Xabier nafartarra Euskararen Egunari jostea bide ederrez egin zen: bizia bidaiari iragan zuena kristautasunaren militante, mundu berriak irekitzen ari zirelarik XVI. mendean. Ongi begiratuz datei, irakurtzen ahalko zuen Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, nahiz Orienteko bazterretan zitekeen urte horretan, liburuaren agertzetik zazpi urteren buruan bizia galdu baitzuen Sancian uhartean. Euskaltzalea ote zen nafartar abertzale zalantzarik gabe zen gizon gaztea? Loiola etsaiarekin bakea egina zuen: euskaraz ari zirena elkarrekin Pariseko zoko horietan? Dena den, fedea eta maitasuna uztartu zituenari errespetua zor diogu, mendien altxatzeko kemena agertu zuenari.
Euskararen Egun hau Durangoko Azokaren bezperan arnasa emaile dela sinis dezagun, merkataritza ororen gainetik: argi eman diezaiola!
Gogoan ditut 60ko hamarkadako euskararen egun horiek: ez zen santu babeslerik orduan, fedea hargatik bai! Abuztuko lehen igandean eskeak egiten ziren «euskararen alde» diru pixka baten biltzeko, eskoletarako liburu argitalpenen, Ikas-en laguntzeko. Ezgenuen hain maite ez eske ibiltze hori, euskararen maila publikoa kontatzen zigun jestua baitzen. Ahaztua den Felix Noblia horren antolatzaile zen. Orduko euskaltzale-abertzale batzu ginen; igandeko meza nagusien bukaeran gindabiltzan, elizaz eliza, eske, xingola gorri eta berde bat itsatsiz jendeei papoan ixkilima batekin, errabia gogoan, turista ezaxolei eta gure herritar axolagabeei txanpon zerbait eskatzen. O tempora, o mores!
Maratila
Euskararen egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu