Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (VII). Iñaki Ziarsolo. Hala Bedi irratiko kidea

«Euskarak dialean bere lekua ziurtatuta eduki beharko luke»

Bi lizentzia lortzen saiatuko da Hala Bedi; bietako bat, euskara hutsean.

BERRIA.
urtzi urkizu
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Lehiaketara aurkezteko proiektuen lanean buru-belarri dabil Iñaki Ziarsolo (Ermua, Bizkaia, 1978). Zortzi urte dira Hala Bedi irratian hasi zela, eta Zaharrak berri irratsaioa aurkezten du.

Nola baloratzen dituzue lehiaketako oinarriak?

Hutsune nabarmenak ditu. Batetik, gurea bezalako irrati libre eta komunitarioak ez ditu kontuan hartzen. Komunikabide lokalak eta tokian tokikoak lehenetsi beharrean, Madrilen egoitza duten irrati handien neurrira egindako lehiaketa da; lehendik ere diala horrelakoekin beteta daukagu, gainera. Herrialde zibilizatuetan ez bezala, dialean existitzen diren hiru sektoreak; irrati publikoak, irrati komertzialak eta irrati komunitarioak kontuan hartu beharrean, lehenengo biak baino ez ditu aintzakotzat hartzen. Txikiak desagerrarazteko eta handien nagusitasuna areagotzeko pentsatuta dago. Eta bestetik, hutsaren hurrengoa da euskarari ematen zaion garrantzia.

Euskararentzat erreserbak egin arren, gainontzekoei ez zaie obligaziorik ezartzen euskaraz emititzeko. Zer diozu?

Gure hizkuntzak duen egoera kontuan hartuta, onartezina da euskararentzako gutxienekorik ez ezartzea. Jakina da komunikabideek hizkuntza baten normalizazioan duten garrantzia; ondorioz, euskarak dialean bere lekua ziurtatuta eduki beharko luke, gure ustez; ezin da balizko borondatearen esku utzi. Beste behin, txikia, gutxitua eta zapaldua dena, are ikusezinago bihurtzeko arriskua dago. Gazteleraz entzun ditzakegun irratien kopurua eta euskarazkoena ikusiz gero, ulertezina da nola ez den euskararen aldeko neurririk hartzen; helburua hizkuntza gutxitua normalizatzea bada, behintzat.

Irrati komunitarioen esparrua nola geldituko da ?

Hori ikusteko dago, baina irrati bakoitzaren egoera eta izaera ezberdinak kontuan hartuta, bakoitzak bere bidea egingo du. Irrati libre batzuen kasuan, adibidez, ez dute lehiaketara aurkezteko aukerarik izango, beraien eskualdean ez delako lizentziarik banatuko. Beste batzuk, zuzenean ez dira aurkeztuko, eta horri ere zilegi deritzogu. Tas-Tas, Antxeta edo gure irratiaren kasuan lehiaketan parte hartzea erabaki badugu, erantzukizun sozial bat ere badugulako dela esango nuke. Dialean egoteko eskubidea dugula aldarrikatzeko modu bat da.

Lizentziarik lortzen ez duten irrati libreek lehen bezala jarraituko al dute?

Dekretuak esaten duenaren arabera, lizentziarik gabe emititzen jarraitzen duten irratiak itxi egingo dira eta horretarako polizia bidaliko da hala behar izanez gero. Hau ere ez da kontu berria, lehenago ere pasa dira horrelakoak gurean. Etorkizunean zer gertatuko den ez dakigu, zaila iruditzen zait orain polizia gurea bezalako irrati bat ixtera etortzen irudikatzea, emititzen daramagun denboragatik eta denbora honetan zehar lortu dugun babes sozialagatik batez ere, baina hori ikusteko dago. Guk, gure aldetik, argi daukagu lizentziarekin edo gabe, uhinetan jarraituko dugula. Gurea bezalako komunikabideak beharrezkoak dira, dialari kolore apur bat ematen diotelako.

Hala Bedik bi lizentzia eskatzeko asmoa du; bat, euskaraz. Nolakoa izango da euskarazko proiektu berria?

Euskarazko irratia sortze prozesuan da, hilabeteak daramatza talde batek astero elkartzen, eta eguneroko inurri lan horretan.Gure kasuan, gauzak astiro eta ondo egin behar dira; asmoa ezagutarazi lehenengo, eta hainbat eragilerekin bildu, bazkide berriak egin hurrena eta emititzen hasi azkenik. Gure asmoa da euskarazko irrati honek orain arteko Hala Bediren izaerari eustea. Hurbileko irrati bat izatea nahi dugu, freskoa eta ezberdina. Argi utzi nahi dugu, hala ere, programazioarekin apurka-apurka hasiko garela. Ezin dugu hasieratik sekulako programazioa eskaini; hori ere jendearen parte hartzea handitu ahala garatuz joango den zerbait izango da; guk horrela funtzionatzen dugu. Gazte batek euskarazko hip hop irratsaio bat egiteko beharra sentitzen badu noizbait, Hala Bediko ateak zabalik izango ditu, eta behar horiek sustatzeko lana ere egin beharko dugu geure aldetik.

Zer ekarriko lioke Hala Bediri bi lizentzia lortzeak?

Emititzen jarraitu ahal izateko segurtasuna eta inork zapalduko ez zaituen bermea; diala nola dagoen ikusita, batez ere hiriburuetan, ez da gutxi. Horrekin batera, buruko minen bat edo beste ere bai, baina guk apustutzat hartzen dugu; jende berria erakartzeko eta proiektu honek aurrera egin dezan, gakoa da guretzat gauzak ondo egitea.

Ondotik, diru laguntza izateko aukera izango al zenukete?

Horrek ez gaitu gehiegi kezkatzen. Hala Bedik autogestioari esker iraun du bizirik ia 30 urte, etagure oinarri ekonomiko nagusia gure bazkideak izango dira aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.