Euskaraz ari diren pintzelak

60 artista ingururen lanak bildu dituzte Iruñean, Nafarroako ikastolen aldeko 'Artea Oinez' erakusketan

Iruñeko Ziudadelan ikus daitekeen Mikel Okiñenaren lan bat. LANDER FDZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Mihiarenaz bestelakoa da arte plastikoen hizkuntza. Ez darabil hitzik eta ezta esaldirik ere, baina, hala ere, euskaraz mintzo dira Iruñeko Ziudadelako Armen aretoan bildu dituzten artelanak. Euskararen alde, behintzat, bai. Izan ere, hori da orain dela urte batzuk sorturiko Artea Oinez izeneko egitasmoaren helburua: arte plastikoen bidez Nafarroako euskarazko hezkuntza laguntzea. Zizur Txikiko San Fermin ikastolari dagokio aurten Nafarroa Oinez festa antolatzea, eta hura arduratu da Ziudadelako erakusketa atontzeaz ere.

Hirurogei artista ingururen lanak bildu dituzte bildumarako, eta izen handikoak dira haietariko batzuk: Jose Luis Zumeta, Manu Muniategiandikoetxea, Nestor Basterretxea, Dora Salazar, Jose Ramon Anda... Zerrenda ez da motza. Ikastetxearentzat izango da haien piezak saldutalortzen den dirua. Bigarren Hezkuntzan eskaintza handitzen laguntzeko, zehazki. Hizkuntza artistikoa hizkuntza bultzatzearen alde.

Erakusketaren bi aurpegiak ezagutzen ditu Angela Morenok, eta eskutik doazela dio. San Fermin ikastolako gurasoa da bera, eta baita artista ere. Urteak daramatza Artea Oinez proiektuan parte hartzen, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. «Orain arteko aldi guztietan hartu izan dut parte, eta aurten kointzidentzia izan da; nire semearen ikastola arduratuko da Nafarroa Oinez antolatzeaz». Artistetako bat gehiago dela dio, eta, hain zuzen ere, erakusketa batez ere topagune dela azpimarratu du. «Aukera ederra da hau artistontzat euskara sustatzen laguntzeko, baina baita artistak elkartu ahal izateko ere. Bestela, ez da ekitaldi askorik izaten, eta aukera bikaina eskaintzen digu ikastolak urtero».

Eskulturak, margolanak eta argazkiak. Hizkuntza beraren alde ari dira guztiak, baina bere ikuspuntu propioa gehitzen dio artista bakoitzak bildumari, bere hizkuntza propioa. Maite Mutuberriaren jolas proposamena, Iñaki Bilbaoren errealismoa, Mikel Okiñenaren leuntasuna, Salazarren figurazio onirikoa, Basterretxearen abstrakzioa, Zumetaren kolore eztanda... «Gure sorkuntzaren erakusgarri da aberastasun hori», dio Morenok. Hala ere, piezen antolaketak erraztu egiten dio bisitariari lan mota batetik besterako jauzia.

Julio Martin-Caro artista (Iruñea, 1933-Madril, 1968) omendu nahi izan dute aurten erakusketaren antolatzaileek. «Sekulako indarra zuen haren lanak.Aitzindaria izan zen, eta oso lan garrantzitsua egin zuen, gazteegi hil bazen ere», azaldu du Morenok. «Nafarroan haren espresionismoak ez zuen lekurik. Hemen garai hartan ez zegoen haren obraren moduko ezer ere». Ezagunagoa izan zen kanpoan etxean baino, eta AEBetan eta Mexikon ere badira haren lanak, adibidez. Eta orain, baita Iruñean ere.

Bost artistaren lanekin bakoitzaren ehun grabatuko saila egin dute San Fermin ikastolako arduradunek. Morenok izan du lan horren ardura, eta «pisu handikoak» dira bost sortzaileen izenak: Jorge Oteiza, Xabier Morras, Juan Gorriti, Gentz del Valle eta Martin-Caro.

Erakusketa ibiltaria

Ikastola diruz laguntzeko gogoz dagoenak trukean zer edo zer jaso ahal izatea da grabatuen bitartez lortu nahi den helburua, Morenoren hitzetan. «Diru kopuru txiki baten truke, artista handi baten lana eskuratu ahal izateko aukera ematea». Bost grabatu horiekin abiatzen da Ziudadelako erakusketa. Multzoka bezala daude antolatuta gainontzeko piezak gero, lan solteak izan arren, ibilaldi moduko bat osatuz. Jose Angel Lasaren adar urdinez osatutako eskultura denen buru.

Oinez ibiliko da erakusketa bera ere. Martxoaren 19 arte egong da Iruñean; Donostian, berriz, ekainaren 7tik uztailaren 8ra arte izango da, Kutxaren Bulebarreko aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.