Komunikazioa. Pello Uharte. Berriozar Irratiko arduraduna

«Euskarak gutxienez %25a behar duela ezarri dute, baina hori gaindituko dugu»

Azkeneko urteetan itzalita egon da Berriozarko Udalaren irratia. Berriki lehiaketa batera deitu zuten, eta Eguzkiplaza elkarteak berpiztu du irratia. Ilusioz ekin diote proiektuari.

EGUZKIPLAZA.
urtzi urkizu
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berriozar Irratiko albistegiak egiten Txari Eleta eta Aintzane Castillo kazetariak hasi dira. Arduradun lanak Pello Uhartek betetzen ditu (Zubieta, Nafarroa, 1943).

Nola sortu da Berriozar Irratia?

Berriozarko Udalak aspaldi izan zuen irrati bat. Azken aldian itxita zegoen, eta orain berriro martxan jartzea erabaki zuten, herritarrei informazioa eta aisialdia eskaintzeko. Eta, bestetik, gazteei saioak egiteko aukera emateko.

Zer ezaugarri ditu irratiak, eta hizkuntza aldetik zer portzentaia daude edukietan?

Udalak oinarri batzuk finkatu eta deialdi publikora deitu zuen. Hizkuntza aldetik %25 gutxienez euskaraz izan behar zela ezarri zuten. Eguzkiplaza elkarteak irabazi zuen lehiaketa. Eta elkartearen asmoa da portzentaia hori handitzea, euskararen presentzia handiagoa izatea alegia.

Zer programaziorekin hasi zarete?

Oraingoz, hiru albistegi egiten ditugu astean. Hiru horietatik bi gaztelaniaz dira, eta bat euskaraz. Asteazkenekoa izaten da euskaraz. FMko 100.8 frekuentzian entzun daitezke saioak. Hiru albistegi horiek dira derrigorrez egin behar ditugunak. Hortik aurrera, elkarteak nahi edo ahal duena egin dezake. Gure asmoa, behintzat, euskarari tarte handiagoa ematea da.

Aurreko asteburuan ikastaro bat antolatu zenuten. Zein izan zen helburua eta zer moduz joan zen?

Hasteko, kontuan izan behar da gurea irrati publiko bat dela. Nahi dugu ahalik eta parte hartze handiena izatea. Batez ere gazteek parte hartzea nahi genuke. Horretarako jendea trebatu behar dugu, saioak egiten eta tresneria erabiltzen. Helburu horietara bideratuta egin genuen ikastaroa. Hogei lagun izan ziren ikastaroan, eta pentsatzen dugu horietatik batzuk irratsaio berriak egingo dituztela.

Horrenbestez, herritar guztiei irekia dago irratia, ezta?

Bai. Baina baldintza batzuk bete behar dira. Ikastaroa egin behar da, edo bestela irratigintzan nolabaiteko trebakuntza bat dutela egiaztatu behar da. Saioa egiten dutenei eskatuko diegu errespetuz aritzea. Horren gainean pixka bat egon behar dugu, azken finean, erantzukizuna Eguzkiplaza elkartearena baita. Hasieran behintzat jendeari eskatuko diogu txintxo portatzeko.

Berriozarko tokiko komunikabideen egoera nolakoa da?

Badago euskara hutsean argitaratzen den hilabetekari bat: Zorrokaria. Zorrika euskara elkarteak egiten du. Aldizkari xumea da, baina garrantzitsua. Bestetik, Eguzkiplaza elkartearen agerkari digitala dago: Eguzkiplaza.net. Informazio kontuetan ibilia zen elkartea, eta horregatik animatu zen udalaren lehiaketara aurkeztera. Ikusi genuen aukera polita litzatekeela irratia herriko informazioa zabaltzeko.

Baduzue harremanik inguruko irratiekin?

Bai, Euskalerria Irratiarekin harreman zuzena dugu. Txari Eleta gure esataria bertan aritzen da. Euskalerria Irratiaren magazin batzuk ere jartzen ditugu gurean. Info7rekin eta Eguzki Irratiarekin ere badugu harremana. Baita Aralar irratia eta Esan Erran irratiarekin. Gure eskaintza aberasteko modu bat izan daiteke beste irratiekin kolaborazioak egitea, guk gaitasun murritza baitugu ekoizpen propioa egiteko.

Nola ikusten duzu Berriozar Irratiaren etorkizuna?

Guk espero dugu jendea animatzea saioak egitera, batez ere gazteak. Ilusioz har ditzatela euren proiektuak. Badakigu irratia ez dela gazteen lehen komunikabidea, baina itxaropena badugu herriko gazte batzuk proiektuan murgiltzeko. Eta irrati entzuleek Berriozar Irratia pizteko ohitura hartzea ere espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.