ATZEKOZ AURRERA. Jone Miren Hernandez. Gizarte antropologiako irakaslea

«Euskara babestea emakumeen ardura izan da»

Kazetaria, EHUko irakaslea eta gizarte eta politika zientzietan doktorea da. Tesian euskara eta identitateen arteko loturak aztertu ditu.

Iker Tubia.
Iruñea
2015eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Euskarari buruz, baina generoaren ikuspuntutik. Jone Miren Hernandez kazetari, soziologo eta gizarte antropologiako irakasleak (Lasarte-Oria, 1970) hitzaldia eman du Iruñean, Martxoaren 8arekin lotuta: Amak, andereñoak, transmisoreak, kontulariak, traidoreak... emakumeak euskararen unibertsoan.

Euskarari buruz aritzean ez da feminismoaren ikuspegitik egiten?

Euskarari buruzko analisia egiten dugunean hainbat aldagai kontuan hartzen dira, esate baterako, adina eta testuingurua. Baina gutxitan erreparatzen diogu genero aldagaiari. Bitxia da, beste esparruetan analisi hori egiten baita, baina hizkuntza badirudi aparte geratzen dela.

Amak, andereñoak... Euskararen transmisioan giltzarri izan dira emakumeak?

Figura horiek dira batez ere tradizionalki emakumeei ezarritako rolak, eta oso lotuta daude hizkuntzarekin. Nik esango nuke diskurtso hori XIX. mende bukaeran hasi zela. Emakumeen zeregin nagusi bat izan da euskararen transmisioaz arduratzea: ama moduan, gero andereño gisa. Eredu edo figura ezberdinak egon dira, eta denen kasuan euskara babestea haien ardura izan da. Historian eredu edo irudi horiek sortzen joan dira, eta euskararekin lotura izan dute.

Nola sortu dira emakumeen irudi horiek?

Irudiak hiru iturritatik elikatzen dira: alde batetik, diskurtso akademiko-zientifikoa dago, adibidez antropologoak, eta horiek euskal emakumea nolakoa den irudikatzen hasten dira. Oinarri gisa baserritarra hartzen dute. Beste diskurtso mota bat mitikoa da, Mariren inguruan egin diren hipotesiak eta horrekin lotuta matriarkatuarena. Eta hirugarren diskurtsoa etniko-politikoa litzateke. Hiru diskurtso horien artean irudikatu dituzte euskal emakumeen ezaugarriak: nolakoa den, zertan aritzen den, zein den haren lana... Desberdinak izan arren, denek dituzte antzeko ezaugarriak.

Eta zeintzuk ziren traidoreak?

Modu desberdinetan eredu horietatik alde egiten saiatzen ziren emakumeak. Testu batzuetan aipatzen dira traidore edo urratzaile moduan. Adibidez, 1920ko hamarkadan, Europan emakumeen egoeran aldaketa asko izan ziren: botoa eskuratzen ari ziren, lan munduan jende asko sartzen eta abar. Aldaketa horiek momentu horretan iritsi ziren Euskal Herrira. Baziren urduritasuna sortzen zuten emakume batzuk, ordura arteko irudiak apurtzen zituztelako.

Euskara birpentsatu behar da?

Beti esaten da euskarak gaztelerak baino bereizketa gutxiago egiten dituela. Baina dakitenek diote euskaraz ere markatzen direla generoak, beste hizkuntza batzuetan argiagoa den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.