Bilboko Aste Nagusia 

Euskara eskujokoetan

Euskaraz Bizi eguna ospatu du Hau Pittu Hau konpartsak. Bilboko Berbalagun egitasmoari eman diote Euskara saria. Euskararen erabilera zabaltzeko aukerak sortu izana eskertu diete

Euskara eskujokoetan.
Bilbo
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«Zer jartzen du hor?», galdegin du Murtziako familia batek. Hau Pittu Hau konpartsaren txosnan idatzia duten «Herri honetan euskaraz bizitzeko malabareak egin behar dira» esaldiak zer esan nahi duen jakin nahi zuten, eta baita erantzuna lortu ere. «Euskaldunon konpartsa» da Hau Pittu Hau, Euskal Herrian Euskaraz elkarteari lotuta dago, eta euskararen normalizazioa du helburu. Euskaraz Bizi eguna ospatu zuten atzo, eta, bazkalostean, Euskara saria eman zioten Bilboko Berbalagun egitasmoari.

«Hasieran harritu egin ginen, baina logikoa ere bada, eta zergatik ez, merezi dugu. Hunkituta eta oso eskertuta gaude», esan du Aitor Argote Berbalaguneko dinamizatzaileak. 350 pertsona baino gehiago biltzen dira astero Bilboko hainbat auzotan euskaraz hitz egiteko. Bospasei kideko kuadrillak sortu direla azaldu du Argotek: haietako batzuk bidelariak dira, euskara ikasten ari direnak edo gutxi erabili dutenak; eta, besteak, bidelagunak, euskaraz ondo dakitenak. Mezua bidaltzeko aukera erabili du Argotek: «Gehiago izan gaitezke; euskaraz dakiten gehiago behar ditugu. Ondo pasatzen da: ez da lana».

Euskara jakin edo ikastetik, praktikatzetik, euskara bizitzera jauzia dago. Hori uste dute Hau Pittu Haukoek. Eta Berbalagun egitasmoak euskaraz bizitzeko aukerak handitu, euskararen erabilera esparruak zabaldu eta euskaldunen komunitatea trinkotu dituelako saritu dute. «Euskal hiztunok sakabanatuta gaude; aukera hauek balia ditzakegu elkar ezagutu eta esparru erosoan geure oskoletik irteteko».

Umore onean joan da eguna, eta konpartsakideen artean euskara besterik ez da entzun: «araua» da bertan; «arraroa» egiten zaie besteak gazteleraz entzutea. Baina bizitzako esparru guztiak ez dira Aste Nagusiko Euskalgunea. «Erdararen itsasoan» eskujokoak egin behar izaten dituzte euskaraz bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.