Maparen aurrean jarri eta eguraldiaren iragarpena azaltzeagatik egin zen ezagun Urko Aristi (Ibarra, 1977). Orduz geroztik, ETBko aurkezle estimatuenetako bat da kazetari nafarra. Gipuzkoan jaio arren, Nafarroan hazi zen; Arriben. «Atallu ondoan dagoela esan behar izaten dugu maiz. Halere, harridura aurpegiak jarraitzen badu, Betelu ondoan dagoela esanda, orduan denek: 'A, bai, uraren herria!'».
Nafarrok burugogor fama duzue, eta zu ere ba omen zara. Ez duzu itxurarik ba…
Nafarra ez ezik taurus ere banaiz, egin kontu beraz! Neurea egin arte, bakerik ez! Hori bai, arrazoia duenari horixe onartzeko damurik ere ez.
Euskalmeten eguraldi iragarpena dut ordenagailuko pantailan. Pello Zabalaren higrometroa, berriz, leihoan. Ez datoz bat. Zeini egingo diot kasu?
BERRIAk zuhurkerian ibili eta kartoizkoa egin zuenez higrometroa, berogailuaren ondoan edo eguzkitan baldin baduzu, nirearen antzera hondatuta egongo da honezkero, baina aukeran, Zabalari kasu. Zenbakien hoztasunaren aldean jakituriaren eta bihotzaren epeltasuna jartzen diona beti izango dut nahiago. Gainera, Jainkoa gertu du Pellok, edo Jainkoak Pello, ez baitut oso argi bietako zeinek agintzen duen goialde horretan, baina informazio zuzena duela seguru.
Ana Urrutia haurdun utzi ez zenuelako hasi al zinen eguraldi saioa aurkezten?
Orduko albistegi buruak deitu ninduen bulegora Anaren haurdunaldiaren berri emateko. Umea nirea ez zela erantzun nion hitzetik hortzera, ez nuelako oso argi zertara zetorren txutxumutxua. Halako ateraldien erruz omen nago egun eguraldi maparen aurrealdean. Marcela kuttuna dut harez geroztik, besapean zekarren ogia gurasoen etxean beharrean nirean utzi zuelako.
Nor da Andoni Aizpuru?
Izarrak ere hezur-haragizkoak direla erakutsi didan gizona. Beti miretsi izan duzun hori alboan izan eta harekin ikasteko aukera izateak ez du preziorik. Maisu eta zuzentzaile izan dut aurrena, lankide eta bidaide gero, eta laguna orain.
Paparreko mikrofonoa eta platoko epeltasuna, ala eskuko mikrofonoa eta euripean ibiltzea?
Bigarrena aukeran, gazte bainaiz gazte. Iritsiko da epelean egoteko unea, baina oraindik ikasteko asko dudanez, kalea eskola hobea da. Hitzontzi izanda ere, entzutea dut gogoko, eta, horretarako, busti eta kalera irten behar da.
Zer du 'Mailope' aldizkariak EITBk ez duenik?
Bihotza. Eta orain baita onespena ere. Ari zaren horretan sinistuta, hobe aritzen zara, eta orduak eta egunak lanean musutruk eman behar badituzu ere, axolik ez, jakin badakizulako herrigintzan laguntzen ari zarela. Buruhauste bezainbeste poz ematen dit Mailope-k, baina argi dut euskararen etxea eraikitzeko nire adreilua jarri dudala jakiteak bestean jasotako soldata potoloak baino gehiago asebetetzen nauela.
Nora eraman zaitu errepideak?
Sukaldera. Suaren epeltasunean hartu gaituelako bertan agertu den jendeak, eta batez ere saio horri esker etxekotzat hartu nauelako ikusle askok. Kanpokoarekin liluratu baino gehiago, etxean bertan sekulako istorioak eta historiak ditugula ikusi dugu, eta etxean ezkutatu nahi izaten duenak askotan ahoberorik harroputzenak baino gehiago duela kontatzeko.
Nafarroa euskalduna: askoren ametsa edo etorkizuneko errealitatea?
Nafarroa bada euskalduna, eta, horrenbestez, errealitatea da. Ametsa, ordea, binomio baino gehiago sinonimodirenekoa, izenak eta izanak bat egiten dutenekoa. Garenaren arabera bizitzeko modua dugunekoa. Amesgaiztoa ere bada batzuentzat. Baina haien mamuak eguneroko lanarekin gainditu ditugu orain arte, eta hala egingo dugu aurrerantzean ere.
Trajerik gabe hobeto zaude, e?
Larrugorritan asko irabazten dut, baina morborako tarte gutxi geratzen da hartara. Asko zor diot halere trajeari, eta, batez ere, gorbatari. Horiei esker, iragarpenaren gainekoak baino gehiago nire itxuraren gainekoak izan dira ikusleen kexuak.
Suhi perfektua al zara?
Suhia baino gehiago biloba, nonbait. Kalean kasu egitera etortzen zaizkidanen artean horixe entzuten dut gehien: 'Nire amonak ikaragarri maite zaitu'. Norberak bere publikoa du, eta ni gustura, milaka aitona-amona ditudalako.
Bilboko Multi zinemetakoek bezero onenetakotzat omen zaituzte.
Iruñeko Golemekoak jeloskor jarriko zaizkit, baina bai, Bizkaira erbesteratu nindutenetik bertan ematen ditut makina bat ordu. Telebistan bezala zineman ere zer konta duten lanak gustatzen zaizkit, ikusgarritasun edo efektibismotik haratago.
Zinemara bakarrik ala konpainia onean?
Pelikula ona bada, bakarrik; kaxkarra bada, aldiz, hobe konpainian, bestelako pelikula bat osatu ahal izateko. Batera edo bestera, hori bai, krispeta zorroa eskuetan.
Hollywood, Bollywood edo bietako bat ere ez?
Bat aukeratu behar ta… Bollywood, zinemak beharrezkoa duen harritzeko gaitasun gehiago duelako amerikarrak baino. Baina 80 egunean eta gisako lan borobilak eman behar badizkigu, hori bai, Donostiarekin geratuko naiz.
Urko Aristi
«Euskararen etxean adreilua jarri dudala jakiteak asebetetzen nau»
Artean 24 urte zituela hasi zen Urko Aristi eguraldi saioa aurkezten, traje eta guzti. Komunikatzeko duen moduak milaka aitona-amonaren biloba kutun bihurtu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu