Inurri laranja batzuk arropa garbitzen ari dira ikastetxe kanpoan, urez eta xaboiz betetako ontzi batzuetan. Haiengandik ez hagitz urrun, bi furgoneta zuri ari dira husten; barrenean janaria dagoela dirudi. Bertze inurri batzuk walkie-talkiekin ari dira solasean, bidean datozen gainerako inurri urdinekin harremanetan jarri nahian. Ipuin baten hasiera izan zitekeen, baina errealegia da hala izateko: Euskarabentura espedizioa da. Auzolana, euskara eta elkartasuna arnasten dira Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastetxean; 160 parte hartzaile dabiltza bueltaka, baina ez dakite aurrerantzean bertze zenbatek hartu ahal izanen dute parte.
Euskal Herriak, Hegoaldeaz eta Iparraldeaz harago, muga andana ditu barrenean. Horietako batzuk ikusezin bihurtzen ahalegintzen dira herritarrak, baina bertze zenbait nabarmenegiak dira mapatik kentzeko. Muga horiek deuseztatzeko jaio zen Euskarabentura espedizioa. Euskal Herriko hainbat paraje, jende eta istorio bildu ahala, baina, muga bat geroz eta sakonago ari zaie azaleratzen: ekonomikoa. Aurtengo abentura «larri» salbatu ondotik, antolatzaileek amildegi baten aitzinean ikusten dute inurritegia.
Sortu zenetik ari da Irati Labaien (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) Euskarabenturan lanean; hark hala kontatuta, amesteko gogoz elkartu eta Euskal Herrian inpaktu bat sortzera abiatu ziren. Ideia bat izatea gauza bat da, eta, bertze bat, hagitz desberdina, gauzatu ahal izatea. «Zero euro geneuzkan, eta ehun gazte hartzeko prest geunden. Elkarte bat sortu, eta prentsaurreko bat egin genuen, diru laguntzak eskatzeko, batez ere», azaldu du. Lehen diru apurrak bilduta, hilabeteko espedizioa prestatu zuten, eta musu truk joan ziren bai Labaien, bai eta gainerako langileak ere. Lan eskaintza batzuk argitaratu zituzten, eta halaxe eman zuen izena Aitor Salaberriak (Lezo, Gipuzkoa, 1994), zeinak, geroztik ere, urtero-urtero hartu duen parte abenturan.
«Proiektu honek egonkortasuna behar du; ezin gara urtez urte pentsatzen aritu koordinatzailerik izango dugun edo ez, edo balantzan jartzen xerpei edo koordinatzaileei ordaindu ahal izateko nahikoa diru izango dugun»
AITOR SALABERRIAEuskarabenturaren antolatzaileetako bat
Biek baieztatu dutenez, proiektua beti izan da boluntarioa eta solidarioa, eta, lehen urte horietan bereziki indar handia jarri behar izan zuten arren, oraindik ere lan handia egiten dute marea laranja eten ez dadin. «Zein da arazoa? Munduko gainerako elementu eta gastu denek gora egiten dutela eta diru laguntzek, aldiz, behera, edo, onenean, leku berean mantentzen direla. Arazoa nabarmena da: dauzkagun diru sarrerekin ezin dugu hilabete bateko inpaktua egin», kontatu du Salaberriak. Zer egin orain, zorua erortzen ari bada?
«Arnasgune ibiltaria» da Euskarabentura Salaberriarentzat, batik bat euskararen normalizazioan eragiten ahalegintzen direlako. Saiatu ez ezik, aldaketak sortu ere egin dituzte, ikerketetan ikusi dutenez. «Ikerketa soziolinguistikoak egiten ditugu espedizioan, eta urtero-urtero ikusten dugu kontzientzia linguistikoan hobekuntza handiak izaten direla hilabetean».
Euskaran eragin positiboa duela ikusita, berez, laguntzak goiti egin behar lukete, baina errealitatea hagitz bertzelakoa da. «Finantzaketa nagusia diru laguntzetatik datorkigu, eta oso eskertuta gaude diruz laguntzen gaituzten guztiei, baina ez da nahikoa, eta aurten ere ia-ia ezin izan dugu espediziorik egin. Azken momentuan, Irizar enpresak sekulako ekarpena egin zigun, eta aurtengo abentura behintzat salbatu ahal izan genuen», erran du Salaberriak.
«Jende askok esaten digu oso proiektu polita dela eta sekulako ekarpena egiten diola euskararen herriari, baina horrek bakarrik ez du balio: honek beste sostengu bat behar du. Diruz laguntzen ez bada, ezin du iraun»
IRATI LABAIEN Euskarabenturaren antolatzaileetako bat
Hemendik aitzinera zer gertatuko den, ordea, zail da erantzutea. «Ilun» ikusten du etorkizuna Labaienek: «Ez dakit esaten beste urteren batez jarraitu ahal izango dugun. Jende askok esaten digu oso proiektu polita dela eta sekulako ekarpena egiten diola euskararen herriari, baina horrek bakarrik ez du balio: honek beste sostengu bat behar du. Diruz laguntzen ez bada, ezin du iraun».
Bi babes iturri ikusten ditu Salaberriak: bata, erakundeena, eta, bertzea, euskalgintzarena. «Proiektu honek egonkortasuna behar du; ezin gara urtez urte pentsatzen aritu koordinatzailerik izango dugun edo ez, edo balantzan jartzen xerpei edo koordinatzaileei ordaindu ahal izateko nahikoa diru izango dugun». Aitzinera egin ahal izateko, apustu handiago bat eskatzen dute antolatzaileek, eta argi dute horretarako zer den egin beharrekoa: «Aitortza egin, bai, baina diruz, eta ez hitzez bakarrik».
Hainbat instituziok lagundu dute orain arteko Euskarabenturaren bidea: BBK-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Nafarroako Euskarabideak, BERRIAk, Argiak, EITBk, Bizkaiko Foru Aldundiak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Gazteria Sailak, Kaikuk, Leioa Karabaninhek, Euskotrenek, Iruñeko Udalak, Donostiakoak, Bilbokoak, Gasteizkoak, Getxokoak (Bizkaia)... Eta, noski, marea iristen denerako dena prest uzten duten herri bakoitzeko azpiegituretako langileek: dutxak, janaria, lotarako lekua, kultur ekitaldiak, edukia eta abar prestatzen dituztenek. «Esker hitzak besterik ez daukagu erokeria hau posible egiten dutenentzat, haiek gabe ezin izango genukeen-eta zazpi aldietako bakar bat ere egin».

Berdintasunaren bila
126 gaztek hartu dute parte aurtengo espedizioan, baina anitz kanpoan geratu dira: guztira, 366 lagunek eman zuten izena. Hautatutako gazte horiek, baina, ez dute hilabeteko egonaldirik ordaintzen, gerora itzultzen den —edo dohaintzan eman daitekeen— 190 euroko bermea salbu. Diru laguntzekin abentura kolokan dagoenez, inork pentsa lezake irtenbidea nahiko begi bistakoa dela: parte hartzaile bakoitzak kuota ordaintzea. Bide horri, ordea, ez diote zirrikiturik ireki nahi, Labaienek argitu duenez. Kontu batek du diruak baino are pisu handiagoa: berdintasunak. «Kamiseta berdinak janzten ditugu denek, eta denek dauzkagu lau kamiseta ibilbide guztirako. Gazte baten guraso bat banketxe batean arituko da lanean; beste batena, aldiz, garbitzailea izango da. Guraso batzuek abentura hau ordaintzeko lain izango dute, eta beste batzuek ez lukete aukera hau onartuko dohainik izango ez balitz. Hemen, berdin-berdin du nondik zatozen: denak gara berdinak».
Gazte horiek, gainera, kontratu bat sinatzen dute uztailaren lehen eguna iritsi aitzinetik. Hitzarmen horrek puntu anitz biltzen ditu; horien artean, indarkeriaren debekua eta euskara hutsean aritzeko konpromisoa. «Iruditzen zait heldutasun puntu bat ematen diola kontratuaren aferak, sentitzen baitute ardura bat daukatela eta betebehar batzuk sinatu dituztela; beraz, bete egin behar dituzte, eta guztiek dauzkate baldintza berdinak», esan du Labaienek. Gazteei ordain dezatela eskatzen hasi baino, nahiago dute espedizioa bertan beheiti utzi: «Abenturak ez luke-eta Euskal Herriko aniztasunik jasoko muga ekonomikoa gehituko bagenio».
«Guraso batzuek abentura hau ordaintzeko lain izango dute, eta beste batzuek ez lukete aukera hau onartuko dohainik izango ez balitz. Hemen, berdin-berdin du nondik zatozen: denak gara berdinak»
IRATI LABAIEN Euskarabenturaren antolatzaileetako bat
«Zenbat proiektuk eragiten dute zazpi probintzietan? Zenbat dira dohainik? Zenbat dira gazteentzat? Euskarabenturaren gisako proiektuak oso gutxi dira, eta galtzeko arriskuan daude», erran du Salaberriak. Ipar Euskal Herriko hogei gazte daude jzioquitarren artean, eta bertze bi begiraleetan. «Hori nahita egindako hautua da; esfortzu bat egin dugu, gurekin nahi ditugulako. Taldea euskalduntzen dute, eta herri bat garela erakusten du: euskararen herria», adierazi du Labaienek. Eta Euskarabenturaren mapak badu zazpi probintzia horiez gaindiko bertze bat: diaspora.
Gazteen hizkuntza erabileran «kutsatu» eta «eragin» nahi du Euskarabenturak, sare euskaldun bat sortu, eta marraztu dituzten mugak desitxuratu. «Erronka handia dirudi, baina urtero lortzen dugu. Aurretik euskaraz egiteko joerarik ez zuenak egunero euskaraz egiten bukatzen du hilabetea, eta arnasgune batetik datorrenak bere erraztasunen eta abantailen gaineko kontzientzia bat garatzen du. Lagundu egiten dute elkar», azaldu du Salaberriak.
Aurtengo marea Irizarrek salbatu duela ikusita, kooperatibetara begira jarriko dira aurrerantzean, edo hala egin nahiko lukete, Salaberriak kontatu duenez. «Euskalgintzan aritzen diren eta hura balioan jartzeko gaitasuna duten kooperatiba asko daude Euskal Herrian, eta horiengana joko dugu ekarpenik egin ote dezaketen aztertzeko. Instituzioekin ere bildu nahiko genuke, lehenik eskertzeko, eta bigarrenik laguntza gehixeago eskatzeko».
«Bizi izan nuenak gerora gure herrialdea ikusteko eran eragin dit, eta, maila pertsonalean, uste dut asko lagundu didala ulertzen ariketa kolektibo bat egin behar dugula euskaldunok»
GARI MORGADO Euskarabenturako xerpa
Penaz aditu ditu Gari Morgadok (Gordexola, Bizkaia, 2002) lankideen hitzak, hark oroitzapen «oso-oso onak» baititu jzioquitar zeneko garaiaz, eta orain ere gustura bizitzen baitu abentura. «Errealitate asko ezagutu nituen, ez bakarrik euskararen inguruan, baita bizitzeko moduen inguruan ere. Euskal Herri osoko gazteak elkartzen dira hemen, eta horrek perspektiba ematen dizu gure mundua irakurtzeko; kontzientzia handia lantzen da».
Hizkuntza ohituretan «sekulako aldea» nabaritu zuen Morgadok, lehen ez baitzuen euskaraz aritzeko ohitura handirik. Arnasgune ibiltaria egin ondotik, kontzientzia garatu, autoebaluazioa egin, eta bere borondatez aldatu zituen bere usadioak, eta gaur eguneraino iristen zaizkio hilabete haren ondorioak. «Sentitu nuen etxean nengoela, eta berdin zuen geografikoki non nengoen. Bizi izan nuenak gerora gure herrialdea ikusteko eran eragin dit, eta, maila pertsonalean, uste dut asko lagundu didala ulertzen ariketa kolektibo bat egin behar dugula euskaldunok. Alegia, ez dela norberak bere txikian egin beharreko zerbait, edo ez hori bakarrik, behintzat».