Komunikazioa

Euskalkiak eta oroimena ardatz, 'Nire argazkia' lana 2013an iritsiko da ETBra

Jokin Etxeberriak eta Benito Duinatek egindako dokumentala aurkezteko jaia egin zuten atzo, Bilbon

Dokumentaleko protagonista bakoitzak oroitzapen batzuk kontatzen ditu, argazki baten bitartez. J.O.K. FILMS.
urtzi urkizu
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hiru familiatako kideen oroitzapenen bitartez, euskalkiak entzuteko modu berezi bat proposatzen du Nire argazkia dokumentalak. Jarraipena izango duen sail baten aurreneko pieza da hori, eta atzo aurkeztu zuten, Bilboko Kafe Antzokian. ETBn ikusteko, berriz, 2013. urtera arte itxaron beharko da. J.O.K. Films ekoizpen etxeak egin du lana.

Jokin Etxeberria eta Benjamin Duinat dira dokumentalaren egileak. Etxeberriak azaldu duenez,2011. urtearekin hasi ziren proiektua lantzen. «Duinat Parisen irakasle lanetan aritu zen hainbat urtez, eta Euskal Herrira itzuli zenean elkarrekin heldu genion proiektu honi. Euskalkiekin zerbait egitea pentsatu genuen». Dokumentaleko familia protagonistekin lanean hasi aurretik, luze mintzatu ziren Iñaki Gaminde hizkuntzalariarekin —haren hitzak ere agertzen dira lanean—. «Hark proposatu zigun eskualde euskaldunekin hasteko. Euskalki oso markatuak ere aukeratu genituen», dio Duinatek. Hartara, Lekeitioko (Bizkaia), Azpeitiko (Gipuzkoa) eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) hiru familia aukeratu zituzten. «Pixkanaka joan ginen familia bakoitzari proiektua azalduz. Senide bakoitzak argazki bat hautatu behar zuen, istorio bat kontatzeko, ahaideekin lotura zuena. Giro goxoa sortuz joan ginen grabaketei heldu aurretik», azaldu du Duinatek.

Dokumentalean agertzen diren Iñaki Gaminderen azalpenen inguruan, Etxeberriak dio euskararen egoera zertan den jaso nahi zutela dokumentalean. «Gamindek azaldu du nola moldatzen den euskara leku batetik bestera».

Lan intimoa eta errealista da Nire argazkia. «Errealista da, bai, baina ez dugu jo sentsazionalismora. Oroimena belaunaldi batetik bestera nolakoa zen azaldu nahi genuen modu apalean. Grabazio guztiak kamera eskuan egin genituen, tripoderik gabe. Halaber, oso talde txikia ginen, eta modu horretan, familien etxean errazago sar gintezkeen».

ETBk datorren urtean dokumentala estreinatu ostean, proiektuak jarraipena izango du, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Saileko laguntzarekin. «Gure ideia da Euskal Herriaren itzulia egitea, euskalki ezberdinak jasoz», dio Etxeberriak. Bigarren atalean Arabara jotzeko asmoa zuten egileek, eta Aramaio herria aukeratu dute. Lapurdin eta Zuberoan ere egingo dituzte grabaketak, baina herrialde horietan ez dituzte oraindik herriak erabaki. «Euskal Herriko mapa betez joan behar dugu. Bigarren alerako jendea bilatzen ari gara».

Proiekzioak, kultur jaiekin

ETBn estreinatu aurretik, egileek hainbat proiekzio egiteko asmoa dute hainbat hiritan. Atzo egin zuten aurreneko estreinaldia, Bilboko Kafe Antzokian. Eta proiekzioaren ostean, Beñat Achiaryk eta Urko Menaiak kantatu zuten. Pello Erramouspek, berriz, musika elektronikoa eraman zuen. «Estilo eta belaunaldi ugaritako lagunak bildu nahi ditugu aurkezpen jaialdi hauetan. Gure kanpaina propioa egin nahi dugu Nire argazkia lanarekin, proposamen kultural batekin», azaldu du Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.