Ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Iki milikili klik! musikala prestatu dute Iruñeko Jaso ikastolan. Euskal Herriko herri txiki batean kokatzen den istorioan, sorginen eta herritarren artean gertatzen diren liskarrak kontatzen dira. Maitasuna, familia arazoak, gorrotoa eta bestelako sentimenduak ere ikusiko dira oholtza gainean, bederatzi atal dituen musikalean. Heldu den astean, apirilaren 3an egingo dute lehen emanaldia, Barañaingo auditoriumean. Sarrerak amaituta daude, eta, horregatik, beste emanaldi bat egingo dute apirilaren 4an.
Goizeko bederatzietarako, lanerako prest ziren Iki milikili klik! musikalean parte hartzen duten ikasleak, atzo. Imanol Janices, Edu Serna eta Irantzu Zabalza irakasleen gidaritzapean, entsegu nagusia zuten, eta horretan eman zuten goiza, arratsaldeko ordu bi eta erdiak arte. Aste eskas gelditzen zaie estreinaldirako, eta musikalean parte hartzen duten 12 eta 16 urte tarteko ikastolako 53 ikaslek musikalaren lehenengo zatia errepikatzen eta zuzentzen eman zuten goiza. Hiru atal landu zituzten: sorginen istorioa, lehenik; sorgin baten eta herritar baten ezinezko maitasun kontua, segidan; eta herritarrak sorginen bila joaten direnekoa, bukatzeko. Behin baino gehiagotan egin zituzten sartu-aterak agertokian; abestu, antzeztu, dantzatu eta galtzagorriek musikalean egiten dituzten akrobazia ikusgarriak ere landu zituzten. «Egin dituzten okerrak zuzentzea eta hobetu daitekeena borobiltzea eta gogoratzea da gaurko [atzoko] lana», esan zuen Zabalzak.
Balioak sustatzeko
Irakasleen arabera, ezin da ahaztu musikala hezkuntza proiektua dela. Ikasleen artean euskara sustatzea du helburu, eta, musikala lantzeko tenorean, ikasleen parte hartzea eredugarria izan da. Musikalaren gidoia eta kantatzen diren abestien hitzak ere haiek egokitu dituzte, betiere lana zuzentzen duten hiru irakasleen gainbegiratuarekin. Atrezzoa eta jantziak, eta multimedia alorreko lanak ere haiek egin dituzte. «Motibazio handia izan da guztiontzat. Haiek modu boluntarioan daude izena emanda, eskolaz kanpoko ekintza bat izanik; nahi dutelako etortzen dira, eta oso ongi ari dira». Joan den irailean, musikalerako ikasleak aukeratzeko probak egin zituzten ikastolan.
Ikasleen trebeziak ikusi ostean sortu zuten musikala. Abeslariak, akrobatak, musikariak eta abar behar zituzten, eta ikasleen trebeziei doituta sortu zuten lana. «Arrakastarako aukera askoz ere handiagoa da; ikasleek dituzten dohainak hobetzeko eta, gainera, horiek erakusteko modu bat da».
Euskara sustatzeaz gain, beste hainbat balio ere lantzen ari dira: «Sormena garatzea, bizikidetza eta talde lana bultzatzea, rolak onartzen jakitea; balio asko lantzen ari gara». Irakasleentzat ere lagungarria da egitasmoa: «Ez dugu ahaztu behar irakasleak garela eta ikasleekin lortzen dugun hurbiltasuna eta harremana askoz ere handiagoa dela eguneroko lanerako».
Apirilaren 3a iritsi zain, kirioak dantzan dituzte ikastetxean. «Urduri daude ikasleak; baita gu ere. Zorionez, aurreko urtetik esperientzia badugu, Txanpon baten truke musikala egin genuelako orduan, eta arrakasta handia izan zuen; esperientzia horrek balio izan digu aurten oker berberak ez errepikatzeko», dio, baikor, Janicesek.
Euskara, musikalean
'Iki milikili klik!' musikala prestatzen ari dira egunotan Iruñeko Jaso ikastolan, eta apirilaren 3an taularatuko dute, Barañaingo auditoriumean. Sarrerak amaitu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu