Euskaltelek LTDko kateak eskainiko ditu abenduaren 15etik aurrera

LTD-A KABLE BIDEZ

urtzi urkizu
DONOSTIA
2005eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Etxeko antena egokitu gabe ezinezkoa da egun lurreko telebista digitalaren kateak ikustea, nahiz eta dekodegailu bat edo telebista berri bat izan atzo hasi zituzten emisioak. Euskaltelek, aldiz, antena ukitu gabe LTDko 20 kateren konexioa eskainiko du abenduaren 15etik aurrera (horien artean ETBko lau). Era berean, Natura, Euronews, Zona CNBC, BBC1, TV5, TVG, TV3 eta Canal9 ikusi ahal izango dira.Horretarako, bezeroak Euskaltelen dekodegailua alokatu (hilean sei euro) edo erosi (99 euro) egin beharko du. Dekodegailu horrekin ikus-entzuleak filmak eta futbol partidak erosteko aukera izango du (hilean hiru euro gastatu beharko dira). Posta elektronikoa eskaini, futbol apustuak egin eta etorkizuneko zerbitzu interaktiboak erabiltzeko modua ere emango du.

Alberto Garcia Erauskin Euskalteleko kontseilari buruak iragarri duenez, «Euskaltel izango da operadore bakarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lurreko telebista digitala doako telebistari lotuta eskainiko duena, bestelako kuotarik gabe». LTDa zabaltzearen inguruan, dena dela, «lasai egotea komeni» dela ohartarazi du Garcia Erauskinek. Joseba San Nicolas Euskalteleko ordezkariak, ildo beretik, «zer eduki dauden ikusi beharra» dagoela esan dio Berriari. «Telebista digitalean erreferentzia izan nahi dugu, baina kontuan izan behar da LTDa pixkanaka sartzen joango dela». Tokiko telebista digitalak ere Euskalteleko deskodetzailearen bitartez jaso ahal izango dira etorkizunean.Telebista digital berria duten Euskalteleko bezeroek, bestalde, ez dute dekodegailurik erosi beharko, eta abenduaren 15etik aurrera LTDko 20 kate hartuko dituzte, doan.Euskalteleko kontseilari buruak ikus-entzuleei presarik ez izatea gomendatu die: «Ziur asko hobe da LTD gara dadin itxarotea, denborarekin prezioak jaitsiko baitira».

DEKODEGAILUEN ZERBITZUAK



Kateek oraingoz ez dute interaktibitaterik eskaintzen



LTDko kateak hartzeko dekodegailuen artean merkatuan 30 marka inguru daude. Gehienek soilik telebista seinalea jasotzeko modua emate dute, eta gutxik eskaintzen dute interaktibitatea (Euskaltelekoek bai). Izan ere, oraingoz telebista kateek ez dute interaktibitate hori eskaintzen. Datozen urteetan, ikus-entzuleek parte hartzeko zerbitzu berriak jarriko dituzte martxan, eta horretarako dekodegailu bereziak beharko dira. Kasu gehienetan dekodegailu bat behar da telebista bakoitzeko, LTDa etxe osoan hartu nahi bada. Baina merkatuan bada tresna bat seinalea etxeko telebista guztietara bidaltzen duena. Bestalde, dekodegailu garestienek saio ugari grabatzeko memoria dute, eta Interneten nabigatzeko aukeraere ematen dute (300 eurotik gorako prezioan).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.