Hizkuntzaren erabileraren motorra martxan jartzeko beste modu bat da. Euskarari balazta kendu, eta normalizazio prozesuari abiadura ematen dio, gainera. Orain gutxi arte autoeskolak basamortu izan dira euskaldunentzat, baina egoera aldatzen ari da, pixkanaka. Gero eta jende gehiagok erabakitzen du gidabaimena euskaraz ateratzera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autoeskola guztien ia hirutik batek eskaintzen du aukera hori, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arabera.
Egoerak, ordea, argi-ilunak ditu; ezinezkoa da, oraindik, alde teorikoa zein praktikoa euskaraz atera ahal izatea. Prestakuntza akademikoa eta proba teorikoa egiteko aukera badago, baina azterketa praktikoa ez. «Araban, esaterako, ez dago aztertzaile euskaldunik», dio Alberto Egia Amurrio autoeskolako langileak—Araban euskaraz eskaintzen duten bakarrak dira—. Edonola ere, erdibideko irtenbidea bilatu dute: «Aztertzaileak emandako aginduak irakasleok itzultzen dizkiegu ikasleei». Autoeskolen elkarteak eskakizuna egina dio Madrilgo Trafiko Zuzendaritza Orokorrari, baina, Egiaren iritziz, «ezinezkoa da» egun batetik bestera aztertzaileak euskaraz ikastea. «Itxaron egin beharko da, beraz».
Teorikoa, hobeto
Alde teorikoari dagokionez, materialean izan diren aurrerakuntzak goraipatu ditu Marta Izak, Igorreko Garantxe autoeskolakoak (Bizkaia). «2002an hasi ginen euskarara liburuak guk geuk itzultzen. Gaur egungo materiala izugarria da hasierakoaren konparatuta». Egia ere iritzi berekoa da: «Artisau lana izan zen testak banaka-banaka itzultzea». AEOL enpresa arduratzen da orain material guztiaz. Multimedia programa bat, zirkulazioaren araudia eta azterketak dituen CDak dituzte, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak iragan uztailean gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina jarri zuen abian, Euskaraz badu halako punttu bat leloarekin. Ekimen horren barnean banatzen diete euskarazko materiala ekimenarekin bat egiten duten autoeskolei.
Prestakuntza teorikoaren argitasunak probaren iluntasunarekin egiten du tupust. Hainbat faktorerengatik dira kexu. «Azterketa zaintzen egoten diren pertsonek ez dakite euskaraz, eta ikasleek zalantzaren bat argitu nahi izan dutenean ezin izan diete lagundu. Edo okerreko erantzuna eman diete», azaldu du Susana Arrizabalaga Azpeitiko (Gipuzkoa) Lagunak autoeskolako langileak. «Norbaitek behintzat euskaraz jakin beharko luke». Itzulpenarekin ere arazoak izan dituzte behin baino gehiagotan: «Itzuli eta ulertezinak diren galderak sartzen dituzte, noizbehinka, eta ikasleak lur jota ateratzen dira. Ez gainditzeko nahikoa baita hori», esan du Izak. Idatzia ere bidali omen zuten, baina alferrik.
Itzal horiek tarteko, euskaraz zirkulazio arauak ikasi edo gaztelaniaz alderik ez dagoela nabarmendu dute hirurek. «Batean edo bestean zailtasuna berdintsua da», gaineratu du Arrizabalagak. «Hitz teknikoak ez dituztela ulertuko pentsatzen dute zenbaitek. Atoia esan, eta zer da hori? galdetzen dizute, eta remolkea dela azaldu behar diezu, baina ohitu egiten dira azkenean». Gaztelaniaz ere aurretik ezagutzen ez dituzten adierak ikasi behar dituztela gaineratu dute irakasleek. Adibidez, baimendutako gehienezko masa erabiltzen da euskaraz, gaztelaniazko peso maximo autorizado-ren lekuan.
Ikasleak ere bat datoz; euskaraz ez da zailtasuna areagotzen.«Etxean euskaraz egiten dugu, eta euskaraz bizi naiz. Jendea animatuko nuke, bitan pentsatu gabe. Aukera aprobetxatu behar da», aitortu du Beñat Bilbao Amurrio autoeskolako ikasleak. Garazi Bidasoro Lagunak autoeskolan ari da ikasten, eta ez da damutu erabakiaz. «Ezagunak egiten ez zaizkidan hitzak gaztelaniaz ere ez nituzke ulertuko».
Bilakaera ona
Gero eta autoeskola eta pertsona gehiagok erabakitzen dute, ondorioz, eskualdeka, ezberdintasunak egon badauden arren. Azpeitiko Lagunak-en ikasleen %70 inguruk euskaraz ikasten dutela adierazi du Arrizabalagak: «Iaz jende gutxik eman zuen izena, baina pixkanaka kopuruak gora egin du, eta aurtengo udan jo du goia». Izak dio Garantxen seitik bik edo hiruk egiten dutela euskararen aldeko hautua. «Denboraldiak egoten dira, hala ere. Igorre bezalako herri txiki batean ahoz ahokoak funtzionatzen du». Amurrion portzentajea txikia da oso, oraindik —%2—, eta Egiak ez du ulertzen arrazoia: «Gure ikasleen kopuru handi batek euskaraz egiten ditu ikasketak. Lanbide heziketan edo unibertsitatean euskaraz egiten badute, zergatik ez gidabaimena?». Izan ere, jende gaztea izaten da gehienbat; euskaraz alfabetatutakoa.
Uztailean Eusko Jaurlaritzak egindako kanpainaren ondotik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 341 autoeskolatik ehun bat inguru batu dira ekimenera. Bizkaian 25 dira, Gipuzkoan 26 eta Araban bat. Hainbat herritan udalak diru laguntzak ere ematen dizkie gidabaimena euskaraz ateratzea erabakitzen dutenei. «Udalarekin akordioa lortu nahian gabiltza.Materiala doan ematea edo klaseren bat ordaintzea da gure asmo nagusia», adierazi du Egiak.
Irakasleek ez dute zalantzarik ikasleak animatzeko orduan. «Atzera ez botatzeko esango nieke. Proba behintzat egin eta ikusteko». Marta Izak dioe gogoarekin ez geratzeko: «Gustura ez badaude aldetzeko aukera beti dute, eta gaur egungo materialarekin ez dute inolako arazorik izango. Ziur».
Euskarari balazta kendu nahian
Gidabaimena guztiz euskaraz atera ahal izateko bidean urratsak egiteko daude. Prestakuntza jaso eta proba teorikoa euskaraz egin daitekeen arren, azterketa praktikoa gaztelaniaz egin behar dute ezinbestean ikasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu