Aketx Rojo Nodar

«Euskararen alde gustura desfilatuko nuke»

Mister Bizkaia berria da Aketx Rojo. Hizketan goxoa eta euskararen aldeko militantea. Inauterietako katamaloa erantzi eta den bezalakoa agertu nahi du.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Sopelan jaio zen duela hemeretzi urte. Magisteritza ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, bigarren mailan hain zuzen. Asteburuetan gurasoen tabernan egiten du lan, Sopelako Alemaniar tabernan.

Mister Bizkaia zara urtarrilaren hamahirutik. Zer nolako urtea espero duzu?

Lan handia egiteko irrikan nabil, baita asko ikasteko ere. Nahiz eta jendeak zorte ona opa didan, hori hortz tartetan lotu ez dakien espero dut, eta nire helburuak ekintzara igaro ahal izatea. Momentuz desfile batzuetara joateko aukera izan dut eta ilusioz beterik nago.

Bigarren postuan geratu zena zugandik oso urrun geratu omen zen. Harrotzeko motibo handiagoa al da hori?

Topikoan jausteko arriskuan jarriko banaiz ere, aipatzekoa dut edertasuna subjektiboa dela, eta begiratzen duten begietan dagoela. Beraz emaitza epaimahaiaren gustuaren araberakoa da. Bestalde edertasuna ez da epaitutako alde bakarra; jarrera, hitz egiteko era eta beste zenbait alderdiren garapena ere neurtzen da. Azaleko alderdia oniritzi didaten arren, nire beste bertuteak aintzat hartzeak harrotzen nau, hauek garatzeko ahalegina egin behar izan dut eta.

Sei astetan hamalau kilo galdu zenituen. Nork agindu edo aholkatu zizun hori egiteko?

Ez zen aholku bat izan. Ariketa fisikoen intentsitatea igotzen eta egunero kontsumitutako gatz zein azukre kantitatea jaisten hasi nintzen ahala, kiloak jaisten hasi nintzen, eta nire burua ondo ikusi arte ez nion hori egiteari utzi. Egun ere jatekoa kontrolatu egiten dut baina ariketen intentsitatea jaitsi egin dut, gorpuzkera handiagoa hartzeko ezinbestekoa dut eta. 94 kilotik 80 kilora jaitsi nintzen baina era progresiboan, ez dut nahi irakurleak hau egun batetik bestera egin daitekeen zerbait dela pentsa dezan. Osasunari begira hobeto nago, beraz, arazorik ez.

Zenbat ordu sartzen dituzu gimnasioan?

Orokorrean ordu eta erdi egunero, astean lau bider, baina txapelketaren aurretik nahiko igotzen dut intentsitatea eta egun kopurua.

Carlton hotelean izan zen izendapena, eta lehen ilaran omen zegon zure amona. Zu baino gehiago hunkitu zela egia al da?

Gehien hunkitu zen amona nire lankide den Miss Bizkaiarena izan zen. Bestalde nire amama eta beste senide batzuk ere urduri zeuden.

Kirola egiteko arroparen, bainujantziaren eta trajearen artean zein duzu gustukoena?

Trajea, nola ez! Gehiengo dotorezia ematen duen jantzia da-eta.

Magisteritzako ikaslea zara. Mister Bizkaian ez zenuen bostetik beherako notarik jaso, eta unibertsitatean?

Jarri dudan aurpegiak dena esaten du ezta? Ea, ez nabil oker bideratuta momentuz baina Gasteizera joan beharrak tira, ikasketen emaitzak baldintzatu egiten dizkizu. Ikasgai baten bat dut hortik zintzilik.

Duela urte batzuk magisteritzan sartzeko bataz beste bostekoa izatea aski zen. Gaur egun sekulako nota eskatzen da. Zergatik aukeratu zenuen ikasketa horiek egitea?

Nahiz eta seme-alabekin ez naizen ikusten, betidanik izan ditut umeak gustuko. Betidanik esan da magisteritza bokazionala dela ezta? Psikopedagogia ikasteko ideia dut aurrerago.

Euskal Herriko Unibertsitatean euskara hutsean ikasteko aldarrikapena egiteko desfilatuko al zenuke?

Bai horixe. Euskal abertzalea izan naiz betidanik. Nahiz eta euskara batuan ari naizen, bizkaiera euskalkia hitz egitearen bultzatzaile amorratua naiz.

Edertasuna zer kanonen arabera neurtzen duzu zuk?

Betidanik ezarri diren proportzio eta simetriak baino gehiago, pertsona baten keinuen, hizkeraren eta izatearen beraren arabera neurtzen dut nik, horrek pertsona baten erakargarritasuna baldintzatzen baitu.

Zein da erakargarriagoa? Zure barrua edo kanpoa?

Ez naiz oso ona introspekzioa erabiltzen, beraz nire burua epaitzeko ona ere ez naiz baina gustatuko litzaidake besteek barrukoa dela pentsatzea.

Sinadura asko eskatu al dizkizute?

Ez askok egia esan, txapelketa nahiko lokala da. Hori bai, etxean denek dute sinaduraren bat non edo non.

Zenbat aldiz galdetu dizue zure izena nondik datorren?

Askotan, egia esan. Nire izena Aketx edo Aketxe (bermeotarraz) deitutako Gaztelugatxe alboko irla batetik dator, eta horren omenez jarri zidaten izen hori. Untxien irla bezala ere ezagutzen da, antzina untxi asko bizi omen ziren han. Kuriositate moduan jakin ezazue nire aitak izen hori jarri zidanean hiztegian izen berezi bezala ezarri zutela, lehenengoa izan bainintzen izen horrekin. Egun badaude beste bizpahiru izen berarekin.

Zure zaletasun handienak esku pilota eta bidaiatzea omen dira. Eskuz binakako txapelketa jarraitzen ari al zara?

Egia esan ez dut inoiz gustuko izan kirolak telebistan ikustea, beti izan dut nahiago praktikatzea.

Inoiz izan al duzu bidaiak irabazteko aukera dagoen telebistako programaren batean parte hartzeko tentazioa?

Ba egia esan ez dut inoiz pentsatu, bainaoso tentagarria da. Nork daki noizbait telebistan horrelako programa batean ni ikusteko aukera izango duzuen …
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.