Ismael Yague txistulariak (Mexiko, 1978) 30 urte daramatza Mikelats dantza taldearekin batera jotzen. 8 urterekin hasi zen musika eskolan, eta, gero, kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten. Aurten, euskal dantzen ekitaldia bertan behera geratu da euria dela eta. Penaz hartu dute Yaguek eta gainontzeko parte hartzaileek, baina jotzea erabaki dute.
Berezia izaten da zuretzat egun hau?
Oso polita da; gainera, sanferminetako lehenengo ekitaldietako bat da, eta jende asko gerturatzen da. Dantzari guztiek elkarrekin egiten duten jarduera gutxi horietako bat da, eta oso berezia izaten da. Gainera, izaera erabat herrikoia dauka: hemengo taldeak eta hemengo musikariak dira. Nik uste garrantzitsua dela hori.
Nola ikusten dira sanferminak txistulari baten begietatik?
Azkeneko urteetan, familia dela eta, ez dut horrenbeste jo. Hala ere, jo izan dudanean, eta nirekin jotzen dutenek kontatzen didatenaren arabera, polita, gogorra eta neketsua izaten da. Bi mundu ezberdin dira, kaleko giroa, musika, kultura... Eta, beste alde batetik, gauean parranda egitea, parranda egin nahi duenak. Biak uztartzen saiatzen gara.
Zure ustez, euskal kultura sanferminetan finkatuta dago?
Esan bezala, San Fermin asko daude. San Fermin instituzional bat dago, alde batetik; parrandazalea, bestetik, eta, gero, herri San Fermin bat dago. Nik uste dut euskaldunok eta euskal kulturak hor daukagula gure txokoa, eta nahiko garrantzia baduela.
Ismael Yague. Txistularia
«Euskaldunok eta euskal kulturak herri sanferminetan dugu gure tokia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu