada, hitzak elkarri lotzeko estrategian kontrarioak gara, baina ez horrenbeste perpausak zein atalek osatuko dituzten erabakitzerakoan.

Edozein hizkuntzarekin izan dezake antza, beraz, euskarak. Zergatik hautatu zenuen gaztelania?

Ama hizkuntza dudalako gaztelania.Umetan ikasi nuen euskara ikastolan, eta banuen lotura sentimental bat gaztelania hiztunekin. Euskal paradisura eraman nindutenak gaztelaniadunak izan ziren. Eskertza keinu bat ere bada, ahalegin hori egin dutenei.

Antza erakusteak onurarik ekarri diezaioke euskarari?

Euskararen irakaskuntzari ez dut uste onurarik ekarri dionik desberdintasunetan erreparatzeak. Hiztun berriak uxatzeko estrategia da euskara zerbait arras desberdina eta inguruko inongo hizkuntzarekin zer ikusirik ez duen zerbait dela esatea. Euskararekiko interesa duenari eta ikasteko ahalegina egiten duenari erakutsi behar zaio badagoela bide bat horretarako bere ama hizkuntzetatik abiatuta.

Euskararen inguruko mito asko al dago erdal hiztunen artean?

Guk geuk, euskaldunok elikatzen ditugu gure hizkuntzari buruzko mito asko. Gurtzeak ez dakarkio onik hizkuntzari. Daukagun guztia eskaini behar diogu hizkuntzari, baina itsutu gabe. Bestela, gauza asko ez ikusteko arriskura eraman gaitzakete mitoek. Munduko hizkuntza guztiak dira bereziak, eta euskara beste edozein hizkuntzaren parekoa da. Hori azpimarratzea komeni zaigu, bai euskaldunoi eta bai gaztelania hiztunei.

Euskal hiztunentzat ere baliagarria izan al daiteke liburua?

Euskaldunek ere irakur dezakete, noski. Kontuan hartu behar da euskal hiztun gehienak elebidunak direla.

Gaztelaniak euskaran duen eragina zenbateraino da positiboa?

Begi bistakoa da hizkuntzek elkarri eragiten diotela. Ezer gutxirako balio du hori ona ala txarra den esateak: ezin da eragotzi. Euskaldunok egin behar duguna da hizkuntza zaindu eta konpromisoak hartu.

Besteak beste, zinema, literatura eta gastronomiako erreferentziekin arindu duzu testua.

Ez dakit zenbat liburu idatzi ditudan euskaraz, eta beste zenbat editatu. Bada, nire kuadrillakoek ez dute bakar bat ere irakurri. Lan oso teknikoak dira gureak, eta gure irakurle taldea oso txikia da. Orduan, saiatu naiz bestelako irakurle batengana heltzen, eta, horretarako, ezin daiteke gramatikaz hitz egin, testua nolabait goxatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.