'Euskara jendea' dokumentaleko sei kapituluak urrian aurkeztuko dira

Lehen atala Maulen emango dute gaur, eta gainerakoak, Gasteiz, Iruñea, Baiona, Donostia eta Bilbon

Erredakzioa
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Duela bi urte egosten hasi zen egitasmoa urrian plazaratuko da. Juan Karlos Etxegoien Xamar-ek 2006an argitaratu zuen Euskara Jendea liburuan oinarrituta sei dokumental sorta ekoitzi ditu Ibaizabal-Mendebalde elkarteak, Zenbat Gara elkartearen laguntzarekin. Atal Bakoitzak 45 minutu inguru iraungo du, eta euskaldun hiztunen komunitatearen historiaren ildo nagusiak azaltzen saiatuko da. Hortik, egitasmoaren izenburua: Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza. Lehen kapituluak Historiaren atarian izena dauka, eta gaur bertan aurkeztuko dute, 20:30ean Mauleko Zinka ostatuan. Gainerakoak urrian eskainiko dira.

Lehenengo atalean, Historiaurreko euskararen berri emango du, eta hortik gaur egunera arte hizkuntzaren garapena ezagutu ahal izango da. «Euskaldunak herri, kultura eta hizkuntza askorekin bizi izan dira bere hizkuntza galdu gabe», azaltzen dute egitasmoaren sustatzaileek euren aurkezpenean. «Menderik mende haien eragina nabarmena jaso dute, baina, hala ere, iraun egin dute hizkuntz komunitate moduan». Hori ezagutzeko, Erromako inperioan, Aniztasunaren bidean, Mugetan gaindi, Gerren arteko pizkundean eta Mundua osatzen izeneko kapituluak osatu dituzte. Bihar bertan Gasteizko Artium museoan eskainiko da bigarrena (19:30), hilaren 17an Iruñeko Golem Baionan (19:30), urriaren 18an 19:00etan Baionako Euskal Museoan, hilaren 19an 19:00etan Donostiako San Telmo museoan, eta azkenik, urriaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian (19:00).

Dokumentalean, hamaika adituk hartu dute parte. Historialari, hizkuntzalari, arkeologo eta kulturgile ugarik azaldu dituzte euskararen historiako zertzeladak. Haiekin batera, Euskal Herriko zein atzerriko txoko eta kokapen esanguratsuen irudiak, garai historiko bakoitza girotzeko dramatizazio txikiak, ilustrazio eta grafismoak egin dituzte. Atal bakoitzera egokitutako musika ere egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.